Zuzenbide arloko liburuz betetako pareta bat alde batean, bulegoko mahaia eta ordenagailua beste aldean, eta, tartean, bezeroekin elkartzeko mahaia. Hantxe eserita dago Elena Laka Muñoz (Eibar, 1966). Abokatua da, gaztetatik argi izan zuen hori, baina euskaltzalea izatea ere bada haren izaeraren parte. Pausoa emanda, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izan zen 2014tik 2019ra.
Beti izan duzu argi zuzenbidea zela zure bidea?
Bai, nahiko argi nuen hori. Orduko BBP eta UBI egiten ari nintzenean, gustatzen zitzaidan zuzenbidea; banekien letren bidetik joango nintzela, nahikoa zaletasun nuelako gaiaren inguruan. Litekeena da filmek ere bultzadatxo bat eman izana, gai horrekin lotura zuten filmak ikustea gustatzen baitzitzaidan. Argi dut familiak bultzatuta, behintzat, ez zela izan, familiako lehenengoa izan bainintzen unibertsitatean ikasten, nahiz eta gero nire anaiak nire bide berbera hartu zuen.
Erabakia argi zenuen, baina espero zenuen bezalako urteak izan ziren unibertsitatekoak?
Tira, uste dut inoiz ez direla izaten esperotakoak, baina oso urte politak izan ziren, asko disfrutatu nuen. Garai hartan langabetuen fabrika esaten zioten unibertsitateari, izugarrizko langabezia tasa baitzegoen, eta ikasketa luze bat aukeratzeak ez baitzuen gaur egun duen garrantzirik. Hala ere, ehunka lagun elkartu ginen gure graduan, barrakoietan banatuta; ikasi, zerbait ikasi nuen, noski, baina, batez ere, oso lagun onak egin nituen.
Ikasteaz gain, lanean ere aritu zinen urte haietan?
Unibertsitateko 3. mailara arte ikasketetan zentratu nintzen; 4. maila hasi behar nuenean, ordea, Donostiako Udalak itzultzaile postu bat atera zuela jakin nuen. Nik ez nuen ikasi itzulpengintza, baina zertxobait egina nuen noizbait; nire familia beti izan da oso euskalduna eta euskaltzalea, eta aurkeztu egin nintzen. Aurkeztu, eta lortu; bat-batean, zortzi orduko lanaldi batean ikusi nuen neure burua, 21 urterekin. Ikasketekin jarraitu nuen, baina klasera joan gabe.
Lanean ari zinen, baina lan hori egin nahi zenuen benetan?
Ez. Argi nuen tarte baterako ondo zetorkidala lan hura, baina nik ez nuen hor jarraitu nahi. Jende askok esaten zidan lan seguru eta ona nuela eta ez uzteko. Nik, ordea, ikasketak amaitu nituen, beharrezkoak ziren praktika juridikoak egin nituen, eta itzultzaile lana utzi nuen. Ez dira egongo lana uzten duten funtzionario asko; nik, ordea, ez nuen jarraitu nahi eta lau urtez lanean aritu eta gero, utzi egin nuen.
Hortik aurrera laneko beste etapa bat hasi zenuen, beraz.
Eibarrera itzuli nintzen, eta erabaki nuen ikasitakoa eta gustuko nuena nire lanbide bihurtu nahi nuela. Egungo egoeratik begiratuta, agian, nahiko erokeria handia izan zen, baina egin egin nuen: beste lankide batekin abokatu bulego bat ireki nuen. Gaztea nintzen, eta ez dakit zergatik baina ez nuen beste baten bulegoan sartzeko asmorik. Saiatzeko garaia zen, eta, ondo ateratzen bazen, aurrera egitekoa.
Nolakoak izan ziren zuen bulegoko lehen pausoak?
Toki bat topatu genuenean, txartelak banatu eta kontaktuak egitea izan zen lehen pausoa. Hala hasi ginen; lehenik, ezagunei banatu genizkien, eta, ondoren, zabaltzen hasi ginen pixkanaka. Ez zen erraza izan; lan asko egin genuen, eta, bat-batean, 30 urte igaro dira. Hasiera batean, kide batekin aritzen nintzen, eta urte batzuk geroago kidea aldatu nuen. Inoiz ez naiz bakarrik aritu, baina luzea eta gogorra izan da bidea. Borrokan aritu gara beti. Lehenik, bezeroak lortzeko; ondoren, bezero horiek erabat konbentzitzeko; epaitegiekin ere bai, langileekin, kontratuekin… Abokatu lana etengabeko borroka da, eta horretan jarraitzen dugu.
Nolakoak izan ziren abokatu gisa defendatu behar izan zenituen lehen kasuak?
Denetik izaten genuen. Gogoan dut lehen kasua, oso berezia izan zelako. Udalari egindako erantzukizun zibileko erreklamazio bat izan zen, eta irabazi egin genuen. Kontua da herritar batek bere aita Eibarko kanposantuko horma-hobi batean zuela. Hamar urte inguru zeramatzan han, eta egun batean, hilobia bisitatzera joan zenean, irekita topatu zuen; poltsa bat zegoen ondoan, giza hezurrez betea. Esan zioten ez zuela ordaindu eta hobia hustu egin behar zutela, baina ez zen hala; udalak egindako okerra izan zen, eta kalte ordain bat lortu genuen. Berezia eta bitxia izan zen, eta guretzat polita, lehen kasua irabazi genuelako.
30 urte pasatu dira jadanik pauso hori eman zenuenetik. Gaur egun nolako kasuak izaten dituzue, bereziki?
Batetik, alor zibiletik, familia eta oinordetza kasuak, kontratuak, erreklamazioak, lan istripuak eta antzekoak eramaten ditugu guk. Bestetik, zigor alorra ere lantzen dugu, delituena. Nire lankideak, gainera, atzerritarren kasuak ere lantzen ditu, paperak eta behar izaten dituzten erreklamazio eta laguntza guztiak.
Zuen lanbidea asko aldatuko zen urteotan guztiotan, ezta?
Bai. Bulegoak eta kideak aldatzeaz gain, dena aldatu da. Bulegoa saldu genuenean, bigarren eskuko Macintosh ordenagailu bat erosi genuen guk, eta 114.000 pezeta balio zituen [685 euro]. Eibarren beste inork ez zuen halakorik, eta horrekin egiten genuen lan guk. Geroago, datu baseak hasi zirenean, ni izan nintzen horiek erabiltzen hasi zen lehena, eta gauza bera gertatu zen Internetarekin ere. Moduak aldatu dira gehien; jakinarazpen guztiak ordenagailuz jasotzen ditugu orain, eta liburuak ez dira erabiltzen; bezeroekin, berriz, whatsappez asko hitz egiten dugu. Arazoak ere asko aldatu dira, eta baita egoerak ere; gu hasi ginenean, gurasoak banantzen zirenean, aitek haurrak hamabost egunean bi egunez bakarrik ikusten zituzten, eta orain ez da hala gertatzen.
Abokatua zara ofizioz, baina euskaltzaletasunak ere garrantzi handia du zure egunerokoan, ezta?
Bai, noski. Familia beti izan da oso euskaltzalea. Amak ez daki euskaraz, baina aitarekin beti hitz egin izan dut euskaraz. Hala ere, nahiz eta ez jakin, ama da euskara gehien defendatzen duenetako bat. Eskolan hasi behar nuenean, aitak argi zuen ni ikastolan hasiko nintzela eta hala egin nuen, 4 urterekin. Oso natural bizi izan ditut beti euskara, euskal kontzientzia eta euskaltzaletasuna.
Euskararekiko lotura estu horrek militantziara eraman zintuen?
Bai. Eibarrera itzuli nintzenean, aitak aipatu zidan talde txiki bat sortzen hasi zela eta biak batera hasi ginen militatzen. Hor hasi nuen nire bidea. Eta Kitto-n aritu nintzen gero, eta ondoren iritsi nintzen Euskaltzaleen Topagunera.
Hainbat alorretan aritu zinen lanean Euskaltzaleen Topagunean.
Hala da. Hasiera batean, beste militante bat nintzen; beranduxeago, zuzendaritza batzordera iritsi nintzen, eta sei edo zortzi urte inguru igaro nituen han. Hor tartean, lehendakari izatea eskaini zidaten; niretzat ez zen unerik egokiena, eta ezezkoa eman nuen. Baina 2014. urtean berriz eskaini zidaten lehendakari izateko, eta onartu egin nuen. Hasieran, ez nekien oso ondo zer egin behar nuen, baina martxa hartu genuenean urte horietan jauzi kualitatibo bat ematea lortu genuela uste dut.
Zein pauso eman zenituzten? Zein lorpen aipatuko zenituzke?
Topagunea zabaltzea lortu genuen; beste eragile guztiekin harremanetan jartzea eta elkarlan bat lortzea. Oso pauso garrantzitsua izan zen hori, izugarria izan zelako Euskal Herriko eragile asko elkarlanean jartzea, eragile horien guztien artean harreman ona izatea. Beharbada, euskara elkarteak ez genituen espero bezainbeste indartu, eta hori da niri gelditu zaidan gabezia edo arantzatxoa. Baina gauza asko lortu genituen, eta Euskaraldia izan zen horren gailurra, nolabait esatearren.
Nola bizi izan zenuen lehen Euskaraldia?
Izugarrizko ilusioa genuen, eta oso polita izan zen. 2017an hasi ginen lanean, eta lan asko egin genuen, Euskal Herri osora iritsi nahi genuelako. Oso polita izan zen euskararen inguruan hainbeste jende mugitzea. 2018an aurkeztu genuen Euskaraldia eta espero baino arrakasta handiagoa izan genuen. Herriak oso ondo erantzun zuen hasieratik, eta bi urtez behin egiten jarraitzen dugu oraindik.
Euskaraldia, beraz, ekitaldi berezia da zuretzat, ezta?
Bai. Hau ez da nik bakarrik egindako zerbait, inondik inora ere ez; baina horren parte izan naiz eta ederra da. Euskaraldiaren barnean saretu ginen erakundeak, eragileak eta Euskaltzaleen Topagunea, eta Euskal Herriarentzat eta euskararentzat garrantzitsua zen lan txukun hori egitea.
Nola uztartu zenituen abokatu lana eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari kargua?
Oso gogorra izan zen. Lan bat nuen nik, abokatu lana, nire lana. Baina ondo egin nahi nituen lehendakari lanak eta militantzia lan guztia ere. Muga batera iritsi nintzen azkenean; antsietate krisi batekin amaitu nuen 2019. urtea eta orduan erabaki nuen espero baino pixka bat lehenago uztea Topaguneko lehendakari kargua. Horrek ez du esan nahi militatzen jarraitzen ez dudanik, baina oso gogorra da lan hau, borrokan ibili behar izaten dugulako egun guztian. Askotan, gainera, etxera edo ametsetara eramaten dugu lana. Beraz, onena dena ondo antolatzea eta neure burua zaintzea zela ikusi nuen.