Udazkena bero hasi den arren, beso luzeko arropak janzteko egunak ere etorriko dira. Asko dira garaiotan inguruko basoetara joaten direnak perretxiko bila. Pasio eta afizio du Iro Landaluzek (Abadiño, 1960) jardun hori, eta kezka agertu du gaur egungo ustiaketa moduei buruz. Hark dioenez, perretxikotarako pazientzia eta isiltasuna behar dira, batez ere.
Noiz zaletu zinen zu perretxikoetara?
Betidanik izan naiz zaletua. Inoiz esan izan dut uste dudala perretxikoek sorgindu nindutela umetan, eta beti ibili naiz haien atzetik. Beti gustatu zaizkit. Asko interesatzen zait; bereziki, jakitea zergatik dauden hemen eta sasoi honetan.
Izan zenuen irakaslerik?
Neure kabuz ikasi nuen. Hasi nintzenean, orain dela 50 urte, apenas zegoen libururik. Perretxikotan hiruzpalau pertsona aritzen ziren, eta oso perretxiko mota gutxi hartzen ziren. Ni neure kontura zaletu naiz.
Baina mikologia ez duzu ikasi.
Mikologiari dagokionez ez daukat ikasketarik, baina asko irakurri dut nire kabuz. Niretzat, mikologo baten lana baino garrantzitsuagoa da haien habitataren inguruan jakitea. Biologoek egiten duten lana edo basozainena gehiago baloratzen dut.
Lur ona sortzea haz daitezen?
Hala da. Zer egin behar den perretxikoak haz daitezen. Basogintzan, adibidez, interesgarria zait jakitea zelan lortzen den haientzako habitat onena. Nire ahalegina beti izan da hori.
Urte osoan hazten dira?
Normalean, guk batzen ditugun perretxikoek klima baldintza jakin bat behar izaten dute: hezetasuna eta tenperatura jakin bat. Horiek beti egoten dira ondoen udagoienean. Baina udaberrian ere badago beste sasoi bat, uda hasiera aldera, baldintza horiek betetzen direna, eta perretxiko asko egoten da. Nik uste dut aurten udaberri amaiera hobea izan dela perretxikotarako, orain daukaguna baino.
Zer gertatzen da udazkenean?
Etortzen zaio jendeari perretxikoen halako kalentura moduko bat, eta mundu guztia joaten da bila; batez ere, boletusen atzetik.
Gomendioak eskatzen dizkizute oraindik ere?
Orain, gero eta gutxiago, baina sasoi batean jendeak esaten zidan zeren bila zihoan eta zer batu zuen. Ez hori bakarrik: euria egiten zuenean ere esaten zidaten garai ona zela hori, haziko zirelako perretxiko pila bat. Hori, nik uste, ospearen ordaina da; telebistan irteten bazara, hori daukazu.
ETB1eko 'Udazken loreak' saioan egin zinen ezagun, baina ez zara bakarrik telebistan aritu.
Hitzaldiak ere eman izan ditut, eta hori nire bizitzako gauzarik politena izan da. Neure jakintza eta neure usteak esan izan ditut aritu naizen hitzaldietan; perretxikotan aritzeko zer egin behar zen azaltzen nuen.
Dibulgazio lana gogoko duzu?
Bai; batez ere, basogintzaren ingurukoak: zer egin behar den perretxikoak irten daitezen. Nire denbora librea horretara dedikatzen saiatzen naiz orain ere, dena baitago ikertzeko basoan.
Zer ikertu behar da?
Nik eskolan ikasi nuen hiru lurralde daudela: mineralena, begetalena eta animaliena. Orain, baina, badakigu badagoela fungi-en erreinua ere: denetan konplikatuena da, eta hari buruz dakigu gutxien, gainera; batez ere, angloxasoiek eta estatubatuarrek ez dutelako sekula aintzat hartu. Perretxikozale gehienak beti izan dira Mediterraneo itsasora begira dauden herrietakoak. Atlantikora begira dauden herrietan, perretxikoa asko erabili da; besteak beste, euskaldunok erabili dugu. Horregatik uste dut nik ez dela egon inolako ikerketarik gaiaren inguruan.
Zer falta da?
Mikologia ondo egiten da, perretxikoa aztertzeko lana hartzen dute, baina kausa eta eragin mikologikoei buruz oraindik ez dago fundamentuzko ezer.
Ugaritu egin dira 'fungi'-ak merkatuan. Zer iruditzen zaizu?
Finlandiako andre mediku batena izan da irakurri dudan azken liburua. Esango nuke Espainian ari dela lanean, eta, orain merkatua aipatu duzula, haren lana mikrobiotari buruzkoa da. Hark dio batu eta jan egunero egin beharko genituzkeela. Egon badago orain merkatu bat ekialdetik datorren elikadura motan oinarritua, perretxikoen inguruan. Horiek denak zaprofitoak dira: usteletik irteten dira, ez dute zuhaitzik behar hazteko.
Hemengoak nolakoak dira?
Guk batzen ditugun perretxikoek zuhaitza eta basoa behar dute irteteko. Baina txanpiñoiak eta shiitakeak usteletik irteten dira. Hor badago merkatu bat elikatzeko. Esango dizut gehiago: konturatu naiz gero eta dieta osasungarri gehiagotan, orain jendeak egiten dituen horietan, denetan daudela perretxikoak sartuta. Sarritan, lar ere bai, nire usterako.
Biltzeko zer behar da?
Lehenengo eta behin, perretxikotan aritzeak eskatzen du lana eta pazientzia; gizarte honetan ez dago ez bata, ez bestea. Hau bizitza proiektu bat da, eta ez dakit zelan suspertu behar den, baina lana egin behar da.
Lur eremua ere urria da.
Lurrak esku gutxiagotan daude orain, eta hori ere beste arazo bat da. Landaketa eremua ez dago denen esku, eta, orduan, zailagoa da hura lantzea; argi dago. Nire ustez, administrazioak erru handia dauka horretan.
Aisialdirako baino gehiago, jendea kirolerako erabiltzen hasi da basoa. Nabaritu duzu aldaketarik?
Kirola naturaren aurkako azkenengo erasoa da; naturarekin lotutako kirol berriak, oro har. Azalduko dut: mendian arineketan egitea, hasteko, belaunak apurtzea da. Baina badaude naturarekin lotutako beste kirol batzuk: arroila jaitsiera eta leku berrietara sartzea, esaterako, eta naturaren aurkako eraso berriak dira. Milaka urtean inor egon ez den lekuetan, orain jende gehiegi dago.
Leku denetan dago jendea?
Joaten zara ez dakit nongo mendi edo basora, eta autokarabanaz beteta dago. Naturaren bihotzera zenbat eta jende gehiago joan, orduan eta okerrago. Oraindik ez dugu ulertu naturak ez gaituela behar, baizik eta guk behar dugula natura.
Kaltegarriak gara, orduan?
Espezie inbaditzaile bat gara, eta kaltegarriak gara. Argi eta garbi ikusi zen pandemian itxita egon ginenean nola hasi zen ingurua biziberritzen.
Zer da basoko bainua?
Lasaigarririk onena da. Basora joatean datza: bertan zaudela, begiratzen, usaintzen, entzuten eta, azken batean, sentitzen ikasten duzu basoa. Nire lasaigarririk handiena basora joatea da. Perretxikotara joan eta kontzentratua egotea, ez dago hori bezalako sendagairik. Horregatik uste dut orain zientifikoki frogatua dagoela eta hasi direla hori egiten, buelta bat eman eta lasaitzeko.
Basoan zoriontsua zara?
Ekialdeko esaldi bat bada esaten duena gizaki batek liburu bat idatzi, ume bat izan eta zuhaitz bat landatu behar duela bizitzan. Liburua idaztea izango da bizitzan ikasitako jakintzak oinordetzan uzteko. Umea edukitzea, bizitzak aurrera segitzeko. Baina zergatik zuhaitzarena?
Naturari eragindako kaltea konpontzeko edo?
Gu, Neolitotik hona, belaunalditik belaunaldira, basoak eta landak suntsitzen aritu gara. Horrela, ondare ekologiko gutxiago uzten ari gara datozenentzat, eta, horrela segituz gero, desagertu egingo gara. Zuhaitzarena serio hartu beharko luke jendeak.
Beste esaerarik erabiltzen duzu?
Zoriontsu izan nahi baduzu egun batez, mozkortu zaitez. Zoriontsu izan nahi baduzu urtebetez, ezkondu zaitez. Baina bizitza guztian izan nahi baduzu zoriontsu, landatu zuhaitz bat —gure kasuan, haritza izango litzateke—, eta ikusi zelan hazten den.
Perretxikotara joaten den jendeak ez du esaten nora doan. Zuk ere ezkutatzen duzu non hartzen dituzun?
Hori, txoko sekretuena, bestela ikusten dut nik: perretxikoek euren habiak eta irteteko toki bereziak dauzkate. Horien bila aritzen dira batzuk. Baina sekretua beste bat da: urte batzuetan irteten direla, eta beste batzuetan ez. Baliteke lau urtean ez irtetea eta beste urte batean dozenaka irtetea. Hau jakitea da garrantzitsuena: lekua barik, noiz irten behar duten. Hori da sekretua, niretzat.
Noiz da garai ona?
Batzuetan, ekaina; beste batzuetan, uztaila; beste batzuetan, iraila, hasiera zein bukaera… Ez da erraza kontrolatzea. Nik orain oso ondo asmatzen dut. Atzamarra jartzen dut egutegian, eta esaten dut: “Egun hauetan joan behar da perretxikotara”, eta asmatu egiten dut.
Aurten nolako uzta dago?
Nafarroan eta Gipuzkoan perretxiko asko egon da irailean. Bizkaian, gutxiago, nahiz eta hiruretan ilargia bera izen den. Badakizu zergatik?
Zergatik?
Ilargiak ez daukalako horretan zerikusirik. Hiruretan bera bada, eta Nafarroako eta Gipuzkoako basoetan perretxiko asko egon bada eta hemen, Bizkaikoetan, gutxi, beste zerbaitengatik da, derrigorrez. Egia da: Bizkaian perretxikoen habitata landuta egon den eta oraindik ere dagoen lekuak egon badaude. Horiek topatzea, egoera optimoak begiratzea eta nola zaindu ikertzea, norberak egin behar duen lana da. Nafarroan eta Gipuzkoan, Bizkaian baino hobeak izan dira klima baldintzak perretxikoak sortzeko, eta horregatik izan da halako agerraldia herrialde horietan, eta hemen ez.