Gaur amaituko da ETB1eko Go!azen telesailaren seigarren denboraldia, eta, telebistako emanaldiaren aurretik, proiekzio berezi bat egin zuten atzo, Seaskaren eskutik, Hendaiako (Lapurdi) Antoine Abbadie gelan. Bertan izan ziren telesaileko zenbait aktore. Donostiako Tabakaleran, 2deo laborategian, proiekzio berezi bat ere egingo dute gaur, 18:00etan.
Telesailaren azkeneko atalean ezusteko ugari izango dira. Korapilo dezente askatuko dira, gainera: Maddi ez da kikilduko Igorrek egindako mehatxuen aurrean, eta aitortuko du bien artean erabaki zutela zuzendariaren autoa lapurtzea. Igorrek, orduan, Maddi Matxalentsu txiseti bideo biralaren protagonista dela jakinaraziko du. Bestalde, Telmo kudeatzaileak galai gisa jokatuko du Desiren aurrean, itxura berriarekin. Erle batek zizta egingo dio Telmori, eta alergia eragingo dio. Dantza emanaldiaren azken entseguetan dabilela, Enekok aitaren bat-bateko bisita izango du. Enekoren eta Igorren arteko adiskidetasuna, bestetik, hautsi egingo da, Gaboren kartel bat dela eta.
Maria Redondo (Zuri) izan ezik, gainerako aktore gazte guztiak berriak izan dira denboraldi honetan. Mutil transexual bat eta neska musulman bat egon dira pertsonaien artean. Era berean, musika talde askoren abestien bertsioak entzun ahal izan dira.
ETB1en kuota bikoizten du
Nahiz eta aurreko denboraldietako aktore gazteak ez diren azaldu, telesailak eutsi egin die ikusle datuei: batez beste %3,9ko ikusle kuota bereganatu du, aurreko denboraldiaren pare. 4-12 urte arteko neska-mutikoen artean, berriz, %34,6koa izan da ikusle kuota —joan den ostiralean, %54koa—. Xabi Zabaleta telesaileko ekoizle eragilea «oso pozik» dago jasotako erantzunarekin: «Hainbeste aktore berrirekin, erronka zaila genuen aurretik. Pozik gaude emaitzekin. Datorren denboraldia prestatzen ari gara jada». Gainera, Zabaletak aitortu du ikusle datu okerragoen beldur zirela, «egin duen eguraldi onaren eraginez».
Gainera, Zabaletak nabarmendu du gailu eramangarrietarako Go!azen-en aplikazioak gorakada nabarmena izan duela: «Iazko denboraldian 28.000 erabiltzaile aktibo izan zituen aplikazioak, eta urtarrilean kopurua 32.500era igo da. Ea otsailean 33.000 lortzen ditugun».
Baiezta daitekeena da datorren udazkenean Euskal Herriko neska-mutikoek Go!azen-en atal berriak ikusteko aukera izango dutela.