1979an Bai Euskarari kanpainarekin bat eginda antolatu zuten lehenengo Lapurtarren Biltzarra. Antzinako Lapurdiko Biltzarrei omenaldia egitea zen asmoa, baina modu satiriko batean. Orduz geroztik, Lapurdiko eskualdeetako biztanleek orgak egiten dituzte, beren kezkak eta aldarrikapenak karriketan zabaltzeko. Formula berbera dute hastapenetik: umorearen bidez, herritarren indarra metatzen saiatzen dira.
Bihar, egun osoan izango da zertaz gozatua. 11:00etan izango da eguneko lehenengo ekitaldia: Lapurtarren desfilea. Karroek, urtero bezala, hainbat gai aldarrikatuko dituzte, eta, haiekin batera, erraldoiek ere herriko kaleak zeharkatuko dituzte.
Gero, 11:30ean, Maialen Arzallus eta Odei Barroso bertsolariek, musika eta bertsoa uztartuz, Bertso gitar emanaldia egingo dute. 16:00etan, saio bera ikusteko beste parada bat izango da.
12:30ean, aperitifaren txanda iritsiko da, herriko bi musika talderen eskutik: Mutxikoak txaranga eta Kli-k gaiteroak.
Helduekin batera, haurrek ere izango dute zer ospatua. 15:00etan, haientzat zirku animazioak egingo ditu Oreka konpainiak, eta, gainera, egun guztirako ekintzak antolatu dituzte, jolaserako aukera izan dezaten.
Arratsaldean, dantza ikuskizun bat egingo du Ertza konpainiak. 17:30ean izango da 4x4 izenez deitu duten emanaldia, eta kontzertuak etorriko dira jarraian:18:00etan, Cumbian Bero taldea; 19:15ean, Rockalean; eta, 21:15ean, Frikun. Antolatzaileen arabera, gaua iritsi arren, festak aurrera jarraituko du, «astelehenean lan egiten ez dutenentzat». DJ Xabi oholtzara igoko da 22:15ean, eta, haren ostean, after-a izango da.