Laponian irekitako elur bidea

Sei gipuzkoarrek eski zeharkaldi bat egin zuten Laponian, 1974an; 580 kilometro inguru egin zituzten hogei egun pasatxoan, baliabide gutxirekin eta ilusioz gainezka. Aitzindariak izan ziren, eta haiek egindako bidea oroitu dute 'Arrastoan' dokumentalean.

Laponian irekitako elur bidea.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
David Hernandezek ondo gordeta dauzka 1974kozeharkaldiko eski azpi-gorriak, bota beltzak eta lera berdea. Sami herrian lur hartu zuen duela 45 urte, beste bost lagunekin. Martxoa zen, elur garaia. Laponian 580 kilometroko zeharkaldia egitea zuten buruan. Elur oreinen migrazio bidea egiteko asmoz abiatu ziren, baina bidea moldatu behar izan zuten, Gerra Hotza tarteko. Haatik, arrastoa utzi zuten Europa iparraldeko elurretan. Bide hura gogoratu dute aurkeztu berri duten Arrastoan dokumentalean.

Hernandez izan zen zeharkaldiaren diseinatzailea. Bidelagun izan zituen Antxon Bandres, Jose Mari Rebollar, Mikel Zabala, Jose Luis Lekuona eta Alfredo Feliu. Espedizioko materiala ez ezik, oroitzapenak ere ondo gordeak ditu: «Frantzia erdialdeko mendigunean zeharkaldi bat egiteko asmoa genuen. Baina Europa erdialdeko aldizkari batekin egin genuen topo; suediar baten artikulu bat zetorren, Laponian egindako zeharkaldiei buruzkoa».

Suediarrarekin trukatutako gutunetatik jaio zen Gipuzcoanos al norte de Laponia (Gipuzkoarrak Laponia iparraldera) espedizioa. «Madrilen zegoen enbaxada suediarraren bidez lortu genuen haren helbidea. Gutun bidez komunikatzen ginen». Hala, ekialdetik mendebalderanzko ibilbidea marraztu zuten mapan: Finlandia iparraldeko Ivalo hirian hasi, eta Norvegiako Tromsora.

Laster aldatu ziren, ordea, sei lagunen asmoak: «Helsinkira iristean, enbaxada espainiarrera joateko esan ziguten. Han, esan ziguten Norvegiako enbaxadaren komunikatu bat jaso zutela; ezin genuen guk prestatutako ibilbidea egin». Hain zuzen, Gerra Hotzaren garaia zen, eta NATOren base bat zegoen handik gertu. Hasieran ez ezik, aurrerago ere izan zituzten gorabeherak; Kautokeinon, esaterako. Nordreisan bukatu zuten zeharkaldia azkenean.

Bide haiek berrituz

Gerra ez ezik, klima bera ere hotza da paraje haietan. «Hiruzpalau egunetan 32 gradu zero azpitik izan genituen. Gainerakoan, 6-7 gradu zero azpitik izaten ziren». Bertakoek «negu ona» aukeratu zutela esaten zieten, baina izotza eguneroko ogia izan zen: «Guztia izoztuta zegoen. Dendatik ateratzean, botak itsatsita egoten ziren; zuhaitzen aurka hausten genuen izotza, hankak sartzeko». Adierazi du ibilian hotzik ez zutela pasatzen halere.

Gosea ere eguneroko ogia zen. «Janari gutxi eraman genuen, eta gose latza pasatu genuen. Lata bat urdaiazpiko egosi generaman, 10 kilokoa. Harekin gisatua prestatzen genuen». Hura, txerri patea eta zopa; ez zuten aukera handirik. Hernandezek gogoratu du likena ere jan zuela.

Gosea irentsi, eta taldeak lerei tiraka egin zituen hiru aste. Elkarbizitza izan zen espedizioaren giltzarria. «Lehenengo egunean 100 metrora egiten genituen eginkariak; bigarrenean, hurbilago; eta hirugarrenean, elkarrekin». Sustoren bat izan zuten bidean: «Egun batean, taldeko bat uretara erori zen, izotza hautsita; atera egin behar izan genuen. Handik aurrera, batera ibili ginen».

Hain zuzen, taldeari esker egin ahal izan zuten zeharkaldia. Izan ere, baliabide gutxi zituzten gipuzkoarrek, eta Tximist espedizioa ere ordukoa zen. Eurena haren itzalean geratu zela azaldu du. Haatik, ukigarriak ez diren bitarteko batzuk zituzten: «Espedizio bat egiteko izen handia izan behar zenuen, eta erakunde baten babes ekonomikoa. Ni horren aurka nengoen; horiek gabe ere egin zitekeela frogatu genuen. Gogoarekin, ilusioarekin eta talde bat elkar babestuz».

Horri esker egin zuen espedizioa. Hernandezek gogoan iltzatuta ditu oraindik hango irudiak: «Paisaiak bete ninduen gehien: elurra, laku izoztuak... Oso monotonoa da, baina pertsona pentsakor batentzat ederra da». Irudi horiekin osatutako dokumental bat ere egin zuen; super 8 kamera batekin filmatu zuen zeharkaldia. «Urtarriletik irailera, astean hiruzpalau egunetan emanaldiak egin genituen: goizez eskoletan, eta arratsaldez klubetan». 10.000 lagun inguruk ikusi zuen. Jasotako diruarekin, Banco de Vizcayak bidaiarako emandako kreditua ordaindu zuten.

Ikusle haietako bat izan zen Josu Iztueta. «Dokumentala ikusi nuenean, 16 urte nituen; liluratuta geratu nintzen paisaiarekin. Ordura arte, Aralarren, Belaguan eta Pirinioetan zertxobait ibilia nintzen». Hamar urte geroago, joan zen Iztueta Laponiara, 1984an. Norvegia iparraldeko Neiden herritik abiatu eta Nordreisarako bidea egin zuten Angel Ortizek, Jon Miren Begiristainek, Dina Bilbaok eta Iztuetak.

Helburu andanarekin ekin zioten 500 kilometro pasatxoko zeharkaldiari: 1974koen antzeko ibilbide bat egitea, hango bizimodua, kultura eta hizkuntza gutxitua ezagutzea... Baina aurrekoek nola, haiek ere jasan zituzten Gerra Hotzaren ondorioak. «Finlandiara sartu ginenean, Polizia etorri zen, eta kartzelan sartu gintuzten». Bizpahiru egun eduki zituzten han. Oroitzapen onak ditu Iztuetak: «Bageneuzkan cateringa, dutxa, kafetegia... eta kanpoan 25 gradu zero azpitik zeuden».

Iztuetak-eta ere baliabide gutxi zituzten. «Ilusioarekin, sasoiarekin eta motibazioarekin gainditu genuen bitarteko falta». Alta, «kapritxoz» egindako bidaia izan zela esan du: «Badago jendea mendiak, basamortuak eta itsasoak zeharkatzen dituena bizitza hobe baten bila. Gu kapritxoz gabiltza».

Iztueta beste hainbat alditan ere izana da Sami herrian, negu zein uda. «Maitemindu egin nintzen Laponiarekin: baldintza gogorretan bizi den jendearekin, paisaiarekin, hizkuntza gutxituarekin...». Bizi izandakoa zabaltzea da haren ametsetako bat, baita ogibidea ere. Horretarako aukera eman dio aurrekoek elurretan irekitako bideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.