ATZEKOZ AURRERA. June Fernandez. Kazetaria

«Lantzeko dagoen ikasgai bat da kazetaritza despatriarkalizatzea»

Kazetaritza feministan egindako hamar urteko ibilbidea biltzen duen 'Abrir el melón' liburua argitaratu du Fernandezek. Feminismoaren barruan ireki diren eta irekitzeke dauden «meloiak» ditu hizpide.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Duela hamar urte, emakume gazte batzuek ez zuten askatasun handia sentitu hedabideetan, eta kazetaritza laborategi propio bat egitea erabaki zuten. Hala sortu zen Pikara Magazine. Urteurrena amatasunarekin batera iritsi zaio Pikara-ko sortzaile eta koordinatzaile izandako June Fernandez kazetariari (Bilbo, 1984). Bizitzaren zikloari zentzua emateko erritual gisa, urte hauetan argitaratuko erreportaje eta elkarrizketekin Abrir el melón (Meloia ireki) liburua ondu du. Kazetaritza feministaren ibilbide baten isla da liburua, Fernandezen arabera.

Zergatik erabaki zenuen liburua argitaratzea?

Pikara-ren sorreratik, askok esan izan digute gure artikuluak material didaktiko gisa erabiltzen dituztela, eta horregatik iruditu zitzaidan baliotsua izan zitekeela edozer esparrutan indarkeria matxistari, sexu aniztasunari zein kultura feministari buruz hausnartzeko. Bestetik, liburuaren helburua aurreiritziak eta dogmak puskatzea da; erakustea guri ere kontraesankorrak iruditzen zaizkigun kontzeptuak eta korronteak bateragarriak direla.

Adibidez?

Askotan oximoron iruditzen zaizkigun kontzeptuak bateratzen ditu liburuak; esaterako, posible dela reggaetonzalea eta feminista izatea.

Meloi asko ireki dituzu?

Feminismoak aspaldi ireki zuen meloia. 1970eko hamarkadako olatuak pertsonala politikoa zela aldarrikatu zuen, eta ordura arte pribatu bezala ikusten ziren gai anitz politizatu zituen: indarkeria matxista bikote esparruan, pornografia, sexualitatearen inguruko iruditeria. Pikara-k horrelako gaiak hartu eta publiko zabalago bati hurbildu dizkiola uste dugu. Gure asmoa, nolabait, burbuila feministatik harago joatea, eta feminismoan irekita zeuden meloiak ezagutaraztea izan da. Horregatik, saiatzen gara polemikoak eta deserosoak izan daitezkeen gaiak jorratzen, baita feminismoaren barruan ere .

Honako hau bada meloi bat irekitzea: gaur egun, mugimendu feminista ez da zerbait homogeneoa, korronte eta eztabaida asko daude. Nola ikusten duzu zuk egoera?

Ana Requena eldiario.es hedabideko kazetariak defendatzen du kazetaritza feminista egitea ez dela feministentzat kazetaritza egitea. Askotan esaten dugu feministentzat eredeserosoak izan nahi dugula, baina egia da niretzat zailagoa dela feministen kritikak eta presioak kudeatzea matxitroll delakoen erasoak kudeatzea baino. Kezkagarria iruditzen zait erasorik bortitzenak beren burua feministatzat duten emakumeek egitea, gaur egun sare sozialetan dagoen giro bortitzari lotuta.

Zer funtzio du Pikara-k egoera horretan?

Pikara aurkeztean, asmoa zen feministen arteko eztabaida bat eranstea. Lerro editorial zabala izan nahi genuen; prostituzioari dagokionez, adibidez, gure asmoa zen diskurtso abolizionistak, sexu langileen eskubideen aldeko borrokak eta diskurtsoak ikusaraztea. Baina oso polarizatuak dauden eztabaidak direnez, batzuek alde batean kokatu gaituzte, eta ez ditugu beste aldeko proposamenak jasotzen.

Nola kudeatzen duzue hori?

Pena bat da. Askotan, Pikara-k diskurtso jakin bati lehentasuna ematen diola nabaritzean, gure erronka izaten da azaltzea inertzia bat dela, eta ez apustu estrategiko bat. Inertzia hori aldatzeko ardura dugu, baina askotan ez da posible.

Hortaz, zer erronka ditu Pikara-k etorkizunean?

Argi dugu kazetaritza feminista egitea ez dela soilik gai jakin batzuk lantzea: gure egituretan eta prozesuetan despatriarkalizazio hori nola gauzatu landu behar da. Egun, erantzun gutxi eta galdera asko ditugu. Kazetari feministok lortu dugu hedabide nagusien agenda aldatzea, eta gai jakin batzuk sartzea, baina kazetaritzaren kultura da aldatu beharrekoa; lantzeko dagoen ikasgai bat da kazetaritza despatriarkalizatzea.

Meloietan handienetarikoa: kazetaritza feminista militantzia da?

Feministak garen kazetariok, neurri handi batean, gizartean eragin nahi dugulako gara kazetari, gizartean eraldaketa bat bultzatu nahi dugulako. Hori bada jarrera militante bat. Beste batzuek ere egiten dute militantzia, botereari babesa emateko eta statu quo-a ez aldatzeko.

Zertan desberdintzen da?

Kontua da neutroa dela esan diguten kazetaritza ez dugula militante bezala ikusten; bai, ordea, kazetaritza alternatiboa. Hor arazo bat dago, gure lana gutxiesteko erabiltzen delako. Badirudi kazetaritza militantea egitean gure kalitatea auzitan jartzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.