Nora Alberdi. Zuzendaria

«Lantaldearen garrantzia hobeto ulertzen dut orain»

EITBk eta Gazteak 'Daniel/a/' websaila sortu dute, narrazioak bide desberdinetatik eskaintzeko eta gai sozialak jorratzeko asmoz. Nora Alberdik zuzendu du.

NORA ALBERDI.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Nora Alberdik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1997) esperientzia du ikus-entzunezkoen munduan. Baina orain arteko erronkarik handiena oraintsu izan du, Daniel/a/ proiektuaren zuzendaritza lanetan ibili baita.

Nor da Daniel/a/, eta zer du kontatzeko?

Daniela Londresera hiru urterako alde egiten duen gaztea da, Daniel bezala itzultzen dena. Orduan, unibertsitateko bere lagun Ipar aurkitzen du, eta bien arteko pasadizoak abiatzen dira; halaber, Danielen aitaren rola ere azpimarragarria da, etxeko errealitatearen agerkari delako.

Gai aldetik, gazteentzako websail bat da, ala publiko zabalago batengana zabalduko zenuke hauspoa?

Ez dut uste gazteentzat soilik diseinatutakoa denik: genero nortasuna, etxeko arazoak, prekaritatea, onarpena eta klase soziala mugimenduan dauden kezkak dira: belaunaldi ugariri eragiten dieten eguneroko gaiak dira.

Zer izan da zuretzat proiektu berritzaile hau zuzentzeko ardura hartzea?

Fikziozko lehen lana dut, eta izugarri disfrutatu dut; hori bai, dena astebetean grabatu genuen, eta horrek sekuentzia grabaketa oso estresagarria izatea ekarri zuen, aurrekontu apalarekin, gainera.

Daniel/a/ transmedia proiektu bat da, hau da, euskarri desberdinetan eskaintzen da; zeintzuk dira formatuok?

Hasteko, sei ataleko telesaila dago; halaber, hiru aleko podcasta eta fikziora eraman dugun zuzeneko kontzertu errealadaude.

Narrazio bat transmedia formatuan eskaintzea moldatzen al zaio kontsumitzaileak bizi duen zapping aroari eta edukiak hainbat iturritatik jasotzeko egungo joerari?

Baiezkoan nago; esango nuke geroz eta telesail gutxiago ikusten ditugula telebistan. Horren ordez, esaterako, sareko plataformetako websailak eta podcastak kontsumitzen ditugu, eta, pertsonalki, uste dut badela garaia euskarazko edukiek ere egungo formatu berrietaraurratsa egiteko.

Esango zenuke lan honek bat egiten duela zure nortasunarekin eta kezka artistikoekin?

Guztiz. Niri ikus-entzunezkoen mundua betidanik gustatu izan zait, baina gehien ukitu nauena trans errealitate bat lantzea izan da. Protagonistak bizi dituen egoeretako asko nik neuk ere lehen pertsonan bizi izan ditut; horrek egitasmoarekiko nolabaiteko atxikimendua ernaldu zidan hasiera-hasieratik.

Zuzeneko kontzertu bat ere grabatu duzue, Laudion. Horren bidez, saioaren azken ataleko kontzertu bat errealitatera ekarri duzue, gero berriz ere fikziora eramateko. Zer konta zenezake grabazio horri buruz?

Istorioan, protagonistetako batek, Iparrek, musikaria izan nahi du, eta websailean ere kontzertu bat ematen du; beraz, emanaldi hori benetako ikusleen aurrean grabatu genuen. Niretzat, kontzertuak habitat oso bereziak dira, nire bizitzako esperientzia eztienetako asko kontzertuetan jazo dira ,eta, horregatik, kontu zinez polita izan da hori grabatzeko parada suertatu izana. Grabazioaren ostean, gainera, Sua taldeak ere kontzertua eman zuen, zati hori websailean agertuko ez den arren.

Zein irakaspen atera duzu websailaren ekoizpen prozesutik?

Sortzen jarraitu nahi dudala eta fikzioari beldurra galdu diodala. Bestalde, ikus-entzunezkoak sortzeko, pasioz eta elkarlanez funtzionatzen duen jendea ezagutu dut: sormena biziki maite duten langileak.

Nola aldatu da Daniel/a/-ren itsasoan murgildu zen Nora Alberdi hura, behin egitasmoa bukatuta?

Lantaldearen garrantzia hobeto ulertzen dut orain. Nigan sinistearen beharraz eta jende onez inguratzearen esanguraz jabetu naiz. Indarra hartu dut datozen lanei heldu eta sortzen segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.