La Marseillaise orroaz kantatzen ari ziren 16:30erako Baionako herriko etxeko plazan. Igande honetan izanen da Frantziako besta nazionala, baina bestazale batzuk lehenago hasi dira Frantzia ospatzen. Abuztuan Parisen iraganen diren Olinpiar Jokoak direla eta, Baionako Herriko Etxeak bestak aitzinatzea erabaki du aurten, segurtasunerako nahi zuen polizia kopurua izateko. Besten hastapen ekitaldia bera ere aitzinatu dute: 22:00etan izan beharrean 17:00etan eman diote hasiera bestari. Horregatik ez da jende gutiago bildu: mukuru bete da herriko etxeko plaza Leon erregearen iratzartzea ikusteko. Herriko etxeko teilatuan ezarritako frankotiratzaileen zaintzapean eta Aturri ibaitik botatako suzirien harrabotsarekin piztu da besta.
Iazko Baionako besten lehen egunean hil zuten Patrice Lanies: bere etxeko atarian pixa egiten ari zen gizon talde batek jipoitu zuen. Gertakari hura gogoratzeko, hitza hartu du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, eta egun hartako «hilketa koldarra» deitoratu. «Drama ikaragarri horrek mina eta ez-ulertze handia eragin zituen, eta oraindik ere sentitzen ditugu», adierazi du. «Baionako bestak gure ondare komuna dira. Balio indartsuen inguruan bildu gaitezen balio dute; horiek ziren Patrice Laniesen izaeraren bereizgarriak ere». Bere hiriaz eta Euskal Herriaz maitemindua zen baiones bat zela erran du auzapezak: «Gizon eskuzabala, gainerakoekin arretatsua, gainerakoak zaintzen zituena». Haren oroimena goretsi du, eta haren familiari babesa eta samurtasuna helarazi. Auzapezak hala eskatuta, minutu bateko txalo zaparrada eskaini diote Laniesi, bestazaleek «Patrice, Patrice» oihukatzen zuten bitartean. Julie Rouaultek emandako Hegoak kantuarekin bukatu dute omenaldia —horrela deitu ohi diote frantses anitzek Txoria txori kantuari—.
Laniesen hilketaren ondotik sortu zen Baiona 2032 kolektiboa, Baionako besten ereduari buruzko gogoeta pizteko. Laniesi egindako omenaldia eraso mota ororen biktimen omentzeko izatea nahi zuten; hau da, Lanies ez ezik bortxaketen eta eraso matxisten, homofoboen, transfoboen eta xenofoboen biktimak oroitzeko ere baliatzea. Kolektiboaren hitzetan, hori zen Lanies familiaren nahia ere. Azkenerako, ez da hala izan. Herriko Etxeak besten aurkezpenean erran zuen familiarekin adostutako testu bat irakurriko zutela balkoitik.
Elkarteak eta kirolariak
Ohi bezala, Baionako hainbat elkarte eta kirolari omentzeko baliatu dute besten hastapen ekitaldia herriko etxean. Errugbilariak lehenik: Federal 1 mailan irabazi duen ASBko neska taldea eta Frantziako txapelketa irabazi duten Aviron Bayonnaiseko kadeteak. Olinpiar Jokoetan izanen diren hainbat kirolari ere aipatu dituzte, hala nola Perle Bouge arraunlari paralinpikoa eta Sebastien Guerrero tiratzailea. Art Emotion, Source Iturria eta Point Accueil Jour elkarteak ere ohoratu dituzte.
Hauek izan dira bestak abiatzeko balkoitik hiriko giltzak botatzeko ohorea izan dutenak: Patrick Larrieu Baionako futbol taldeko atezain historikoa, Ingrid Amigorena ASBko neska taldeko kapitaina eta Patrick Bruel Frantziako kantari ezaguna.