ATZEKOZ AURRERA. Joxerra Bustillo. Kazetaria

«Langile porrotetatik ere ikasten da»

'Nuestro Mayo Rojo' liburua aurkeztuko dute gaur, Donostian, Joxerra Bustillok koordinatua. Euskal Herriko langile mugimendua aztertu du lanak. Porrotetatik ikasgaiak atera daitezkeela dio.

Iruñea
2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Joxerra Bustillo (Gordexola, Bizkaia, 1958) urte askoan kazetaritza lanetan aritua da. Egin egunkarian itxi zuten arte, lehenik, eta Gara-n, ondoren. Egun, Ipar-Hegoa Fundazioan ari da editore lanetan. Azogeak.com bloga ere idazten du 1986tik.

LABeko Ipar-Hegoa Fundazioak eta Txalaparta argitaletxeak egindako Nuestro Mayo Rojo. Aproximación a la historia del movimiento obrero vasco (1848-1990) liburua koordinatu duzu. Nolakoa izan zen maiatz gorri hori?

Fundazioan bazegoen kezka bat. Euskal Herriko langile mugimenduari buruz argitaratu diren lanak alderdikoiak direla, eta gehienek ez dute Euskal Herriko ikuspegi nazionala aintzat hartu, zazpi herrialdeak, alegia. Batzuetan, gainera, oso lokalak dira. Huts bat bazela ikusi genuen. Saiatu gara mugimendu guztiak biltzen eta ikuspegi nazionala ere uztartzen. Baina hau hurbilketa bat da. Langile mugimenduan asko gelditzen da sakontzeko eta aztertzeko, lan istripuak adibidez.

Euskal Herrian izan diren langile borroketan jarraitu beharreko eredu asko daudela diozue liburuan. Adibidez?

Ezkorra naiz. Euskal Herriko langile mugimenduen borroka gehienak porrotak izan dira. Horrela gertatu da mundu guztian, baina porrotetatik ere ikasgaiak atera daitezke, ikasten da.

Adibidez?

Bat aipatzearren, 1976ko Gasteizko langile borroka, Martxoaren 3koaren moduko gatazkak. Ezaguna da belaunaldi berrien artean, bost hildako egon zirelako. Baina borroka eredugarria izan zen ideologikoki ezberdinak ziren langileen artean batasuna gertatu zelako. Greba egin zuten enpresa gehienetako langileek lortu zituzten lan baldintzak asko hobetu ziren. Beraz, ez zen porrot bat izan, garaipena baizik. Garaipena bi zentzutan: batetik, belaunaldi berrientzat baliagarria den borroka eredu bat agerian utzi zutelako, eta, bestetik, enpresariek amore eman behar izan zutelako.

Baina hildakoak egon ziren. Garaipen gazi-gozoa izan zen.

Bai. Jendearen memorian hildako langileak gelditu dira, eta, batik bat, hori gogoratzen da, baina beste alde hori ere gogoratu behar da.

Langile borroka bezala, talde lana izan da liburua?

Argi utzi nahi nuke talde lana izan dela liburua. Jende askok parte hartu du. Sindikalista historiko askorekin mintzatu gara, ELAkoak, SOC (Euskal Langileen Elkartasuna)... Gordeta zegoen errealitate bat erakusten eta berreskuratzen saiatu gara. Liburua ezker abertzalearen ikuspegitik eginda dagoen arren, beste tradizio batzuk berreskuratu ditugu. Islatu dugu meategietako hasierako UGTren eta PSOEren ibilbidea, eta 60ko eta 70eko hamarkadetako mugimendu autonomoak. Saiatu gara guztiak biltzen.

Krisi garaiotan, liburuan biltzen diren borroka moldeak baliagarriak dira egun?

Beti bilatu behar dira borrokarako bide berriak. Langileak beti egon dira berrikuntzarako prest. Ez ducorpus kontserbadorea izan behar, berritzailea baizik. Apustu berriak egin behar ditu. Krisi garaian, batetik, langile mugimenduen atzeratze bat izaten da. Jende asko dago langabezian, eta langilea kaleratzeen beldur da. Baina, bestetik, hemendik urte batzuetara sindikatuak indartu eginen dira berriro ere, baina hori etorriko da sindikatuen transformazio batetik. Eredu berri baterantz aldaketa egin behar du. Formak baino gehiago, lehentasuna funtsak, oinarri ideologikoak izango du. Etorkizuna begiratzen duena, unean unekoa baino gehiago.

Epe laburrera ez begiratu?

Bai, aurrera begira lan egin. Euskal Herrian, gainera, arazo gehigarri bat dugu: afera nazionala. Hor sindikatuen arteko borroka basatia da. Aliantzak soilik gertatzen dira lantegi batzuetako borroka jakinetan, baina sindikatu bakoitzaren egituretan akordioak egiteko aukerarik ez dut ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.