Mark Scoutek (Adam Scott) lantalde bat zuzenduko du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude. Prozedura horrek langileen oroitzapen pertsonalak eta lanekoak bereizten ditu, eta bi nortasun desberdin sortuko ditu: bulegoko bertsioa (Innie) eta pertsonala bertsioa (Outie).
Premisa erakargarriaz harago, elementu guztiak ezin hobeto zainduak eta orekatuak daude: ekoizpen diseinua eta alderdi bisuala oro har txundigarriak dira. Departamentu bakoitza ekosistema propio bat izango da, eta bertan barne iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak gertatuko dira. Guztia oso aseptikoa da, txukuna, garbia, zuria, baina, era berean, jariatzen duen lurrina faltsukeriaz betea egongo da, eta oso artifiziala izango da. Ikuslea deseroso sentiarazten duen zerbait transmititzen du, aztoragarria da.
Showrunner-a Dan Erickson da; telesail honekin egin du debuta gidoilari eta produktoreak. Ben Stillerrek eta Nicky Weinstockek ekoitzi dute, eta Stillerrek, produktore exekutiboa izateaz gain, hainbat atal ere zuzendu ditu.
Denboraldi berriko alderdi aipagarrienetako bat pertsonaien psikologian sakontzea eta Lumon Industriesen unibertsoaren hedapena da. Istorioak aurrera egingo du, eta misterio geruzak etengabe agertuz joango dira. Sormen taldeak telesailaren ezaugarri den giro zapaltzaile eta enigmatikoari eustea lortuko du, eta tentsioa eta hausnarketa uztartzen dituzten atalak eskainiko dituzte.
Arrasto intrigagarriak
Narratiboki paregabea izaten jarraituko du. Atal bakoitzak ikuslea hausnartzera gonbidatuko duten arrasto intrigagarriak utziko ditu. Gidoi biraketak, berriz, ez dira inoiz behartuak sumatuko; nahasgarria bezain liluragarria den buru-hausgarri batean ezin hobeto txertatutako pieza gisa funtzionatuko dute.
Lehen kapitulutik, telesailak harrapatu egingo du ikuslea, erritmoa oso ongi neurtua baitago; nahiko geldoa da eta tentsioa oso astiro pilatuko da, presio eltze batean bezala, baina guztiak eztanda egingo du zeharo katigatzeraino.
Gai eta istorio original horiei, gainera, lehen mailako aktore zerrenda gehitu behar zaie: Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro eta Christopher Walken, besteak beste.
Bigarren denboraldiak narrazio unibertsoa modu eraginkorrean hedatzea lortuko du; intriga areagotu egingo da, eta pertsonaien dimentsio berriak esploratuko ditu ikusleak. Publikoaren artean denetariko iritziak sortuko baditu ere, ukaezina da azken urteotako telesailik berritzaile eta probokatzaileena izaten jarraituko duela.
Entretenitzeaz gain, galdera sakonak egingo ditu bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko orekari buruz, eta teknologiak gure bizitzan duen eraginari buruz. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia da.
fitxa
- Sortzailea. Dan Erickson.
- Herrialdea. AEBak.
- Aktoreak. Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro eta Christopher Walken.
- Urtea. 2022 - gaur egun.
- Non ikusi. Apple TV+.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Thrillerra, zientzia fikzioa, drama.