REDADEG BRETAINIAN

Lanean, munstro bihur ez dadin

Bi hilabete barru abiatuko dute Bretainiako Redadeg korrikaldia, Kemperren, eta berezia izango da, antolatzaileen arabera, bretoieraren aldeko egitasmoak hamar urte beteko baititu.

Edu Lartzanguren.
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Aurten, Bretainiako Redadeg lasterketak hamar urte beteko ditu. 2008an egin zuten lehena, eta hura antolatzen ibili zen Katelin Al Lann; gaur, lasterketaren zuzendaria da. «Oso azkar garatu zen Redadeg», esan du, «600 kilometrorekin hasi baikinen, eta 1.800 kilometrora heldu gara: asko da». Aurtengo lasterketa maiatzaren 4an hasiko da, Kemperren, eta maiatzaren 12an amaituko da, Plougernen.

Gaurko kezka nagusia «antolakuntza egonkortzea da», Al Lannen arabera. Izan ere, ez dute lasterketa bere burua jango duen munstro bihurtu nahi. «Dirua lortu nahi dugu Redadegen bidez, hizkuntza bultzatzeko egitasmoei laguntzeko, ez lasterketa bera elikatzeko. Ez dugu tranpa horretan erori nahi». Izan ere, Redadegen antolatzaileek proposamenak jasotzen dituzte, horietako batzuk aukeratzen dituzte, eta lasterketatik ateratako dirua horiei banatzen diete berehala. Aurten, esaterako, Naoneden (Nantes) bretoierazko irrati bat sortzeko egitasmoa bultzatu nahi dute, eskualde hori Bretainiarekin berriz bat egiteko eskatzen duen mugimenduaren barruan. «Oso garrantzitsua da, mugarria delako Nantesen bretoierazko irrati egitasmo bat onartzea». Kilometroa 250 euroan saltzen dute.

Hamargarren urteurrena ospatzeko, Al Lannek irteera eta amaiera «ikaragarriak» iragarri ditu. Maiatzaren 3an, hizkuntza minorizatuen inguruko mahai ingurua egingo dute Kemperren. Euskaldunak, irlandarrak, galestarrak... arituko dira hizketan. Itsas kulturarekin lotu dute hasierako jaialdia. Itsasontzi tradizionalak egongo dira Kemperreko kaian, eta, haietako batean, nabigazioarekin loturiko bretoierazko hitzen inguruko ikastaro bat egingo dute. «Gure itsas kultura berreskuratzeko modu bat da», esan du Al Lannek. «Zoritxarrez, bi urtetik behin bakarrik da».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.