Fitopatologoa

Amaia Ortiz Barredo: «Landareak sendatzea da fitopatologoon lana: haien medikuak gara»

Urteak eman ditu Amaia Ortiz Barredok fitopatologo gisa lanean, landareei erasaten dieten organismoak, izurriteak eta intsektuak aztertzen. Izurriteak albiste bihurtu diren garaiotan, «inoiz baino lan gehiago» daukatela esan du.

Amaia Ortiz Barredo, astelehen goizean, Arkautiko (Araba) Neiker ikerketa zentroan. UNAI ETXENAUSIA
Amaia Ortiz Barredo, astelehen goizean, Arkautiko (Araba) Neiker ikerketa zentroan. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
Arkauti
2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Doktoretza tesian azukre erremolatxaren gaixotasunak ikertu zituen, eta oraindik ere gordeak ditu bulegoan horretarako erabilitako lagin batzuk. Pasioak mugitzen du itzalekoa den lan bat egitera. Ez dauka oso ogibide ohikoa, fitopatologoa baita Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko landare ekoizpen eta babeserako saileko burua da, eta bizitza erdia eman du landareen gaixotasunak eta izurriteak aztertzen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak haren ibilbidea aitortu du, eta elkarteko bazkide izendatu berri dute. Gainera, Arabako patataren historiari buruzko ikerketa aurkeztu zuen izendapenaren egunean, Patata Araban: haren historiari eta idatzita ez dagoenari buruzko gainbegirada lanean.

Ezohiko terminoa da fitopatologia. Zer da fitopatologia?

Fitopatologia, orokorrean, oso gutxi ezagutzen den diziplina da; fitopatologo gutxi gara. Funtsean, landareak sendatzea da fitopatologoon lana: haien medikuak gara. Landareek ere gaixotasunak eta izurriteak pairatzen dituzte, eta guk aztertzen dugu zer gertatzen zaien; zer gaixotasun dituzten eta nola lagundu diezaiekegun sendatzen edo gaitzak kontrolatzen.

Estrategiak pentsatu beharko dituzue.

Landareei erasaten dieten organismoak, izurriteak eta intsektuak aztertzen ditugu fitopatologook, baita horiek kontrolatzeko estrategiak garatu ere. Nekazaritzan funtsezkoa da; gizakiak sortutako ekosistemak dira. Eta jakina da espezie bakar bat lur eremu handietan lantzen denean izurriteak errazago zabaltzen direla.

Zeintzuk dira estrategiak?

Asko daude. Lehenik eta behin, arazoa ondo aztertzen dug. Lehenik, landareei erasaten dien intsektua edo patogenoa identifikatzen da, eta, ondoren, kontrol metodoak diseinatzen dira: labore uztarriak egitea, makineria egokia erabiltzea, prebentzio neurriak hartzea, eta abar. Horiek denak nahikoak ez badira eta izurriteak galera ekonomikoak eragiten baditu, orduan fitosanitario bat erabil daiteke, baina beti zorrotz kontrolatuta.

«Fitosanitarioen helburua da landareak organismo kaltegarrietatik babestea»

Zer da fitosanitario bat?

Substantzia aktibo bat, edo gehiago, eta beste osagai batzuk dituzten nahasketa kimikoak dira. Fitosanitarioen helburua da landareak organismo kaltegarrietatik babestea.

Denborarekin, fitopatologiaren tresnak aldatuko ziren, baita lan egiteko ikuspegia ere.

Bai, asko. Orain inoiz baino lan handiagoa dugu, izurriteak hobeto ezagutu eta estrategia jasangarriak bilatu behar ditugulako. Gainera, fitosanitarioen toxikotasuna ere aztertzen dugu; produktu asko merkatutik kendu izan dira aztertu ondotik kaltegarriak direla ohartu garelako.

Nola eragiten die klima aldaketak landareen izurriteei eta gaixotasunei?

Azken hogei urteetan etengabe ugaritu dira izurriteak. Ikerketa batean ondorioztatu zuten Europan batez beste urtero hamalau izurrite berri agertzen direla. Horiek kontrolatzea eta ez hedatzea da gure lana.

Zer neurri hartzen dira?

Europak prebentzio politika zorrotz bat dauka. Europako Landareen Babeserako Erakundeak alerta sistemak eta kontrol neurriak ezartzen ditu. Gainera, lehentasunezko izurriteen katalogoak daude, hau da, Europan ezarri ez diren baina oso kaltegarriak izan daitezkeen izurriteen zerrendak.

Txikitan bazenuen interesik gai hauetan? 

Ezustekoa izan zen. 13 urte nituenean, ama traktore batekin izandako trafiko istripu batean hil zen. Aita nekazaria zen, patatak ereiten zituen, baina ez zuen nahi guk bere bideari jarraitzerik. Unibertsitatean zer ikasi aukeratzeko garaia iritsi zenean, Biologia ikasketak hautatu nituen, intsektuak eta natura gustuko nituelako. Leioan [Bizkaia] ikasi nuen, eta Mikrobiologian espezializatu nintzen gero.

Landa eta laborategia, erdibideko zerbait aukeratu zenuen.

Hala da, bai. Guztiok pozik horrela.

Eta, gero, fitopatologian aditu bihurtu zinen?

Unibertsitateko azken urtean praktikak egin nahi nituen, eta, kasualitatez, Arkautiko Nekazaritza Esperimentazio Zentrora [Araba] iritsi nintzen, gaur egungo Neikerrera. Hasieran esan zidaten ez zegoela biologoentzako tokirik, baina, gero, onartu ninduten landareetako birus eta bakterioekin lan egiten zuen talde batean. Ikasitakoa liluragarria iruditu zitzaidan, eta horretan jarraitu dut ordutik hona, hasierako pasio berarekin.

«Oso arazo larria daukagu. Neguak ez dira nahikoa hotzak intsektuak hil eta patogenoak ezabatzeko»

Zure doktoretza tesia azukre erremolatxaren gainekoa izan zen. Zer ikertu zenuen?

Bai, hiru birusek eragindako gaixotasun bat aztertu nuen; horrek sustraian zegoen azukre kantitatea murrizten zuen. Bederatzi urtez hainbat lekutan entseguak egin nituen, eta kontrol integratuko estrategia berritzaile bat garatu nuen. Lan horrek Espainiako sari nazional bat irabazi zuen, estrategia aitzindaria zelako.

Ikertzeko modua aldatu zenuen?

Lehen, arriskuaren aurreikuspen ereduak klimaren baldintzetan oinarritzen ziren. Baina praktikan ikusi genuen eredu horiek ez zutela behar bezala funtzionatzen, klima etengabe aldatzen ari baitzen. Urtero ezohiko gertakariak izaten genituen, eta gaur egun badakigu horiek klima aldaketaren ondorio direla. Horregatik, tresna ezberdinak konbinatzen dituen estrategia bat garatu nuen, ereduetan soilik oinarritu beharrean.

Nekazariek igarri dute negua ez dela hain hotza...

Oso arazo larria daukagu. Neguak ez dira nahikoa hotzak intsektuak hil eta patogenoak ezabatzeko, eta izurrite askok irautea eta azkarrago zabaltzea eragiten du horrek. Horregatik, aurreikuspen eredu zein estrategia berriak garatu behar ditugu egoera berri horri aurre egiteko.

Arraroa da arabar bat ez hastea patataren inguruko kontuak ikertzen...

Hasi nintzenean, patataren inguruko ikerketa gain behera zegoen. Eusko Jaurlaritzak, egoera hori ikusita, bi beka eskaini zituen erremolatxa ikertzeko, arreta handiagoa behar zuen laborantza baitzen. Hortik abiatu zen nire lan ildo nagusia. Hala ere, beti izan dut lotura patatarekin, eta nire ikerketa dibertsifikatu egin da denboran zehar, hainbat laborantza hartuz.

Orain bai, orain aztertu duzu patata. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide izendatu berri zaituzte. Izendapen ekitaldian, Patata Araban: haren historiari eta idatzita ez dagoenari buruzko gainbegirada lana aurkeztu zenuen.

Jose Buesa, nekazaritzako aditu nabarmena, XX. mendearen hasieran ohartu zen patatak kalitatea galtzen ari zirela eta nekazariak patata gutxiago jasotzen ari zirela izurrite eta gaixotasunen ondorioz. Arazo horren berri eman zuen, eta, Jose Maria Diaz de Mendibil Arabako Foru Aldundiko presidentearen laguntzarekin, patata aztertu eta osatzeko zentro bat sortzea bultzatu zuen. Horrek ekarri zuen Arabako patata  sortzea, gaur egun kalitate bikaina duelako ezaguna dena. Nire lana Buesaren memoriari eskainia dago; izan ere, patataren historiari buruzko dokumentu guztietan oharkabean pasatzen da haren ekarpena.

«Teknaliarekin elkarlanean, hainbat patente lortu ditugu, izurriteak eta gaixotasunak goiz detektatzea helburu dutenak»

Noiz hasi ziren arabarrei patatero esaten?

Horrekin guztiarekin du zerikusia. 1933tik aurrera, askoz ere modu serioagoan hasi ziren lantzen; goialdeetan, araudi bat bultzatu zen, eta Iturrieta ereiteko patata ekoizteko gune bihurtu zen. Patatero esaten digute, eta harro egoteko modukoa da.

Europako proiektuetan parte hartzen duzu. Zer motatako proiektuak dira?

Hainbat arlo lantzen dituzte. Adibidez, adimen artifiziala erabiltzen dugu gaixotasunak detektatzeko laboreetan; esaterako, zerealetan. Teknaliarekin elkarlanean, hainbat patente lortu ditugu, izurriteak eta gaixotasunak goiz detektatzea helburu dutenak. Teknologia aurreratu horiek arazoei aurre egiteko modua eraldatzen ari dira.

Beraz, adimen artifiziala funtsezkoa da zuentzat ere.

Fitopatologook dagoeneko erabiltzen dugu adimen artifiziala diagnostiko zehatzagoak egiteko eta tratamendu zehatzagoak ezartzeko. Teknologia berriek modua ematen digute eraginkortasun handiagoz aritzeko, laboreak jarraipen errealeko monitorizazioaren eta gaixotasunen iragartzearen bidez. Produktu kimikoen erabilera murriztu eta nekazaritzaren iraunkortasuna hobetu dezake horrek.

Ikerketan aritzeaz gain, baduzu loturarik baserriarekin edo tokiko nekazaritzarekin?

Ez naiz baratze lanetan aditua, baina ilobarekin lankidetzan aritzen naiz, berak interes handia baitu nekazaritzan. Pinedon [Gaubea, Araba] baserri txiki bat dugu, eta han hektarea batzuk lantzen ditugu. Horrez gain, uste dut tokiko ekoizpena funtsezkoa dela. Bertako eta produktu freskoen kontsumoa berreskuratu behar dugu, eta ez hainbeste kontsumitu urrutitik ekarritakoak.

Zer iritzi duzu nekazaritza intentsiboaren eta tokiko ekoizpenaren arteko lehiari buruz?

Ez dut uste bateragarriak ez direnik. Nekazaritza intentsiboa beharrezkoa da mundu mailako elikadura eskaerari erantzuteko, baina, aldi berean, tokiko ekoizpenak ere etorkizunean funtsezko zeregina izan behar du. Kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen dituzte bertako produktuak, eta hiri antolamendu politikek horrelako kontsumoa sustatu beharko lukete. Oreka bat aurkitu behar da, teknologia eta tokiko ekoizpena elkarrekin uztartuz, elikadura jasangarria eta eskuragarria bermatzeko.

«Ikuspegia aldatuz gero, eta, fruituen inperfekzio txikiak onartuz gero, produktu kimikoen beharra murriztu genezake»

Baina nekazari edo baserritar txikiek zailtasunak dituzte nekazaritza korporazio handiei konpetentzia egiteko...

Erronka nagusietako bat da kalitateari eustea. Kontsumitzaileek elikagai perfektuak eskatzen dituzte; adibidez, akatsik gabeko sagarrak edo itxura ezin hobea duten patatak. Eta hori ez da ekologikoa, ezta naturala ere. Gure elikagaien ikuspegia aldatuz gero, eta inperfekzio txikiak onartuz gero, produktu kimikoen beharra murriztu genezake. Kontsumitzaileok arduratsuagoak izan behar dugu, eta onartu naturak ematen diguna ez dela estetikoki perfektua.

Lurrarekiko lotura galdu du jendeak?

Bai, eta berreskuratu egin behar da.

Zalantzazkoa da etorkizuna?

Jasangarritasuna izango da gakoa; izan ere, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea sustatu behar da, hala nola ura eta lurra. Nekazaritza garatzen ari gara, hidroponia, agroboltaika eta adimen artifiziala erabiliz elikagaien ekoizpena optimizatzeko. Aldi berean, tokiko ekoizpena bultzatu behar da, eta, betiere ingurumena errespetatuz, elikadura erronkei aurre egin ahal izango diegu planetari kalterik egin gabe.

Hainbeste erronkarekin, lanez lepo egongo zara...

Agriboltaikarekin lotutako proiektuetan ari naiz lanean, elikagai ekoizpena eta energia berriztagarria uztartuz. Halaber, patataren eta antzeko produktuen biltegiratzea hobetzea interesatzen zait, haien kalitatea luzaroago mantentzeko. Bestalde, fitopatologiaren inguruko ezagutza hedatzea eta zabaltzea ere garrantzitsua iruditzen zait, bai baserritarrentzat, bai kontsumitzaileentzat. Ikusten duzunez, beti dago lana fitopatologoontzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.