ATZEKOZ AURRERA. Thomas Lacoste. Dokumentalgilea

«Lanak gatazka baten historia kontatzen du, baina barnetik»

'L'hypothèse démocratique' dokumentala muntatzen ari da Lacoste, eta euskal historiaren azken 80 urteak islatu ditu. Diru bilketa bat abiatu du 70 lagunek parte hartu duten lana obratzeko.

CLARA BORGEN.
Ainize Madariaga
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Thomas Lacostek (Bordele, Okzitania, 1972) euskaldunei «beraien historia» eskaini nahi die. 250 oren baino gehiago grabatu ditu 1930eko urteetatik gaur egun arteko tarteaz; bertzeak bertze, Gerry Adams, Gabi Mouesca, Koffi Annan, Pierre Joxe, Jean-Pierre Massias eta Christiane Etxaluzerekin. Horrekin, hiru formatu gauzatzeko ideia du: nazioarteko telebistetarako dokumental laburra eta zinemarako eta webgunerako bertsioak. Lehenak baizik ez du jaso diru laguntza «ahula»;bertze biek, deus ez. Horregatik abiatu berri du www.lhypothesedemocratique.org dirua biltzeko kanpaina, hiru proiektuak gauza daitezen.

Zerk ekarri zaitu euskal historia lantzera?

Gatazka armatuaren ordez soluzio politikoak bilatzen ari den herri horrekiko bi estatuen etengabeko bortizkeriak eta mespretxuak naute bultzatu mobilizatzera. Nola azaldu debekatzen dutela elkarte, egunkari, alderdi politiko edo edozein bizitasun demokratiko? Areago, nola esplika emantzipazio horren bultzatzaileak atxilotzen eta torturatzen dituztela? Galdera horiei eta beste askori erantzun nahi nien.

Lan hori engaiamendua ere bada.

Dena da engaiamendu. Dokumentalgileok gugan sinesten dutenen kontalariak gara. Boz berezi horien zaindari garen aldetik, baduthaiekiko ardura bat, bai eta hain estigmatizatua izan den herri horrekikoa ere. L'hypothèse démocratique proiektuak nahi du gatazka baten historia proposatu, baina bakanetan bezala, barnetik kontatua, bere eragileen ahotik. Horretan, ene arrotz estatutuak ahalbidetzen dit kanpoarekiko bitartekaritza egitea.

La paix maintenant film laburrak eta oraingo film luzeak partekatzen ote dute eduki bera?

Webgunean eskuragarri izanen da La paix maintenant 2017ko film laburra, baina bi proiektuak arras desberdinak dira. Lehena desarmatzea zalutzeko eta laguntzeko film militantea zen, bi estatuen astakeriaren parean. Alde horretatik, biziki ekumenikoa zen. Aldiz, L'hypothèse démocratique obrak historia idatzi dutenekin historian sakontzeko parada ematen du.

Zer konklusiora heldu zara?

Goizegi da, oraindik ere muntaketan ari baikara. Baina deigarri zaizkit mugagabeko bizitasuna eta ezin kontatuzko sormena. Zirraragarria zait prozesuan obratu duten lagun horien kuraia, buruargitasuna, pazientzia eta duintasuna.

Izen bakarra, hiru formatu.

L'hypothèse démocratique saiatuko da argitzen Euskal Herriko gatazkaren 80 urte. 70 elkarrizketa baino gehiagoko paleta bera da hiruentzako. Webgunean, elkarrizketa guziak zintzilikatuko ditugu: 1930eko urteetako gatazkatik gaur egunera arteko tartea biltzen du. Film luzeak zinemako gelak eta publiko zabala ditu xede, eta 1960ko urteetatik honako garaia besarkatuko du. Azkenak nazioarteko telebistak ditu jomugan; 2009tik honako tartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.