Lana gogotik, lana gogoan

Larunbatean, Ezka ibaian behera jaitsiko dira almadiak berriz ere, Burgiko Almadien Egunean. Lanbide zaharrei dieten errespetuaren adierazgarri da besta hori. Herrian lanbide zaharren ibilbidea prestatu zuten herritarrek auzolanean, almadien ez ezik galdutako beste ofizio batzuen oroitzapena gordetzeko.

Lana gogotik, lana gogoan.
Iker Tubia.
Burgi
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun

Isilik dago Burgi (Nafarroa). Harrizko karriketan lasaitasuna da nagusi. Ibaiaren hotsa da isiltasuna hausten duen bakarra. Ezka ibaia da, herritik pasatzen dena. Haren gainean, Erdi Aroko harrizko zubia. Isilik daude zurginaren zerra, karobiko suaren txinpartak eta elur zuloko txirrikaren kirrinka ere. Menderik mende herriaren parte izandako soinu horiek gorde nahi izan dituzte burgiarrek lanbide zaharren ibilbidean.

Urtean egun batez gogoratzen dute burgiarrek herriaren nortasunari hertsiki loturiko lanbide bat: almadiazainena. Larunbatean ospatuko dute Almadien Eguna, eta berriz ere almadiak Ezka ibaian behera jaitsiko dira, herrira ailegatu arte. Latsariak ere gogoan izanen dituzte, ibaian jantziak garbitzera aterako baitira, garai batean bezala. Lanbideen herria. Hala dio Burgiko sarrerako kartelak. Lana gogotik egin duen herri bat baita, eta lana oraindik gogoan atxiki dute. Edozein egunetan bisitatu liteke lanbideen ibilbidea, ez baita museo bat. Kalean dago, une oro ikusgai. Auzolanean egindako erakusketa.


Erdi Aroko zubia nola egin zuten eta harginaren lana nolakoa zen azaltzen du lanbideen ibilbidean dauden paneletako batek. IDOIA ZABALETA / FOKU

Proiektu horretan lanean aritu zen Fernando Hualde. Almadiazainen ofizioa aski ongi landua eta gordea zuten; beraz, beste lanbideei heldu zieten. Elur zulo bat berregiteko ideiarekin abiatu zen auzolan erraldoia, eta, azkenean, hamabost urte iraun zuen. Banaka-banaka berreraiki zituzten elur zuloa, karobia, ogi labea, txondorra eta zerratokia.

«Mendez mende gure historiaren parte izan dira lanbide horiek, eta, bat-batean, XX. mende erdian desagertu ziren. Ikuspegi etnografiko, kultural eta identitario batetik, interesatzen zaigu horiek bildu, zaindu eta gordetzea», azaldu du Hualdek. «Bestalde, horretan lan egin duten azkenengo pertsonak ezagutu ditugu, eta haien bidez lortu dugu hau modu zuzenean egitea. Hau hor geratuko da ondorengoentzat». Izan ere, belaunaldi berriek ez dute ezagutzen latsungilearen edo ikazkinaren ofizioa.


Almadia handi bat ikus daiteke zubia igaro bezain pronto. IDOIA ZABALETA / FOKU

Gazte horietako bat da Ainhoa Elizalde burgiarra. Herriko jardueretan parte hartzen du, eta Zangozako (Nafarroa) turismo bulegoan egiten du lan. Esan duenez, auzolanetan batez ere jende heldua aritu bada ere, orain, gazte belaunaldi berri bat hasi da lanbide zaharretarako zaletasuna erakusten, eta horren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzen.

Ibilbidea auzolanean prestatu zela goraipatu du Elizaldek: «Sekulakoa izan da auzolan handi hau egitea. Larunbatero-larunbatero, herrikoak elkartu dira hamabost urtez». Turismo eskaintza ona dela ere esan du, jende asko erakartzen duela. «Iristeko erraza da; ibilbidea ez da zaila; etnologia aldetik, oso interesgarria, eta paisaiari dagokionez, arroilara bideratzen zaitu, natura erreserbara». Irisgarritasun unibertsala du ibilbideak: «Ez genuen inolako mugarik egoterik nahi», azaldu du Hualdek.


Ogi labea eta txondorra, lanbideen ibilbidean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Erdi Aroko zubia zeharkatuta hasten da herriko lanbide zaharretan barrena murgiltzeko bidea. Zubia mende honetan zaharberritu zuten, baina aurretik izan ditu aldaketak, hala ere. Erdi Aroko zubiak simetrikoak izaten dira, baina ez da halakoa Burgikoa. Beraz, puska bat falta du, ondoren egindako aldaketen eraginez. Harginaren lanbidea azaltzen du zubiaren inguruan dagoen panelak, baita zubi bat nola egiten zen. «Zubiak nola egiten ziren ez zen jakina, gaur egun Coca-Colaren formularekin gertatzen den bezala. Erromatarren boterea harrizko zubi bat egitean zegoen. Pentsa, oraindik ere erromatarren agintari gorenari Pontifex Maximus deitzen diogu», azaldu du Hualdek.


Erdi Aroko elur zuloa berrosatu dute auzolanean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Guzien lanbideak

Zubia eraikitzen zen tokian berean jo eta lantzen zuten harria, horregatik paratu dute hor informazioa. Zubiaren inguruan bazen beste lanbide bat: latsariena. Han garbitzen zituzten jantziak eta maindireak. «Berreskuratu ziren guziak gizonen ofizioak izan dira. Duela bost urte, emakumeak hasi ginen gure tokia aldarrikatzen: latsariena. Batzuek ez dute ofiziotzat, baina hori gure lanetako bat izan zen», esan du Elizaldek. Ez da bakarra: herri barnean espartina egileen ofizioa gogoratzen duen panela ere badago.

Ibaiari loturik dago, nola ez, almadiazainaren lana, eta horiek ere badute tokia ibilbidean. Almadia bat dago ikusgai, eta almadiazainen omenezko oroitarria. Bidean aurrera eginez gero, ibaiaren hotsa desagertzearekin batera ageri dira ogi labea eta ikazkinaren txondorra. Okinaren ofizioa ez da galdu Burgin, ogia egur labean egiten baitute oraindik ere. Are, ibilbideko labea ere erabiltzen dute tarteka, beharrezko dutenean. Ikaztobia, erditik mozturik dago, barneko egitura ongi erakusteko.



Arroilarako bidea hartuta ikus daitezke elur zuloa eta karobia. Artxiboetako informazioari eta beste toki batzuetako ereduei jarraikiz berreraiki zituzten biak. Karobia arroilaren atarian dago, paisaia ederrez inguraturik, ibaiaren ertzean. Elur zuloa kanpotik ikus liteke, eta estaltzen duen estruktura ere Erdi Aroan zuenaren berdina dela azaldu du Hualdek. Zerratokia beste aldean dago, zubia pasatu eta ezkerretara. Zangozara eraman zuten, eta Nafarroako eraikin garrantzitsuak zaharberritzeko erabili zuten. Zaharkiturik gelditu zenean itzuli zioten Burgiko herriari. Herrian daude beste bi panelak: artzainarena eta apezpikuarena.

Ez dira horiek Burgiko lanbide zahar bakarrak. Hualdek azaldu du zein diren egiteke geratu zaizkienak: «Teileria badakigu non zegoen, eta errepide hasieran badugu bike labe bat. Bestetik, koilara egileen leizean panela jarri genezake». Oraingoz ez dira horretan ari, baina galdutako lanak gordetzen bada lanik Burgin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.