Lana gizarteratuz

Gureak elkarteak lau hamarkada daramatza Gipuzkoan ezintasunak dituzten langileak laneratzen. Emandako aukeragatik eskertuta daude langileak, eta uste dute gehiago ezagutu beharko litzatekeela bertan egiten den lana.

Ramon Toledok posta zerbitzuan egiten du lan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ni, berez, harakina nintzen. Baina duela hamar urte, lesio bat izan nuen bizkarrezurrean. Ebakuntza egin zidaten, baina ez zen ondo atera. Ezin nuen nire lanbidera itzuli. Une zailak izan nituen. Azkenean, Gureak-ek eman zidan lan egiteko aukera, eta beti egongo naiz eskertuta». Ramon Toledoren hitzak dira, Gureak taldeak egun dituen 4.800 langileetako batenak. Esker onez mintzo dira Juana Maria Armenteros eta Nagore Frutos ere. Urte batzuk badaramatzate hirurek bertan lanean, baina lehen egunean lanera doan langilearen ilusioarekin mintzo dira beren egitekoaz. Lau hamarkadatan Gipuzkoan pertsona ezinduak laneratzeko egindako ahaleginaren ilusioa da hori.

Hitzetan ez ezik, Gureak-ek Donostian duen egoitza nagusikolan erritmoan ere nabari da ilusio hori. Tailerrean, kafetegian, posta zerbitzuan... Lanak ez du etenik, eta jendearen joan-etorria etengabea da. Ez bakarrik han, asko baitira egoitza nagusitik kanpo Gureak-en izenean beste enpresa batzuei zerbitzua ematen ari diren langileak.

Posta zerbitzuan egiten du lan Toledok. Zortzi urte daramatza Gureak-en. Eskutitzak eta agiri zertifikatuak jaso eta behar bezala antolatzea eta kudeatzea da haren lana, ondoren banatzaileek banatzeko. «Zati bat Correosen bidez kudeatzen da, baina, oro har, guk egiten dugu banaketa». Egun hauetan lan handia dute, hauteskundeak direla eta. «Donostiako hauteskunde mahaiak antolatzeko ziurtagirien erregistroa, adibidez, guk daramagu; baita hainbat propaganda banaketa ere. Beraz, batez ere banatzaileak iritsi ezinda dabiltza». Dena den, oro har, lan erritmoa ez da hain betea izaten. «Alderantziz. Nik, lehen, gasolindegi zerbitzuan egiten nuen lan, eta han okerragoak ziren ordutegiak. Asteburuetan ere lan egin behar izaten genuen. Beraz, eskertuta nago aldaketagatik. Seme-alabek askotan esaten zidaten noiz utziko nion asteburuetan lan egiteari». Orain, 06:00etatik 14:00etara egiten du lan. «Eguerdirako prest dugu dena, furgonetak Gipuzkoan ditugun banaketa guneetara eramateko».

Juana Armenterosek zazpi urte daramatza lanean bertan. Askotariko lanak egin ditu Gureak-en bidez. Orain, hasieran moduan, tailerrean ari da. «Batez ere bertan aritu izan naiz lanean, baina zerbitzari lanak ere egin izan ditut». Ileak kentzeko makinak, gas kontagailuak eta esnea berotzeko makinak egiten aritu izan da tailerrean. Orain, berriz, autoentzako kableak egiten dihardu. «Nahiko lan mekanikoa da, baina giro ona dugu, eta eramangarriagoa da horrela. Gainera, beti dago zeregina. Beraz, ezin naiz kexatu».

Garbiketa zerbitzuan dago, berriz, Nagore Frutos. Hain zuzen ere, Matia fundazioak adinekoentzat Donostian duen Bermingham egoitza garbitzen. Dena den, Toledoren antzera, oso bestelako lan bat egiten hasi zen Gureaken: «Lasarte-Oriako tailerrean aritu nintzen, sukaldeetarako aginteak egiten, Fagorrentzat. Oso pozik nengoen. Pena handia izan zen Fagorrekin gertatutakoa. Baina, gutxienez, beste leku batean lan egiteko aukera eman zidaten, eta, gauzak dauden bezala, zorte handia da hori».

Orain, gustura dago adinekoen zentroan. «Adinekoak oso atseginak dira; bilobak bezala tratatzen gaituzte». Lanaldi zatitua dute. «Goizean, eguneroko garbiketak egiten ditugu, eta arratsaldean, zehatzagoak, edo egunero egiten ez direnak».

Hain zuzen ere, Gureak-ek langileak batetik bestera mugitzeko egiten duen apustua nabarmendu dute hirurek. «Beste enpresa batzuetan, lanpostu jakin batean jarri, eta ez zaituzte mugitzen. Baina hemen ez, eta hori motibazio bat da. Are gehiago gu bezalako langile batzuentzat. Izan ere, batzuetan pentsatzen duzu daukazun arazo fisikoarekin ez zaituela inork kontratatuko. Hemen, ordea, konfiantza osoa ematen dizute». Horrek, gainera, beste bide batzuk ireki diezazkiekeela nabarmendu du Armenterosek. «Denetik ikasten dugu, eta, lan egiteko izan ditzakegun mugak kontuan hartuta, hori oso inportantea da».

Prestakuntza ere bai

Konfiantza ez ezik, prestakuntza ere ematen diete. «Niri, adibidez, gaitasun soziolaboralen inguruan egindako ikastaro baten ostean proposatu zidaten oraingo lana. Bermingham egoitzan bertan egin nituen praktikak, eta hango arduradunak jarraitzea eskaini zidan. Orain ere teknologia ikastaro bat egiten ari naiz». Toledo, berriz, gasolindegietan lanean ari zenean, Madrilen izan zen, Repsoleko egoitzan praktikak egiten.

Alde horretatik, «oso ontzat» jotzen dute 40 urte hauetan Gureak-ek Gipuzkoan egindako lana. «Sozialki eta ekonomikoki egiten duen lana oso handia da, eta ezinduon laneratzeari leiho bat zabaldu dio», uste du Armenterosek. Jende askorentzat, dena den, oraindik ezezaguna da lan hori. Hori gertatu zitzaion Toledori: «Nik entzuna nuen zer lan egiten zuten, baina ez nuen uste hainbeste jendek egingo zuenik lan bertan. Hona iristean konturatzen zara horretaz, eta zein balio duen ekonomikoki eta sozialki bertan egiten den lanak. Gainera, balio hori handiagoa da kontuan hartuta duela 40 urte hasi zirela, ezinduen laneratzeaz apenas hitz egiten zenean». Gipuzkoan laneratzearen alorrean dagoen eragile nagusietako bat da Gureak. Frutosentzat, «ona litzateke gizarteak hori gehiago ezagutzea eta ikustea».

Enpresak, gainera, hasierako apustuari eutsi izana eskertu dute hiru langileek. «Krisi garaietan, ez da erraza horrelako enpresa batek aurrera egitea, baina egoera zailak gainditzea lortu dugu. Bide berriak zabaltzen ari da enpresa. Horren adibide argiena da jarri berri duten kafetegian dagoeneko hasi direla langileak trebatzen».

Gainera, enpresa eta erakunde publikoen konpromisoa ere ikusten dute. «Gure sektorean, adibidez, ari dira lehiaketetara aurkezten, eta hori oso garrantzitsua da», azaldu du Toledok. Halaber, lan bolumena gora doala nabarmendu du. «Correos prezioak igotzen ari den heinean, gero eta enpresa gehiagok egiten dute gure alde. Hori ona da guretzat, beste negozio esparru bat zabaltzen baita».

Dena den, onartu dute krisiak ere eragin diela. «Niretzat, oso gogorra izan zen Fagorren itxiera, Espero dugu Fagorren kudeatzaile berriek gure alde apustu egitea», esan du Frutosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.