ATZEKOZ AURRERA

Lana alaitasunez gizarteratu

Bizipozaren jaia ospatu dute Errenterian. Han, Bizipoza elkartea osatzen duten 33 taldeek urte osoan egindako lana ezagutzera eman dute, haurrentzako egitarau oparoa eskainita.

Haur bat, tailerretako batean egindako mural koloretsu bati begira, atzo Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Errenteria
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Puzgarriak, tailerrak, txarangak, trikitilariak... Denetik izan zen atzo Errenterian (Gipuzkoa) ospatu zuten Bizipoza elkartearen jaian. Bizipoza osatzen duten 33 taldeek hartu zuten parte, eta familia andana bildu zen Gipuzkoako hirian.

Bizipozaren jaiaren helburua da hura osatzen duten elkarteen lana gizarteratzea. Jaialdi honetan, Juneren Hegoak eta Mindara elkarteek hartu dute parte festaren antolaketan; izan ere, Errenteriakoak dira bi elkarteak. Egitarau oparoa osatu dute, bereziki bertaratzen diren haurrek gozatzeko. Goizean goizetik, piko-piko jolasak egin zituzten Irrien Lagunekin. Denbora pasatu ahala, familia ugari bildu ziren Errenteriara. Jolas horietan, parte hartzaileek hainbat proba egin behar izan zituzten Bizipoza elkartea osatutako taldeek Zumardian jarritako guneetan. Gune horiek goizeko hamarretatik arratsaldera arte izan ziren bertan, eta haur eta gurasoek aukera bikaina izan zuten horietako bakoitzaren lana ezagutzeko. Han zeuden, esaterako, Juneren Hegoak elkarteko kideak. Alazne Mendikute kidearen arabera, halako jaiak «ezinbestekoak dira» egiten duten lana gizarteratzeko eta kaleratzeko».

Eguerdian, Irria Gunean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izan zen. Bat-batean, gainerako guneak hutsik gelditu ziren, bertaratutako haur gehien-gehienak pailazoak ikustera joan baitziren. Adi-adi zeuden umeak, liluratuta, baina animatuta ere bai, eta haien kanta eta dantzekin bat egin zuten. Mindara elkarteko Juan Luis Asensio bertan zen, baina izan zuen denbora Mindara elkartearen berri emateko: «Gure helburua da aniztasun funtzionala duten pertsonak artatzea». Kirola, aisialdia eta formakuntza dira haien lan ildo nagusiak, eta, haurrekin ez ezik, gazte eta helduekin ere egiten dute lan. «Heldu gehienak esku pilotan ibiltzen dira; gazteak, berriz, mahai tenisean, igeriketan, edota futbolean».

Bazkalondoan, Go!azen telesaileko aktoreak izan ziren Irrien gunean, han zeuden haurrekin nahi beste argazki ateratzeko prest. Haien idoloak iritsi bitartean, baina, umeek ez zuten aspertzeko aukerarik izan. Egun osoan danborradak, txarangak eta trikitilariak ibili ziren guneetan zehar.Chrysallis Euskal Herria elkartearen gunearen paretik igaro ziren erraldoi eta buruhandiak. Chrysallis haur eta gazte transexualen elkartea da, eta, Luar Agirre kidearen arabera, oso garrantzitsua da haientzako gisa horretako jaietan parte hartzea: «Hemen gaude, jendeak ikusten gaitu eta ezagutu egiten gaitu. Hemendik aurrera, jakingo dute transexualitatea existitzen dela».

Une hartan, haur bat hurbildu zen Txernobylen Lagunak elkartearen gunera. Bertan, bi neska gazte Ukrainako banderatxoak oparitzen ari ziren, eskuz eginak. Mutikoak bat hartu zuen, eta saltoka urrundu zen, pozik. Elkarte horrek, udan, haurrak ekartzen ditu Txernobyletik (Ukraina). «Kutsadura handiko eremu batean bizi dira, eta horrek eragiten du haien sistema immunologikoa behar baino ahulagoa izatea», adierazi zuen Koruko Burutaran elkarteko kideak. Etxetik urrun igarotzen dituzten bi hilabeteetan, haurrak osatu egiten dira.

Go!azen-eko aktoreekin bizitako zirrararen ostean, umeek ez zuten deskantsatzeko astirik izan, Irrien Lagunekin parrandan joan baitziren. Jarraian izango zen txokolate janera arte itxaron behar. Finean, familia askok aukera izan zuen inguruan dituzten elkarte askoren lana ezagutu eta, nahi izanez gero, horietako kide bihurtu eta laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.