Gatazken konponbidean lanean dabil aspalditik Gorka Espiau (Bilbo, 1972). Dokumentalgintzara eraman ditu azkenaldian bere ahaleginak.
Pluja seca egin ostean, noiz, zergatik eta nola erabaki zenuen Parlen els ulls dokumentala egitea?
TV3ekoek oso ona iruditu zitzaien Pluja Seca dokumentala, eta gonbidatu ninduten beste proposamen bat egitera. Garai hartan, pentsatzen nuen Aieten gertatutakoari buruz hausnarketa sakon bat egitea funtsezkoa zela. ETAren erabakia kontatzeko hainbat era azalaratzen ari ziren, baina haien artean elkarrizketarik ez. Kontakizun horien arteko elkarrizeta publikoa behar zen, osagarriak diren egiak plazaratzeko.
Zaila izan al zen ETAren indarkeriaren biktimak (Rosa Rodero eta Javier Asla) eta ETAko kide izandako bat (Joxean Agirre) dokumentalean parte hartu eta elkarrekin hitz egiten jartzea?
Dokumental honetan parte hartzeko gondibapena ez zen batere erraza izan. Onarrizko gidoia bazen, baina gonbidatuek beren barneko planteamenduak eta bizipenak ireki behar zituzten ezagutzen ez zuten beste lagunen eta kameren aurrean. Oztopo horiek argi eta garbi azaldu genizkien, baina gonbidatu guztiek gure proposamena onartu zuten. Arrazoia daukate esaten dutenek dokumental honetako protagonistak ez direla pertsona arruntak; oso bereziak dira. Horrelako esperientziarik Euskal Herrian zabaltzea askoz ere zailagoa izango dela erabat kontzientea naiz. Baina egun batean posible izango dela irudikatzeko balio izan du.
Indarkeriaren amaieraz, adiskidetzeaz, presoez... gai askotaz hitz egiten dute sei protagonistek. Aurretik gai horietaz hitz egitea proposatu zenien?
Gai orokor batzuk planteatu genituen, baina grabatzeko orduan oso gutxi parte hartu nuen solasaldietan. Gonbidatuak hasi ziren hitz egiten, hainbat kontu jorratzen, eta ordu bete pasa eta gero amaitutzat ematen genituen elkarrizketak. Nire lana beste bat izan da, zati guztiak lotzea istorioari koherentzia emateko.
Jon Sarasuaren bertsoek zer ekarpen egiten diote dokumentalari?
Elkarrizketak grabatuta zirenean kopia bat pasatu genion Jon Sarasuari, eta material horren haritik sortzen zitzaizkion bertsoak sartzeko proposatu nion. Bertsoen kalitatea ikaragarria da, beste maila batean kokatzen dute dokumentala. Jon Sarasua Euskal Herrian daukagun sortzaile garrantzitsuenetariko bat da. Nire eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiot Sarasuari bere laguntza eta eskuzabaltasunagatik.
Dokumentala TV3n eman ostean, zer bide egingo du? Emanaldiak egingo dira herri eta hirietan?
Herri foroak bideratzeko erabilgarria baldin bada, ekarpen ederra izango litzateke. Badakit Lokarri antzeko zerbat pentsatzen ari dela, baina ikusiko dugu.
TV3n eman dute dokumentala. Zer harrera izan du? Askatasun osoa eman al dizute TV3n lana egiteko?
Bi dokumental hauetan askatasun osoa izan dut TV3en partetik. Oso esperientzia ona izan da, gai horietaz berba egitea ez zelako batere erraza lanean hasi ginenean. Askatasun honek bere emaitzak eman ditu. 270.000 ikusle izan zituen dokumentalak TV3en, eta ordu berean Espainia-Frantzia futbol partida zegoen. Gau hartan ikusle gehieneko saioetan bigarren izan zen.
ETBk ez du Pluja seca eman. Baduzu itxaropena ETBk lan berri hau emateko?
Katalunian izandako harrera kontuan hartuz, ez dut arrazoirik ikusten ETBn ez emateko, baina hori Alberto Suriok zuzentzen duen taldeak erabaki beharko du.
Presoen gizarteratzea izan al daiteke etorkizuneko dokumental baterako gaia?
Jakina, presoen egoera eta haien senide guztien atzean dagoen bizipenari buruz lan gehiago beharrezkoak dira une honetan.
Komunikazioa. Gorka Espiau. 'Parlen els uls' dokumentalaren egilea
«Lan honetan hainbat kontakizunen arteko elkarrizketa publikoa dago»
Elkarriko kide ohiak zuzendutako 'Parlen els uls' (Begiak Mintzo) duela bi aste estreinatu zuten Kataluniako TV3 katean. Eguneko bigarren aukera izan zen, futbolaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu