Urteko azkena da gaurkoa. Pentsa dezakezuenez, urtean zehar hainbat ardo dastatu eta gozatzeko aukera izan dut, eta azken Ardoxka honetarako utzi dut bikainenetarikoa, agian bikainena: Lamiaran.
XIX. mendearen amaieran, mahastiak landu eta txakolina ekoizten zuten Mundakan. Haren eragin sozioekonomikoa oso nabarmena zen, baina gaixotasun berrien ondorioz, alde batetik, eta arrantzak eta industriak hartu zuten indarraren ondorioz, bestetik, mahastizaintzak garrantzia galdu zuen, eta lanbideak beste bide bat hartu zuen.
Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko Itsasmendi upategiko produkzio arduraduna da Bingen Mendizabal, eta gaurko Lamiaran txakolina du seme edo alaba kutuna. Mendizabal mundakarra da, eta Mundakan bertan ditu txakolin bikain hori egiteko oinarri dituen mahastiak. Mundakako paraje bat da Lamiaran, eta Urdaibaiko itsasadarra ikusten da bertatik; Kantauri itsasoan isurtzen ditu urak. Alejo Mendizabalek, Bingenen aitak, Lamiareneko mahasti horiek zaintzen eta lantzen eman zituen bere azken urteak, eta Bingenekin eta amarekin harrotasuna eta ilusioa partekatu zituen.
Lamiaranek eskaintzen duen paisaia zoragarria da, toki liluragarria eta lasaia, itsasoak eta mendiak bat egiten dutena; Mundaka, Bermeo, Izaro uhartea, Santa Katalina ermita, Lamiaran ermitaren hondakinak, eta, ohiko artaditik gertu, paisaia koloretsu eta alaia. Lamiaran botilaren etiketan, Martin Ugaldek modu bikainean islatu zuen aipatutako paisaia hori, lamina baten aurpegia gehituta.
Mundakako Lamiaran parajeko mahastiak 2022an erabili zituzten lehen aldiz Lamiaran markarekin txakolina egiteko eta merkaturatzeko. Lamiaraneko mahastia bi mikromahastitan banatuta dago, Mundakako bi parajetan kokatuta, bata 60 metroko altueran eta bestea 200 metrokoan, hego, hego-ekialdeko orientazioarekin, Urdaibai itsasadarreko mendebaldeko mendien babesean, ipar-mendebaldeko haizetik eta ekaitzetaik babesean.
Mahastia terraza txiki batzuetan dago, Flysch beltza esaten zaion harkaitza oinarri gisa duela. Mahastiak hamasei urte ditu, %70 hondarribi zuri mahatsez, %20 hondarribi zuri zerratiz eta %10 riesling mahatsez osatua. Hartziduraren ostean ardoak akaziazko 500 litroko upelean eta altzairuzko 500 litroko deposituetan ontzen da bere ligekin, legamiak utzitako hondarrekin. Batonage leuna egiten zaio txakolinari —baina maiz— ontzen ari den bitartean.
Begietara lasto kolore ederra du, isla berdexka batekin. Sudurrean oso konplexua da, nortasun ikaragarria duena, belar ukituek, zitrikoek, loreek eta freskotasun bikaina gehitzen dioten ukitu baltsamikoek lagundua. Ahoan dotorea da, fina, belusatua, freskotasuna galdu gabekoa eta amaierako mingostasun bikainaz errematatuta.
Zorionak, Bingen! Alejo harro legoke!
Zorionak denoi, eta urte berri on!