Lambretta, hiri industrial baten ondare kulturala

Eibarko Lambretta lantegiaren historia bildu dute liburu batean. Lantegia Eibartik 1984an eraman zuten arren, motorren esentziak bizirik dirau herrian.

Langileak. 500 langile baino gehiagok egiten zuten lan 1965ean. Lambretta elkartea.
Donostia
2015eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Tailerra gure etxea zen, egunerokoak egiten gintuen etxeko». Horiek dira Simplicio Monedero Eibarko (Gipuzkoa) Lambretta fabrikako langile ohiaren hitzak.

Espainiako Lambretta Elkarteak La Fábrica de Lambretta en España. Visita a sus instalaciones en Eibar (Lambretta Fabrika Espainian. Eibarko instalazioetarako bisita) liburua aurkeztu du, Gijonen (Asturias, Espainia) urtero egin ohi den Euroyeye jaialdian.

Lambretta motorren fabrikaren historia eta ibilbidea jasotzen dira liburuaren orrietan; liburua aurkeztu badute ere, irailaren amaieran edo urriaren hasieran argitaratuko dute, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, italieraz eta ingelesez. Aurkezpen ofiziala, ordea, zaleek bi urtean behin egiten duten Lambretta Jet Set topaketan egingo dute, Saldañan (Palentzia, Espainia), irailaren amaieran.

Liburuaren ekoizpen prozesua duela urtebete hasi zuten, Bilboko Foat argazkilaritza enpresaEspainiako Lambretta elkartearekin harremanetan jarri zenean. Haiek aurkitu zuten tamaina handiko 70 argazki negatibo biltzen dituen Eibarko fabrikaren bilduma: «Munduari erakutsi nahi diogu gure etxearen historia, ibilbidea, eta edukia esku onetan egotea nahi dugu, balio bereizgarri bat izan dezan», azaldu du Felix Dominguez elkartearen presidenteak eta liburuaren koordinatzaileak; «argazki horiek erostea merezi izan duen inbertsioa da, azken finean Lambretta marka berreskuratzeko modu erakargarri bat delako», gehitu du. Luxuzko edizioa izango da, 1.500 alekoa, eta 236 orrialdekoa;90 orrialdekoa izatea aurreikusten zuten hasieran. «Iturri askotara jo behar izan dugu historiako zenbait datu egiaztatzeko. Datu batzuk guztiz berriak izan dira guretzat, eta beste zenbait, uste okerren zuzenketak».

Milanen sortuak

Dokumentazio asko dago Lambretta italiarraren eta indiarraren inguruan, baina ezer gutxi dago Lambretta eibartarrari buruz. «Guretzat, benetan pozgarria da liburu hau argitaratzea, motor zaletasuna izateaz gainera, mundu industrialak utzi duen ondare bat delako», gehitu du Iñaki Garcia liburuaren kolaboratzaileak eta Eibarko Lambretta elkarteko kideak. «Orotara, hiruzpalau egun igaro ditut Eusko Jaurlaritzako liburutegi nagusian: dokumentazio guztia aztertu dut, eta libururako garrantzitsuena izan zitekeena bildu. Makina bat dokumentu zeuden, eta 1958ko eduki originalekin topatzea gozamena izan da: garaiko publizitate irudiak, fabrikako planoak, argazki oinak, enpresak ekoizten zituen motozikleten ereduak...».

Duela hamar bat urte sortu zuten Eibarko Lambretta elkartea motor zaleek. Lehengo, motorren erabilera sustatzea eta Eibar industria hiriaren esentzia berreskuratzea dute helburu elkarteko kideek. Horretarako antolatzen dituzte topaketak.

Eibar industriaren hiriburua izan da urteetan, hiri armagina, alegia; baita Lambretta motor italiarrarena ere, 30 urtez. Milanen sortu zen Lambretta motor etxea, 1947an, eta 1953an heldu zen Euskal Herrira, Florencio Irigoienen gidaritzapean. Otaola hiribidean zegoen enpresa, egun Ertzaintzaren egoitza dagoen eraikinean. Bulegoa eta tailerrak zituen, baita teilatu lau bat ere, motorrean ibiltzeko; han probatzen zituzten motozikleten motorrak, eta 50 kilometro orduko abiadura lor zezaketen.

Ekoitzi zuten lehen motorraD eredua izenekoa izan zen, eta125 eta 150cc zituen, hain zuzen; gero, luxuzko LD bertsioa diseinatu zuten. Ordutik, Lambretta etxea erreferente izan da: 1960an, esate baterako, 50.000 motor ekoitzi zituen enpresak. Urte horretan bertan hasi ziren ekoizten Li eredu italiarra, 150cc-ko motorra zuena; ondoren, 125cc eta 175cc-ko motorrak zituztenak hasi ziren egiten. Oparo aldia, ordea, 1965. urtean iritsi zen, 100.000 motozikleta ekoiztea lortu baitzuten. 500 langile baino gehiagok egiten zuten lan orduan. 11 urtez aritu zen, esate baterako, Simplicio Monedero; motozikletak martxan jarri aurretik, motorrak egiaztatzea zen haren lana: «18 urte nituela hasi nintzen lan horretan; lehen urteak aldrebesak izan ziren, adin horretan bihurria bainintzen. Lankide batek eta biok teilatu lauan probatzen genituen motozikletak, eta, egun batean, lasterketa bat egin genuen, motozikleta apurtu genuen arte. Motozikleta bakoitzak zenbaki bat zuen, eta gurea falta zela ohartu ziren, ezkutatu egin genuelako. Zigorra lan orduetatik at motorra konpontzea izan zen».

Eibarren 1984ra arte

Espainian, Hego Amerikan, Turkian eta Asian ere saldu zituzten motozikletak. Denborak aurrera egin ahala, ordea, automobilen sorrera —1957an, lehen Seat 600 autoa sortu zuten— Lambretta enpresaren amesgaizto bilakatu zen, salmentak nabarmen jaitsi zirelako: «Vespak posible zuen guztia egin zuen Lambretta enpresa Eibarren ez irekitzeko, beraiek omen baitziren estatu mailako merkatua asetzen zutenak. Ez zuten, ordea, nahi zutena lortu», gehitu du Garciak, liburuaren kolaboratzaileak.

Italian zabaldutako lehen enpresa 1971n itxi bazuten ere, Eibarko fabrikak 1984ra bitarte iraun zuen. Ondoren, arazo ekonomikoak tarteko, Amurriora (Araba) eraman zuten lantegia, eta bost urtez jarraitu zuten motorrak ekoizten, 1989ra arte. «18 urterekin erosi nuen nire lehen Lambretta, eta Amurrioko fabrikan ekoitzitakoa da; kuadrillako lagun baten aitari erosi nion; hain justu, enpresaren eraikina diseinatu zuen arkitektoari», azaldu du Garciak. Fabrika itxi zuten egunak zapore gazi-gozoa utzi zuen langile bat baino gehiagoren ahoan: «39 urte baino gazteagoak ginenok kale-gorrian utzi gintuzten; egun tristea eta gogorra izan zen, etxekoak elikatu behar nituelako, batez ere», gehitu du Monedero langile ohiak.

Fabrika itxi eta urte batzuk beranduago sortu zuten Eibarko Lambretta Elkartea, Lambretta motorren esentzia berreskuratzeko asmoarekin. Scooter klasikoen zaleak biltzen dituen elkartea da, batez ere Lambrettaren zaleak. Irabazteko asmorik gabeko elkartea da, eta helburua da Lambretta marka eta motorrak ezagutaraztea. Topaketak eta bilkurak egiten dituzte hori guztia berreskuratzeko, eta, bide batez, motorrak ezagutarazteko: goizean, erakusketa egin ohi dute, eta, arratsaldean, motorrean ibiltzeko ekintzak. Eurolambretta da egitasmo ezagunenetariko bat. Urtean behin egiten dute Europako hainbat herrialdetan, eta zaleak irrikan egoten dira eguna noiz helduko. Europan egiten dituzten motorren zaharberritze ikusgarriak ezagutzeko parada aproposa izaten da, baita beste Lambretta elkarteko kideekin harremanetan jartzekoa ere. Oinarrian, jakina, zaleek festaz gozatu nahi izaten dute. Haiek diote Lambretta ez dela soilik motor marka bat, landutako objektu bat baizik, izaera bat, bizitzeko modu bat, zaleek haien aisia Lambrettaren inguruan antolatzen dutelako: «Itxuraz, scooter estilokoak dira Lambrettak eta Vespak, eta ez dira oso desberdinak; bai, ordea, motorrari dagokionez: Lambrettak motor hobea eta egokiagoa dauka, erdian dagoelako», azaldu du Monedero langile ohiak.

Zale gehienak mod mugimenduaren edo kulturaren parte dira. Londresen sortu zen, 1950eko hamarkadaren amaieran. Terminoa ingelesezko modern hitzetik dator, eta sofistikatua eta berria zen edozeren alde egiten zuten gazteak ziren mod-ak. Mod-ak erdiko klaseko gazteak ziren, modarekin obsesionatuta zeudenak: «1960ko hamarkadako musika joeretatik eta janzkeretatik harago, motozikleta gero eta gehiago estimatzen hasia nintzen: kilometroak egin ditut Europa erdia zeharkatuz; noski, nire Lambrettan. Felixek [Dominguez] antolatzen duen Euroyeye topaketara, esate baterako, Lambrettan joaten naiz beti», azaldu du Garciak.

Orain, mod-ek eta Lambretta elkarteak ez ezik, Eibarko fabrika berpiztuko duen La Fábrica de Lambretta en España. Visita a sus instalaciones en Eibar liburua eskuratu ahal izango dute motor zaleek. Hori da askoren ondare baliotsuena: inoiz bizi izandakoa, gogora ekartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.