Badago Bardea imajinatzean desertu bat baino ikusten ez duenik. Hainbat kilometro luzera diren ordokiak, edo hareaz betetako mendi lehorrak. Errealitatetik urruti dago, ordea, ikuspegi hori. Orain 30 miloi urte baino gehiago urez betetako ingurua zen, laku eskerga bat Nafarroako hego-ekialdean. Egun, natur parke bat da. Zehazki, Bardea 42.500 hektareako eremua da, eta fauna eta landaredia berezia izateagatik da ezaguna. Zaila da hango eremua hitz gutxirekin deskribatzea, zabala bezain anitza delako. Bardea Beltza, Bardea Zuria eta urtegiak dauzka, besteak beste, eta, oinez, autoz zein bizikletaz bisitatu daiteke.
Tuterako (Nafarroa) eskualdean kokatzen da Bardea: Zarrakaztelu, Cintruenigo eta Arguedasherrien inguruan, Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugan. Bi eremu nagusik osatzen dute: Bardea Beltzak eta Bardea Zuriak. Beltza Aragoitik gertuago dagoen eremua da. Zuria baino landaredi oparoagoko eremua da, horren lehorra ez dena. Muinoek betetzen dute, baina ez da zuhaitzik falta. Eremu berdeena dela esan daiteke, beraz. Bestelakoa da Bardea Zuria. Karkabaz eta trokartez beteta dago. Seguruenik, parte ezagunena hori da. Desertua bete-betean, Far Westeko paisaia tipikoa, alegia. Biak ikusteak merezi du, higaduraren eta denboraren markak nabari baitaitezke hektarea luzeetako gainazalean.
Mediterraneoko klima dago Bardea natur parkean. Euri gutxi egiten du, eta oso egun gutxitan. Dena den, egiten duenean, zaparrada handiak sortzen dira. Horrez gain, ipar haizeak jotzen du Erriberako lurretan. Udan, bero handia egiten du, sargoria, eta lehorra. Kontrastea egiten du neguarekin. Izan ere, negua hotza izaten da, eta izozteak gertatzen dira maiz. Klima baldintza horietan animalia espezie anitz bizi da hn. Juan Ignacio Dean biologoak esan du Bardeak fauna «oso aberatsa» duela. «Mundu osoan arraroak diren espezie asko dago». Bardea ez da homogeneoa, beraz, hor bizi diren animaliak ere eremu jakin batera egokitzen dira. Espezie batzuk basamortukoak dira, besteak estepakoak, eta beste batzuk, ur guneetakoak.
Eremu lehorrenetan dauden animaliak dira desagertzeko arriskurik handiena dutenak. «Gizakien eragina gehien nabaritzen ari diren espeziak dira», esan du Deanek. Adibidez, hegazabala da arriskuan dagoenetariko bat. Bestalde, estepan espezie mordo bat dago. Besteak beste, buztanzuriak, kutturlioak eta hontzak ikus daitezke. Animalia guztiak, baina, ez dira lehorrekoak. Uretan bizi diren espezieak ere egon badaude. Bi urtegi nagusi daude: Zapata eta Feriala. Horietan arrainak daude: amuarrainak, aingirak, eta perkak, beste askoren artean.
Faunaz gain, berezko landaredia ere bada Bardean, Deanen esanetan. Botanikari dagokionez, espezierik berezkoena tamariza da, eta haranaren hondoetan aurkitu daiteke. Biologoak azaldu duenez, hainbat eremu bana daitezke flora aztertzeko tenorean: igeltsu harrien eremuak, gune gaziak eta material mediterraneoa duten eremuak.
Faktore klimatiko eta edafiko gogorrek bultzatuta, pinudiak dira nagusi Bardean. Aleppo pinua nabarmentzen da, eta Bardea Beltzean eta Eguarasko natur erreserban hazten da batez ere. Basoan hainbat soilgune izaten dira, eta, horietan, klima mediterraneoan ohikoak diren zuhaixkak hazten dira: abariztia, ena arrunta, hego-ipurua, sabina feniziarra, legeltxorra eta erromeroa. Pinua hazten ez den tokietan, abariztia da nagusi, eta eremurik harritsuenetan erromeroa eta linua.
Bonba hotsak parkean
Paradoxikoa irudi dezakeen arren, Bardearen bihotzean bonba eta tiro hotsak dira nagusi. Tiro eremua ez dago babesturik, ez da natur parkearen zati. Espainiako armadak 2.244 hektareako eremua erabiltzen du bere armak probatzeko, Bardearen eremuaren %5,4, hain zuzen ere.
Dean biologoaren aburuz, tiro eremuak ez du horko espezieetan eragin zuzenik. «Kontrakoa, eremu horretako eremu batzuk oso toki onak dira espezien babeserako, ez baita inor sartzen». Halere, tiro eremuaren aurkako ahotsak ozen aditu dira Nafarroan. 2008. urtean, batik bat, Espainia eta Bardearen arteko kontratua amaitu zenean. Orduan, sinadura bilketa hasi zuten, eta manifestazioak egin zituzten. Bardea nafarrena zela galdegin zuten protestetan. Hala ere, hurrengo hamabost urteetan tiro eremuak bere horretan iraungo du, seguruenik.
Bisitatzeko zein lan egiteko
Bardea ez da bisitan joateko eremua bakarrik. Bada nekazaritza eta abeltzaintza jardunetarako tartea ere. Nekazaritza da nagusi. 20.000 hektarea baino gehiago lantzen dituzte; gehienbat, garia eta garagarra ereiten dituzte nekazariek. Lursailak urtebetez erabili, eta, ondoren, urtebeteko atsedena ematen diete, lurraren kalitatea okertu ez dadin. Abeltzaintzari dagokionez, artzaintza da garrantzirik handiena duen lanbidea. Transhumantzia egiten dute artzainek artaldearekin batera, eremu beroagoen bila dabiltzanean. Urtero, irailaren 18an, artzainak iparraldetik hegoaldera abiatzen dira ardiekin batera.
Hala, desertua izan arren, Bardea ez da eremu estatiko eta bizigabea. Ondoko herriko biztanleen bizitzaren parte dira. Handik hartu izan dute egurra, eta, garai batzuetan, natur parkera sartu ahal izan ziren bakarrak eskualdeko herritarrak ziren. Dean biologoak azaldu du egun estimu handiko ingurua bada ere, historian ez dela baloratutako gunea izan. «Orain 30 urte, inork ez zuen uste Bardea inguru garrantzitsua izan zitekeenik».
Natur parke izendatzearekin batera etorri zen herritarren aitorpena, Deanen ustez. 1999an eman zioten natur parke kategoria. Aurretik, 1986tik, jada bi toki babestuta zeuden: Buren txokoa eta Erorketa Beltza. Aldiz, natur parke izendatzeak ingurua oso-osorik babesteko balio izan zuen. Ordutik, turismoa bultzatzeko hainbat ekinbide jarri dituzte martxan. Interpretazio zentroa ireki dute Arguedas eta Tutera artean, eta 09:00etatik 17:00etara bisita daiteke. Horrez gain, panel informatiboak jarri dituzte ingurune osoan, eta desertutik buelta egiteko hainbat aukera eskaintzen dituzte. Ibiltariak bakarrik egin dezake ibilbidea, edo, hala nahiago badu, turismo enpresek antolatutako txangoak egin ditzake. Aldez aurretik markatuta daude oinez, bizikletaz zein autoz egiteko ibilbideak.
Deanen iritziz, ona da Bardean turismoa bultzatzea, betiere inguruaren zaintzaren eta bisiten arteko orekari eusten baldin bazaio. «Ongi kudeatu behar da natur parkeen inguruko turismo guztia. Ekonomiaren aldetik, gune bat bideragarria bada, hobeki iraungo du ekologiari dagokionez. Horixe da lortu behar dutena». Parkeak diru etekinak ematen baditu herritarrek hobeki zainduko dutela uste du biologoak.
Natur parkeak (IV). Bardeak
Lakua izandako basamortua
Nafarroako natur parkerik berezienetakoa da Bardeakoa. Inguru idor eta hil gisa irudikatzen bada ere, animalia eta landare asko bizi da han. 42.500 hektarea ditu, eta alderdi bat Espainiako armadak erabiltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu