Gabezia handi batekin izendatu zuten Alberto Surio EITBko zuzendari nagusi 2009ko ekainaren 18an: ez daki euskaraz. Beste edozein herrialdetan imajinaezina litzateke irrati-telebista publikoaren arduradun nagusiak ez jakitea emititzen dituen edukien hizkuntza. Baina ez zen kontu berria, EAJk proposatutako zuzendari batzuekin hala gertatu baitzen iraganean; Andoni Areizagak, Jose Maria Gorordok, Josu Ortuondok eta Andoni Ortuzarrek ez zekiten euskaraz EITBko zuzendari izendatu zituztenean.
PSE-EE eta PPren arteko akordio batek jarri zituen 2009ko udan EITBren ildo nagusiak. Eta ikusleei begira adierazgarri bilakatu zen lehen aldaketa ETBko eguraldi maparena izan zen: Euskal Herria desagertu, eta marra administratiboak jarri zituzten EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian.
2009ko uda hartan, ETB1 Frantziako Tourreko etapa amaierak ematen hasi zen. «Kalitate hobea eta aurrekontu handiagoa eman nahi dizkiogu ETB1i», esan zion BERRIAri Alberto Suriok. Handik hilabete batzuetara, Joseba Arrutik —Radio Euskadiko zuzendaria— gidatutako talde batekETB1en etorkizunaz hausnartzeko txosten bat osatu zuen. ETB1 kate «jeneralista estandarra bihurtzeko» garaia heldu zela ondorioztatu zuten txostengileek. Ondorio praktikoren bat ere heldu zen:2010eko urrian, Arratsaldero magazina estreinatu zuten —eguneroko bost orduko programa bat ETB1en—. Baina ikusle datuak ez ziren onak, eta 2011ko abenduaren 30ean amaitu zen saioa. Telebistaren egituran ere berrikuntza garrantzitsu bat iritsi zen: 2010eko udazkenean, Rosa Diez Urrestarazu ETB1eko edukien zuzendari izendatu zuten—Euskadi Irratiko zuzendari lanetan zebilen—. Baina karguan bost hilabete baino ez zituen bete, 2011ko udaberrian Eusko Jaurlaritzako Kulturako kabinete zuzendari bihurtu baitzen (une honetan ETBko albistegietan da lanean Diez Urrestarazu). Haren ordez, ez zuten inor jarri ETBko euskarazko edukiak zaintzeko, eta Alberto Suriok hartu zuen ardura bere gain.
ETB1ek bere programazioan izandako galeren artean, Sautrela desagertu izana dago, euskarazko literatura lantzen zuen telebista saio bakarra. Fikzioan, euskarazko ekoizpen berri gutxi egin dira Surioren zuzendaritzarekin: Bi eta bat eta DBH.
Ikusle datuak behera eta gora
EITBko zuzendaritzaren kezka handienetako bat urteotan ETB2ko ikusle datuak izan dira. 2009ko ekainean, %13,4ko ikusle kuota zuen —Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan—, eta, bi urte geroago, %7,7ra jaitsi zen. ETB1 %3aren bueltan zebilen 2009ko ekainean, eta%1,3raino jaitsi zen 2011ko hilabete berean. Azkeneko urtean, ordea, gora egin du ETB2k, eta, urtarrilean, %10,7ko kuota izan du; ETB1ek, %2,2koa. ETB3 katearen ikusle kuota %0,7koa da.
EITBko irratietan Gazteak eta Euskadi Irratiak entzule datu onak izan dituzte. EGMk iazko apirilean argitaratutako ikerketaren arabera, Euskadi Irratiak lidergoa lortu zuen Gipuzkoan 2012ko lehen lauhilekoan. Ez da inoiz halakorik gertatu.
Langileekin gatazkak
2010eko udazkenean, albistegietako kazetarien eta zuzendaritzaren arteko giroa gaiztotu zen. Juan Carlos Viloria albistegietako politikako buru jarri zuten. Eta Viloriak berak idatzitako testu bat eman zion kazetari bati bideo baterako erabili zezan. Kazetariak uko egin zion horri; behin-behineko kontratua zuen beste kazetari bati eman zioten testua, eta horrek irakurri egin zuen. Zuzendaritzak iragarri zuen espedientea zabalduko zietela uko egin zion kazetariari eta gertaturikoa zabaldu zuen beste bati. Miguel Angel Idigoras telebistako zuzendariak egunkari batean adierazi zuen «ETB barruko muturreko taldeak» zeudela. Eta, hurrengo egunetan, langileak «zentsuraren aurka» mobilizatu ziren. Idigorasen hitzak gogor salatu zituzten langileen ordezkariek. Iazko azaroan utzi zuen ETB Idigorasek, TVEra itzultzeko.
Lau urtetan Espainiako erregearen mezua ETB2n eman izanak argi erakutsi du, era berean, Suriok zuzendutako EITBren ildo editoriala. Baita legez kanpo zegoen ezker abertzaleko kideei elkarrizketarik egin ez izanak ere. 2009ko udatik 2010eko abendura iraun zuen betoak, Rufi Etxeberria Radio Euskadin elkarrizketatu zuten arte.
Nahieran eta estatutua
Aterrune batzuk aipa daitezke azkeneko lau urteetako EITBn. Esate baterako, Iñako Gurrutxagak gidatutako taldeak EITB Nahieran zerbitzua aurkeztu zuen 2011ko ekainean. Munduko edozein txokotan dagoen ikusleari azkeneko zazpi egunetako ia programazio guztia ikusteko aukera ematen dio zerbitzuak, baita artxiboko saio zahar ugari ere.
Bestetik, albistegietako kazetariek garrantzitsutzat hartu duten tresna bat da erredakzio estatutua —iazko urrian bozkatu zuten kazetariek, eta %78,9k aldeko botoa eman—. EITBko behin-behineko erredakzio kontseilua pozik azaldu zen estatutua onetsi zutelako.
Baina aterruneen artean, lainoek hor jarraitzen dute. Sektoreko profesional ugarik salatu dute ez dagoela ETB1 normalizatu bat. Eta euskarazko telebistagintzak badu horren premia. Eredu argi baten premia ere bai.
Komunikazioa
Laino ilunak eta aterrune batzuk
Alberto Surioren EITBn, denetarik izan da: eguraldi mapa aldatu zuten, Espainiako erregearen mezua jarri, zuzendaritzaren eta langileen artean gatazkak izan ziren, EITB Nahieran aurkeztu, eta albistegietarako erredakzio estatutua onartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu