Ez ziren bildu milaka lagun. Ez ziren bete aurreikuspenak. Kontrara. Eguraldiak kalte handia egin zien Ibilaldiari eta Sortzen elkartearen bestari. Igandeko bi bestak amesgaizto bihurtu ziren antolatzaileentzat. Ibilaldiko ekitaldi gehienak Lekeitioko (Bizkaia) plazara lekualdatu zituzten. Iruñean, Vistabellako guneko jarduerak baizik ez ziren mantendu. Horrek diru galerak ekarri dizkie antolatzaileei, eta biek elkartasuna galdegin diete herritarrei. Kontu-korronte zenbakiak zabaldu dituzte diru ekarpenak egiteko.
Besta gutxi igandean Iruñean, baina biltzeko lan bera izan zuten atzo. Horretan ari zen Aitziber Lizeaga Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzailea: «Etekina ikustekotan, jai giroa izan bada eta ongi pasatu badu jendeak, lan hau gustura egiten da. Baina jaia zapuztu da, eta ondoko lana triste egiten duzu, ez da berdin». Antzeko egoeran ziren Lekeition. «Kolpe latza» izan dela aitortu zuen Ibon Goitia Azkue ikastolako zuzendariak. Alderdi ekonomikoari begiratuz gero, aurtengo jaia «minimo historikoa» izan da: «Azpiegituretan egindako inbertsio ekonomikoa eta eguneko irabaziak parekatuz gero, oso-oso urrun geratu gara».
Lekeitioko plazan lortu zuten jai giroari eustea. M. Del Valle / Foku
Izan ere, besta handiak antolatzen dituzte ikastolek eta Sortzen elkarteak, eta azpiegitura ere neurrikoa izaten da. Lekeition, laugarren gunea itxita egon zen egun osoan, eta, arratsaldean, hirugarren gunea ere zarratu behar izan zuten. Zenbait jarduera bertan behera gelditu ziren: tartean, lau kontzertu eta antzezlan bat. Iruñean, Basotxoko gunea itxi zuten, Mahalak emandako izozkiak ezin izan zituzten saldu, eta haurren tailerrak ere bertan behera gelditu ziren. Vistabellako egitarauari eutsi egin zioten.
Bi arazo nagusi izan zituzten. Alde batetik, guneak ixteak haietan lortzen diren etekinei atea ixtea dakar. «Gunea itxi arren, dena prest zegoen, dena kontratatuta. Gune bat ez irekitzeak izugarrizko galera dakar», azaldu zuen Leizeagak. Bestetik, ohi baino askoz ere jende gutxiago joan zen jaietara eguraldi txarra zela eta. Hori ere oso kaltegarria da etekin ekonomikoak lortzeko. «Izugarrizko jaia muntatu izan bazenu bezala ordaindu behar dituzu gastuak, baina etekinak oso xumeak dira. Beraz, diru laguntza behar dugu atzoko galerak gutxiago izan daitezen».
Goizean goiz, laugarren gunea zarratu zuten. M. Del Valle / Foku
Laguntzeko prest
Egoera latzak badira ere, elkartasuna berehala agertu ohi da horrelakoetan. Leizeagak hori nabarmendu zuen: «Egun samina izan zen, negar egiteko eguna. Baina, barrenean, esker ona geratu zaigu, jendeak laguntza eskaini digulako. Horrek betetzen zaitu». Lekeition ere, berdin. Are, Goitiak esan zuenez, 24 ordu igaro gabe ere hasi ziren laguntza ekonomikoa jasotzen: «Jendea hasi da lehen ekarpenak egiten, eta, guretzat, txikiagoak ala handiagoak, den-denak dira garrantzitsuak».
Oraindik ez dakite norainoko galerak izanen dituzten, baina lehenbailehen jarri dira lanean egoerari aurre egiteko. Azkue ikastolak, adibidez, hornitzaileekin eta azpiegituretako enpresekin negoziatzen ahaleginduko dela esan zuen, gastuak gutxitze aldera. Gertatutakoa asimilatzea ere badagokie. Ez da samurra. Azkue ikastolako zuzendariak «ezinegona» nabaritu du giroan, baina balioa eman dio aurretik egindako lanari: «Ikasle, guraso eta irakasleen inplikazioa itzela izan da. Proiektuarekiko konpromiso handia erakutsi dute».
Sortzen elkartearen bestan kontzertuak mantendu zituzten. Jagoba Manterola / Foku
Igandekoa ez zen erraza izan. Ez Lekeition, ezta Iruñean ere. Unean-unean ibili ziren erabakiak hartzen. Inprobisatzen, alegia. Goitia: «Bagenekien euria egingo zuela, eta bigarren plan bat bagenuen esku artean, baina haizeak karpak hondatu zizkigun, eta erabakiak momentuan bertan hartzera eraman gintuen horrek». Laugarren gunea ez zuten ireki, eta hirugarrena, azkenean, itxi egin behar izan zuten. Zuzeneko «egokienak» herriko plazako bigarren gunera lekualdatu zituzten. Han jo zuten Nogen, Esne Beltza eta Sustraja Band taldeek. «Prest agertu ziren oholtzarik gabe lurrean jotzeko», esan du Goitiak.
Iruñean ez zuten halako eguraldirik espero. Ostiralean hasi ziren muntaketa lanekin, euripean. Eguraldiaren iragarpenari begiratzeari utzi gabe ibili ziren. Iganderako atertuko zuelakoan ziren, baina ez zen hala izan. Goizean goiz erabaki zuten Basotxoko gunea ez irekitzea. «Irekiera ekitaldia ez zen jendetsua izan, baina Nora Salbotxen hitzak oso hunkigarriak izan ziren. Zentzu berezia izan zuen han geundenentzat. Oso eskerturik gaude eragileetako, sindikatuetako eta alderdi politikoetako ordezkariak etorri zirelako», azaldu zuen Leizeagak. Argindarrik gabe egin zuten ekitaldia. Gerora lortu zuten argia. Sukaldea irekitzeko erabakia ere, azken unean hartu zuten, jendea gose zela ikusita. Arratsaldean atertu zuen, eta ordurako laguntza eskaria zabaldua zutenez, jende gehiago joan zen Vistabellara. «Gazte kuadrillak, familiak eta irakasleak etorri ziren gure deiari erantzunez», esan zuen Sortzen-eko koordinatzaileak.
Eguraldiak baldintzaturik
Ez da Sortzen elkartearen besta galerekin bukatzen den lehen aldia. 2012an, euriak zapuztu zuen besta, eta, zenbait jarduerari eutsi arren, galera handiak izan zituzten. Orduan ere, kontu korrontearen zenbakia eman zuten, laguntza eske. 2013an, berriz ere eguraldi txarra. Urte hartan, bertan behera geratu zen besta. Takoneran egitekoak ziren, eta, eguraldiari aurre egiteko modurik ez zutela eta, ez zen bestarik egin. Orduko hartan muntaketarik ere ez zen egin, elkartea «ekonomikoki itota» zegoelako, inbertsio handiei aurre egin ezinik.
'Euskaratik guztion eskola sortzen' mezua agertu zuten ikasle eta gurasoek. Jagoba Manterola / Foku.
Ikastolen Elkarteak ere aurre egin behar izan die antzeko egoerei. Larriena 2003ko Nafarroa Oinez izan zen, Irunberrin ospatzekoa zena (Nafarroa). Bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi txarrak eragindako kalteengatik. Hala ere, jendearen erantzuna berehalakoa izan zen, eta, azkenerako, lortu zuten zuloa estaltzea. Orduko hartan enkante bat ere egin zuten, idazleek, musikariek, kirolariek eta jende ezagunak emandako objektuekin.
Muturrera joan gabe, eguraldi txarraren ondorioei aurre egiteko behin baino gehiagotan eskatu zaie laguntza euskaltzaleei. Horren adibide da iazko Herri Urrats. Egun osoan euria bota zuenez soilik inguruko jendea joan zela gogoratu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak: «Horrelakoetan, deialdiak egin izan dira, eta jendeak erantzuten du». Urtero hartzen den arrisku bat da, eguraldia ezin baita norberaren nahien arabera kontrolatu.
Ibilaldia
Laguntza, ito ez daitezen
Eguraldi txarrak kalte egin die Ibilaldiari eta Sortzen elkartearen jaiari. Zenbait gune itxi zituzten Lekeition eta Iruñean egindako bestetan. Antolatzaileek laguntza eskatu dute igandeko galerei aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu