2024ko Gazte Saria eman diote Youssou Ndiayeri (Dakar, 2001). SEI erakundean egindako lanagatik saritu dute. 2015. urtean iritsi zen Iruñera, eta elkartekoek asko lagundu zioten aldaketa guztietara egokitzen. Orain, bera dabil boluntario gisa. Nafarroako Gobernuak Lantxotegi elkartearen Kabia proiektua eta Nafarroako Proyecto Hombre Fundazioaren Suspertu programa ere saritu ditu.
Senegalen bizi zinen 15 urte zenituen arte, baina zure aita aspaldi etorri zen Iruñera.
Bai, 2002. urtean etorri zen Iruñera bizitzera. Ni Senegalen geratu nintzen amarekin eta familia osoarekin. Aitak denbora asko zeramanean hemen, eta hemengo bizitzara ohitzen hasi zenean, familia osoa ekartzea erabaki zuen.
Asko aldatu zen zure bizitza Iruñera etorri zinenean?
Bai, asko aldatu zen. Beste kultura bat da, bizitzeko modu berri bat, jende berria... Dena da desberdina. Herrialdeak berak duen funtzionatzeko moduak asko harritu ninduen; garatuagoa da Senegalen aldean.
Senegalgo zeren falta sumatzen duzu gehien?
Lagunena eta familiarena, batez ere. Nire familia osoa Senegalen dago; hala ere, asko bisitatzen ditugu. Orain dela hiru hilabete izan ginen han azkeneko aldiz.
Hasiera zaila izan al zen? Zeintzuk izan ziren traba nagusiak?
Batez ere, jendearekin harremanak egitea, hizkuntza dela eta. Senegalen wolofez eta frantsesez hitz egiten da. Eskolan gaztelaniaz ikasten genuen, baina oso gutxi. Leku berri batera iristen zarenean, lehenbiziko kontua bertako jendearekin komunikatzea da. Komunikazio hori zaila denean, asko kostatzen da harremanak sortzea.
SEI elkarteak asko lagundu zizula esan duzu.
Bai. Aitaren lagun batek elkartea gomendatu zion. Haiekin hitz egitera joan zen, eta pozik hartu gintuzten anaia eta ni. Elkartean egiten duten lan nagusia iritsi berri direnei laguntzea da. Alde batetik, gaztelania eskolak ematen dizkiete, pixkanaka hizkuntza ikas dezaten. Horrez gain, irteerak antolatzen dituzte Iruñean, hiria ezagutzen hasteko. Bi urte eman ditut bertan, eta oso pozik. Gainera, jende asko ezagutzeko balio izan dit.
Orain elkartean boluntario ari zara. Zerk bultzatu zintuen horretara?
Iritsi nintzenean, jendea prest azaldu zen ni laguntzeko; elkarteko boluntarioak, batez ere. Nik bizi izan dut orain iritsi berriak bizitzen ari direna, eta uler dezaket nola dauden. Orain laguntzeko aukera dudanez, neure burua eskaini dut boluntario gisa.
Ilusioa egin dizu saria jasotzeak? Espero zenuen?
Bai, ilusio handia egin zidan. Egun batean deitu zidaten hiru hautatuen artean nengoela esateko. Ez dakit hor nola sartu naizen ere (barrez). Botoa eman behar zen irabazlea aukeratzeko; beraz, asko eskertzen diet nire alde bozkatu duten guztiei.
Animatuko zenituzke gazteak elkartean sartzera?
Bai, lagun askori nirekin etortzeko esaten diet, nire ustez oso lan polita egiten da eta. Iritsi berri diren 15 urte inguruko neska-mutilekin egotea, eta hemen gustura sentitzeko behar duten bultzada hori ematea. Astean zehar gaztelania ikasteko eskolak ematen ditugu, eta ostiraletan irteerak egiten ditugu Iruñean, edo futbolean aritzen gara, besteak beste. Ostiralero jarduera desberdinak egiten ditugu, eta txandakatuz goaz.
Jokaera arrazistarik nabaritu al duzu Nafarroan zaudenetik?
Nik ez dut esperientzia txarrik izan, baina badakit gertatzen dela, eta baditut lagunak gertatu izan zaienak. Dena den, beti ikusten dira keinu batzuk, zutaz fio ez den jendea, mesfidati begiratzen zaituena. Erreakzio horiek ez ditut ulertzen. Nik ez daukat asmo txarrik, eta ez dut ezer egin jarrera hori izan dezaten. Baina leku guztietan dago jende ona eta jende gaiztoa.
LOTSABAKO
Musika talde edo abeslari bat?
Wally Seck, nire herrialdeko abeslari bat da.Gustuko duzun film edo telesail bat?
'Prison Break'.Plan bat aukeran?
Lagunekin Alde Zaharretik ibiltzea.