Ezarian. BERRIAk 10 urte. Tolosa

«Lagundu soilik ez, geureganatu ere egin behar dugu BERRIA»

2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bihotz barnean betirako gorderik duen toki batera itzuliko da etzi Anje Duhalde (Arrangoitze, 1950): Tolosako Leidor antzokira (Gipuzkoa). Errobirekin han grabatu zuen zuzeneko lehen diskoa. «Ordutik hona izugarri aldatu da aretoa, baina tripan zerbait berezia sentituko dut oholtzara igotzen naizenean», aitortu du. BERRIAren 10. urteurreneko ospakizun biraren harira ariko da orain kantari. «Halako ekitaldi batean parte hartu ahal izatea ohorea da niretzat, baita entzule euskaldunentzat kantari aritzea ere».

Zer eskainiko duzu BERRIAren aldeko kontzertuan?

Zuzeneko disko bat argitaratu nuen iaz, eta horren inguruan ibiliko da kontzertua. Gauza bat edo beste aldatzea posible da, lau edo bost kanta gehienez ere, baina nire ibilbidearen laburpen gisako bat eginen dut. Azkenaldian ematen ari naizen kontzertuen antza handia izango du ziurrenik. Denbora gutxian errepertorioa kanbiatzea ez da erraza. Jendearen gustukoa izatea espero dut.

Aretoko eserleku guztiak beteta ikustea ederra litzateke.

Dudarik ez egin. Bai niretzat eta, batez ere, baita BERRIArentzat ere. Ez nuke imajinatu ere egin nahi euskarazko egunkaririk gabeko gizarterik. Gauza derrigorra da BERRIA gure egunerokotasunean, eta ea jendea animatzen den atxikimendua ematen egunkariaren alde. Eskaintza hoberik egiterik ez dago: BERRIAri lagundu musikaz gozatu bitartean. Aukera ederra da, eta jendeak ongi erantzutea espero dut.

BERRIAk badauka, bai, laguntzaren premia.

Zoritxarrez, bai. Irakurri egin behar dugu egunkaria, eta horretarako, noski, erosi. Baina laguntzea ez da aski, geureganatu ere egin behar dugu. Euskaradunok ez badugu hori egiten, alferrik dira gure indar guztiak. Euskarak gure gizartean behar bezalako tokia izan dezan nahi baldin badugu, geure egin behar ditugu BERRIA eta antzeko gauza asko. Hala egiten ez badugu, geureak egingo du.

Ezkor zaudela dirudi euskararen osasuna aipatuz gero.

Ez zait ezkor aurpegia azaltzea gustatzen. Nik beti esaten dut baikor errealista naizela. Eta, hala izanik ere, egoera ez da suziriak botatzeko modukoa. Orokorrean, euskarak eta haren inguruak ez du momentu samurra bizi. Ez du inoiz bizi izan. Ipar Euskal Herrian are ilunago daude gauzak. Euskararen alde badira mila gauza egiteko.

Hainbat abestitan aipatzen duzu hori.

Bai, eta egoerak onera egiten ez duela ikusita, aipatzen jarraitu beste erremediorik ez zait geratzen. Euskararen alde eginak ditut hainbat kantu: Xabier Amurizarekin... Etxekoandre izeneko kantua, adibidez, oso metaforikoa da, baina gure errealitatearen isla zehatza eta zuzena da. Euskararen aldeko abestiak egiten jarraitu beharko dut.

BERRIAk ekarpen handia egin dio euskal musikari eta kulturari.

Bai, ekarpen handia. Hedabide guztiek dute euren erantzukizuna arlo horretan, eta BERRIA ezinbestekoa da euskal kantariontzat. Gaur egunean Internet ari da nagusitzen, baina BERRIAren paperezko edizioak pisu handia du gugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.