Pirinioetara abiatu berri da Ibai Rico, Monte Perdido mendian egingo duten ikerketa bati ekitera. «Azken urteetan neurketa batzuk egin ditugu laser eskanerrarekin, baina orain proiektu berri bat lortu dugu, eta hurrengo hiru urteetan hainbat lan egingo ditugu inguru horietan; glaziarra ez ezik, lurzoru izoztuak eta elurra ere neurtuko ditugu», azaldu du. Kriosfera, alegia.
EHUk Valladolid eta Extremadurako unibertsitateekin, Ekologiaren Pirinioetako Institutuarekin eta Kataluniako Geomatika Institutuarekin batera abiarazitako proiektu bat da honako hau. Monte Perdido mendiko glaziarraren kriosferaren azterketa oso xehetua egitea da helburua, klima aldaketaren bilakaeraz eta horren ondorioez informazioa biltzeko toki oso egokia baita. «Halako laborategi txiki bat sortu nahi dugu Pirinioetan, kriosfera nola aldatzen ari den eta klima aldaketari nola erantzuten dion ulertzeko. Inguruotako glaziarrak eta lurzoru izoztuak oso kalteberak direnez, hortik aterako den informazioa oso baliagarria izango da», adierazi du Ricok.
Ikertzaileak herenegun abiatu ziren Monte Perdido aldera. Kanpaleku bat egin, eta bertan izango dira bihar arte: «Meteorologia estazioak ipiniko ditugu, automatikoki argazkiak ateratzen dituzten kamerak, laser eskaner neurketak egingo ditugu... Gero, irailean bueltatuko gara, eta hesola batzuk jarriko ditugu glaziarrean, haren abiadura neurtzeko».
Urtean bitan
Aurten ez ezik, 2015ean eta 2016an ere, urtean bitan joango dira gutxienez Monte Perdido mendiko glaziarraren inguruetara, ariketa bertsuak egin eta datuak erkatzera. Ricok nabarmendu bezala, «mundu osoan ari da aldatzen kriosfera, eta zenbat eta datu gehiago izan, hobe, zer gertatuko den aurreikusteko eta erabakiak hartu behar dituztenek informazio gehiago izan dezaten».
Laborategi bat Monte Perdidon
Ricok eta lankideek hiru urteko proiektu bati ekin diote, Pirinioetako kriosferari buruz ahalik eta informazio xehetuena biltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu