Maite Lephaille. Xiberoko Botzako esataria

«Laborantza gero eta gutxiago aipatzen da komunikabideetan»

Ostiral arratsaldeetan, 'Aitzur eta jorra' laborantzaren inguruko saioa gidatzen du Lephaillek. Ordu erdiz, laborarien eta sektoreko enpresen egunerokoa biltzen saiatzen da. Interneten ere entzun daiteke.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
urtzi urkizu
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Laborarien mundua gertutik ezagutu eta bizi izan du beti Maite Lephaillek (Sohüta, Zuberoa, 1957). «Laborari alaba naiz, laborantza ikasketak eginak ditut, eta laborari batekin ezkonduta nago», aitortu du. Hogei urte dira Euskal Irratietan Aitzur eta jorra saioa egiten dutela, eta Lephaillek aurreneko urtea du programa gidatzen.

Zer zailtasun izaten dituzue laborarien gaiak irratira eramateko?

Ez dugu zailtasun handirik. Ostiralero, ordu erdi bateko emankizuna egiten dugu laborantzaren inguruan, eta laborari asko ohituta daude irratian hitz egitera. Gaurkotasuna aski bizkorra izaten da, eta gehienetan ez diot zailtasun handirik ikusten.

Zuberoan estimatua al da Aitzur eta jorra entzuleen aldetik?

Bai, eta ez bakarrik Zuberoan. Ipar Euskal Herri osoan ematen da, eta Lapurdin eta Nafarroa Beherean ere entzule asko ditugu. Era berean, tarteka Hego Euskal Herriko gaiak ere aipatzen ditugu. Gure filosofia da laborantzako gaurkotasunaren berri ematea, eta sektoreko enpresen eta kooperatiboen nondik norakoak azaltzea.

Euskal Irratietako beste langileak ere inplikatzen al dira saioaren ekoizpenean?

Bai. Euskal Irratien emankizuna da, eta erredakzioetan aipatzen dugun saioa da. Astean osoan zein gai dauden aipatzen ditugu kazetari guztien artean. Nik aurkezten badut ere, denen artean egiten dugun irratsaioa da.

Euskal Herritik kanpoko laborarien beste irratsaioren baten erreferentziarik ba al duzu?

Ez. Ez dut besterik ezagutzen. Esango nuke orokorrean laborantza oso gutxi aipatzen dela irratietan eta telebistetan. Laborantza gutxitu da, laborari gutxiago dago, eta komunikabideetan ere gero eta gutxiago aipatzen da. Hauteskundeak laster dira, eta laborarien mundua ez da askorik aipatzen. Maluruski, horrela da. Xiberoko Botzarentzat, aldiz, inportantea da laborarien munduan pasatzen dena aipatzea. Sektoreko borroka andana bat eramaten ditugu emankizunera.

Zuberoako gizartearentzat bere funtzioa du saioak, beraz?

Bai, kontuan hartu behar da lanpostu anitz daudela laborantzaren munduan. Ekonomia asko aipatzen da, eta laborantzak badu parte handi bat Ipar Euskal Herriko ekonomian ere.

Azkenaldian landu dituzuen gaietatik, zein nabarmenduko zenuke edo zer berezitasun daude sektorean?

Esate baterako, hemen Euskal Herriko laborantza ganbera eta departamentuko ganbera daude. Bien arteko borrokak azaleratzen dira tarteka. Azkenaldian, bestalde, asko aipatu dugun gaia hegazti gripea izan da. Borroka azkar bat izan da, herritarrak mobilizatu dira hazkuntza horien salbatzeko. Hego Euskal Herriari dagokionez, esne sektorearen defentsan Elizondon [Nafarroa] egin diren mobilizazioen berri eman izan dugu. Ahal bezain gai guztiak aipatzen saiatuko gara etorkizunean ere.

Uste duzu Zuberoan aintzat hartzen dela Xiberoko Botza irratiaren eguneroko lana?

Pentsatzen dugu baietz. 35 urte dira Xiberoko Botza hor dela. Iruditzen zait arrangura nagusia dela euskara zertan den. Xiberoko Botza entzuteko euskara behar da jakin, eta agian hor da arazo nagusia. Izan ere, gazte askok ez dakite euskaraz, eta, horrenbestez, ez daude gure entzuleen artean.

Askotariko emankizunak gidatu izan dituzu irratian. Baina aukera bazenu zer bestelako irratsaioak egingo zenituzke?

Edozein gai landuko nuke. Kontuan hartu behar da irrati txikietan ohituta gaudela denetatik egitera: kultur saioak, gizarte gaietakoak, politikakoak... Egunotan, hauteskundeetako emankizun batzuk aurkezten ere aritu naiz.

Zein da zuretzat mikrofono baten aurrean mintzatzearen gauzarik ederrena?

[Kar-kar] Zerbait kontatzea. Istorio bat kontatzen dut berri sailetan edo laborarien saioan, eta espero dut istorio horrek zerbait ekartzea entzuleari. Hori da nire helburua. Horretarako egiten dugu lan irrati batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.