ETB

LABen arabera, behin-behineko 2.600 kontratu egin ziren iaz ETBn, batez beste bost eguneko iraupenarekin

Sindikatuak jakinarazi du 41 langileren kontratazioa mugagabea bihurtzea lortu duela. Bide juridikoak hartzera behartu dituztela salatu dute.

ETBko kontratazioaren inguruko txostena azaltzeko agerraldia egin dute LAB sindikatko ordezkariek. ARITZ LOIOLA / FOKU
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko maiatzaren 15a
12:44
Entzun

ETBn kontratazio iruzurraren eta prekaritatearen inguruko txostena aurkeztu du LABek gaur goizean. Andoni Basabe sindikatuak ETBn duen ordezkariak eta Eider Casanova zerbitzu publikoen arloko ondokoak jakinarazi dute lan poltsetan eta kontratazioetan “gardentasuna” lortzen hasi direnean azaleratu direla iruzurrak. Besteak beste, 2017ko datuen arabera behin-behineko 2.600 kontratu egin zituzten, batez beste bost eguneko iraupenarekin, korrespontsalietan autonomo kontratuak egin dituzte autonomoetan altan eman gabe eta zortzi langileri ia milioi erdi euroko kalte-ordaina ordaindu zaie.

Basabek azaldu du kasuak aztertu ostean salaketak bide juridikotik aurkezteari ekin ziotela. Oraingoz, epaitegiek aginduta, 41 langileri “mugagabe ez-finko” kontratua egin behar izan dietela jakinarazi du. Horietako hamahiruk “ustezko autonomo” kontratua zuten, hamabik “artista” kontratua, eta hamasei langileren kontratuetan akatsak zeuden. Gaineratu dute antzeko beste hogei bat kasu egon daitezkeela.

Kontratazio iruzurrez gain, Basabek deitoratu du ETBko zuzendaritzak ez duela bete hutsik geratutako lanpostuak betetzeko lan hitzarmenean jasotako konpromisoa. 66 lanpostu dira bete beharrekoak guztira: 48 Bilbon, eta 18 Miramonen.

Salatu dute telebista publikoko zuzendaritzak langileen eskubideak eta legeak urratzen jarraitzen duela, eta oraindik ere lan poltsak eta kontratazioak “modu zuzen eta gardenean” egiteko bidea dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.