Joan den urteko abenduan izendatu zuen EITBko zuzendaritzak EITBren Social Media eta Eitb.eus webguneko zuzendari berria: Nagore de los Rios. Izendapenaren unean bertan, EITBko kontseiluak kritika zorrotza egin zion zuzendaritzari, De los Riosek ez baitaki euskaraz. LAB sindikatuak, gaur, salaketa hori findu, eta prentsa ohar bat bidali du: bertzeak bertze, erran du EITBk lan eskaintzaren oinarriak manipulatu dituela.
Ez da lehen aldia LABek auzia salatzen duena, abenduan ere adierazi baitzuen zuzendaritzak euskaldunak «gutxietsi» egiten zituela hautaketa hori eginda. Gaurko oharrean, baina, sindikatuak erakutsi du EITBk aldaketa bat egin duela lan eskaintzaren oinarrietan, urtarril hasierako eskaintza eta urtarril bukaerakoa desberdinak baitira: urtarril hasieran euskarazko C1 maila izatea zen lehendabiziko baldintza, eta gaur egungo oinarrietan ez da halako betekizunik eskatzen. LABek dio «oso larria» dela gertatzen ari dena; batetik, baldintzak betetzen ez dituen pertsona bat zuzendari izendatu dutelako, eta, bertzetik, urraketa ezkutatzeko, baldintzen agiria manipulatu dutelako. Alegia, EITBk, «polemika» ikusita, baldintzak aldatu zituela, sindikatuaren arabera.
EITBko kontseilua Eitb.eus-eko, ETBko, Euskadi Irratiko, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako erredakzio kontseiluek osatzen dute, eta De los Rios lanean hasi zenean salatu zuten dagoeneko hasiak zirela ondorioak pairatzen: «Bilera eta lan harreman guztiak gazteleraz izan dira». LABek ere orduantxe eskatu zion Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrari bilera bat egin zezaten. Hark, ordea, bilerari ezezkoa eman eta idatziz erantzun zien sindikatuaren kexei, oharrean bildu dutenez: «Hizkuntza mailari dagokionez, hautagai finalistek antzeko ezagutzak zituzten». Gainera, argitu zien EITBko zuzendaritza «ziur» dagoela erabaki hori hartu izana ez dela eragozpena izango Interneteko plataformarik aurreratuena eta modernoena garatzeko.
Aldekoak atzo EITBko kontseiluari adierazi zion «saiatu» egiten direla zuzendaritzarako euskaldunak lortzen, baina ez dela beti posible izaten. «Erabakietan oreka izan behar dugu profil profesionalaren eta hizkuntzaren artean», zioen Aldekoak, salaketaren arabera. Egoera ikusita, LABek ohartarazi du «azkeneraino» joateko prest dagoela, eta hautaketa prozesu guztiak gardenak eta zuzenak direla bermatuko duela.