Aturriren bolumenak ez du kausitu bi kulturen bereizten. Hegi batetik bertzerat pasa baita La Passem okzitaniar Korrika. Bi aldeetan aditzen da euskara eta okzitaniera. Abiatu berri da Korrikaren ahizpetako bat, Sent Martin de Senhansetik (Landak), etzi Pauen (Biarno) bururatzeko.
Aisita izan da AEK-k erosi duen hamazazpigarren kilometroa edireitea: Bixente Claverie Donapaleuko AEK-ko permanenteak ikurrina ikusgarria baitarama sorbaldan, haizearen izurdura ezti batean: «Korrikaren ahizpa baita sustengatu behar da La Passem. Harreman estuak ditugu okzitaniarrekin, haiek ere sustengatzen gaituzte, beraz guretzat oso normala da hor izatea». Tirrintak jo du: lankideak La Passem gibelean kokaturik dira, ezin helduz haien kilometrorat:«Denen izenean eginen dut, arazorik gabe!».
Itzaletik bizikleta gainean beha da Pierre Gillemotonia, Lehuntzeko (Lapurdi) auzapez ohia: «Gure eremuaren parte bat gaskoiez bizi da, baina ez dugu kasik gehiago entzuten. Euskara ez da hain egoera onean, gaskoia okerrago da. La Passem lasterketan parte hartuz sustengatzen dugu, absolutuki egin behar da».
Tutaka ailegatu da lehen kamioia. Aiduru den multzoa jauzi batez hurbildu zaio, malako bortak zabaldu bezain zalu, hain ongi antolatutako tiraderek, organo baten teklek nola, aho zabalka hasi dira, trixertak saltzeko. Giza paisaia tanpez horitu da. Jean Marie Notarik ditu bortak zabaldu, Ligams elkarte antolatzaileko kide da. Aturri gaineko zubiari so dago: «Ez da zubirik, ez mugarik euskara eta gaskoieraren artean. Korrikaren taldeari esker antolatu ahal izan dugu La Passem. Ez da arazorik, ez polemikarik; elkar laguntza baizik, elkarren sustenguz hizkuntzak transmitituak izan daitezela!».
Baionako akademia gaskoiaren presidentea ere tente beha da, lasterketak noiz irentsiko: «Oso garrantzitsua da Aturri hegoaldean pasatzea La Passem; hizkuntzaren presentziaren lekukotasuna emateko». Aldarrikatu du frantses Hezkunde Nazionalak kontutan har dezan okzitaniera; Aturri hegoaldean okzitaniera-frantsesa klase elebidun bakarra baitago, Bidaxunen (Nafarroa Beherea). Laster mendea beteko duen akademiak badu xede argia: «Saiatzen gara gaskoia biziarazten, gertakariak sortuz, antzerki konpainiei itzulpenak eginez... Segitzen dugu idazten eta transmititzen; helduendako guhaurek, baina haurrendako izugarri konplikatua da». Euskalgintza izugarri «indartsu» ikusten du: «Hasten dira gauzak mugitzen baina badugu sekulako beranta».
Zangoluze, mihiluze
Luze gabe, Ligamsen bigarren kamioiak begitartea erakustera eman du, badator okzitaniera lasterka zabaldu nahi dutenen tropa. Alta, burua altxatu behar da, tchanque edo zangoluzeei begiratzeko. Landetako talde folklorikoaren kideak dira: «Gure hizkuntza sustengatzeko manera hoberena da herriz herri pasatzea».
«Pitxu, Patxu, Pitxu, Patxu, La Passem!», Salieseko (Biarno) eskola elbiduneko haurren aldi da. «Amamak mintzo du baina ez du maite», erran du neskatxak.
«Euskal balioak oro ene ditut, bietan dut bihotza. Baionan Kantuzen ari naiz, Buhaminetan ere, eta Nadau jarraitzen dut. Korrikan ere parte hartu nuen Bilxokoren kide bainaiz». Patricia Cazemajorrek ere, Aturrik nola, okzitaniera eta euskara batzen ditu, Biarnon sortu euskalduna baita.