Ordiziako euskal jaietako azoka berezia

La Leze etxekoa zen ke usaina

Arabara joan da saria: Ilarduiako La Leze gaztandegiak irabazi du Ordiziako gazta txapelketa, bigarrenez. 5.000 euroan saldu dute gazta erdia enkantean. Jendetza bildu da euskal jaietako azokan.

La Leze gaztandegiko Jose Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, garaikurrekin. GOTZON ARANBURU / FOKU
La Leze gaztandegiko Jose Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, garaikurrekin. GOTZON ARANBURU / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Ordizia
2024ko irailaren 11
18:58
Entzun

Oso puntu tarte txikietan dabiltza hor puntan dabiltzanak. Gaztak ez dira beti igualak izaten, noski, baina izenen zerrenda bada igualtsua. Kinieletan sartzen direnak jakinekoak izaten dira, eta Ordiziako gazta txapelketa ezagutzen dutenek ordenan nola joango diren jakitea izaten dute lanik handiena, gehienetan. Horregatik, lehen bost sailkatuen atzerako kontaketa egin, eta Abadiñoko (Bizkaia) Urien-Anbe, Egozkueko (Nafarroa) Loperena eta, batez ere, Segurako (Gipuzkoa) Ondarre gaztandegien izenak agertu direnean, Lekarozko (Nafarroa) Kortaria eta Ilarduiako (Araba) La Leze gelditzen direla ohartu dira adituak segituan. Eta Kortaria bigarren gelditu denean, La Lezera begira jarri dira ia denak. Hangoa zen bai ke usain eder hori, eta hangoa gazta saritua: Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregirena. 5.000 euroan erosi du erdia Azkue Gourmet enpresak.

Hori izaten baita Beti Alai frontoiko jarduna gazta egileentzat: atzerako kontaketa urduri bat. Dastatzera emandako 47 gazten entresaka egiten dute dastatzaileek. Iragazi eta iragazi, hamalau finalistak irteten diren arte. Horien artean dago saritua. Eta gazta ketuak izan dira hamalau horietatik hamar. Ardi latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa da Ordiziakoa. Artzainaren aukera da ketua edo ketu gabe aurkeztea, baina bada teoria bat dioena Ordiziako epaimahaiko kideei ketua gustatzen zaiela gehiago, eta teoriak ez du oraingoan (ere) hutsik egin.

Ez teoriak, eta ezta jendeak ere. Euskal jaietako azoka berezia baita, eta arretagunea eta lerroburuak gazta lehiaketak bereganatzen dituen arren, euskal jaiak dira Ordizian, eta azoka eguna da Ordizian. Adur Ezenarro alkatea da baserritarrez jantzita dabiltzanetako bat —ez pentsa horrenbeste direnik—. Batekin eta bestearekin ari da, batean eta bestean. Azaldu du zer den azoka berezia herriarentzat, eta bertara joandakoentzat: «Nekazaritzaren eta lehen sektorearen erakusleiho paregabea da hau. Geroz eta garrantzitsuagoa da ekoizlearen eta eroslearen arteko harreman hori sustatzea. Argi dagoena da bitartekaririk gabeko salmenta hori dela gure baserritarrei eta gure artzainei aterabide egokiena ematen diena. Egunean bertan erostea garrantzitsua da, baina artzainak, nekazariak, ekoizpen ezberdinak... ezagutzeko aukera paregabea da Ordiziako azoka».

Gazta baino gehiago

Ez baita dena gazta Ordizian. Talogileek prest dituzte postuak gaita doinu goiztiarrenak entzun direnerako. Badago aukera: Segurakoak eta Lazkaokoak (Gipuzkoa), Leitzako Mieltxorenak (Nafarroa) eta Mungiako Aurrekoetxearenak (Bizkaia). Osatu liteke jana gazta pintxoekin —euro batean— eta ardoarekin —Nafarroakoekin eta Arabako Errioxakoekin—. Elkarren ondoan jarrita dago dena. Estrategia ona  da.

«Ze politak diren, aita. Baina horiei lumak falta zaizkie lepoaldean!». Euskal Oiloaren Elkarteak jarrita dauzka ikusgai lepasoilak, beltzak, zilarrak eta marradunak. Lepasoilei buruz ari da alaba aitarekin, noski. Sagarrak, loreak eta landareak daude toki berean. Eguzki printzak datoz Txindokitik. Hobeto luzitzen du denak horrela.

Errifak euskararen alde. Ziza horiak 18 euroan kiloa. Onddoak 25 eta 35 euroan, aukeran. Itxura eta tamainaren arabera. Erosleak asko; jeneroa ez horrenbeste. Nafarroakoak direla jartzen du karteltxoetan. Egin du euria, eguzkiak hezea goxatzea falta da orain.

Obretan segitzen du azokako plazak. Gazta ari dira saltzen udaletxeko arkupeetan. «Alberjiniak dira horiek? Itxura eta kolore arraroa dute benetan», esan dio kalekumeak baserritarrari. Landareak ere badituzte salgai. Neguko baratzeetarako azken ahalegina da askorentzat. Tomaterik apenas izan denez gehienentzat, azalorea eta porrua hobeto etorriko ote da. Esperantza ezin da landatu.

Patxarana nahi duenak basarana behar duela badaki. Garaia da. Zazpi euroan saltzen dute kiloa. Ibarrako langostinoak hamar euroan. Saskia eskuan hartuta dabiltza sukaldariak: Roberto Ruiz (Hika) eta Edorta Lamo (Arrea). Epaimahaikide lanak egin aurretik ari dira erosketak egiten.

Presiodun urarekin garbitzen dizkiete hankak eta azpiak, eta trapu lehor batekin adarrak. Piriniotar arrazako behi eta zezen azienda ederra dago jarrita. Ez ardi eta ez zaldi. Ez da horien garaia. Lehiaketarako dira animaliak, eta label bihurtuta ari dira beste asko haiekin ogi gainean borrokan. Erosi hor nonbait egiten baita azoketan. Jan, ordea, asko. Eta bai, usain hori, ke usain eder hori, La Leze etxekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.