Kutxa Birari buruzko dokumentala BERRIAn ikus daiteke osorik

Astelehen gauerdira arte ikusi ahalko da. Kutxa Birak eragindako sentimenduak bildu dituzte

Azkaineko ikastolako (Lapurdi) gaztetxo batzuk, Kutxa Bira Baionara iritsi zenean. BOB EDME.
Edu Lartzanguren - Urtzi Urkizu
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun

Kutxa Bira egitasmoak antolatzaileen aurreikuspenak apurtu zituen. 15-20 herritara eraman nahi zuten, eta, azkenean, 80 hiri eta herritatik igaro zen euskararen eta bizitzaren aldeko mezua duen egurrezko kutxa. Patagonian hasi zen kutxaren bidaia (Argentina), martxoaren 20an, Euskal Herritik 12.000 kilometrora. Eta Urruñan (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) amaitu zen, maiatzeko azken asteburuan. Abentura hura nola antolatu zen kontatzeko, Iparra Hegoa elkarteak 64 minutuko dokumental bat ekoitzi du. BERRIAren webgunean ikus daiteke, atzotik astelehen gauerdira arte. 

 

Amaia Renobales Eubak eta Iban Garcia Azpiazuk egin dute dokumentala. Argentinako Carmen de Patagones herrira eramaten du ikuslea hasieran, kutxak bidaia hasi zuen tokira. Herriz herriko zeharkaldia egiten duen bitartean, egitasmoaren inguruko informazioa ematen du. Esaterako, kutxa eraiki zuten artisauak aurkezten ditu, eta haiek kontatzen dute nola sortu zuten. Kutxaren barruan garraiatu zuten mezua Amets Arzallusek idatzi zuen, eta hark azaltzen du nola osatu zuen testua. «Hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra; hitza da gure lurra», adierazten du pasarte batek.

Garciak zera esan du: «Hasiera-hasieratik gure asmoa Kutxa Birak bere horretan dituen helburu, sentimendu eta pasadizo guztiak ikus-entzunezko lan batean biltzea izan da. Horretarako, proiektua hasi aurretik, gauzatzen zen bitartean eta ondoren antolatzaileekin elkarlanean ibili gara, ahalik eta modu natural eta gardenean dena biltzeko».

Patagoniatik hastea erabakita, euskal diasporari «ahotsa emateko» asmoa izan zuten antolatzaileek. Hegoaldeko hemisferioko euskaldunak mintzo dira dokumentalean: haientzat euskarak eta euskaldun izateak zer esan nahi duen azaltzen dute. Kutxak Katalunian eginiko egonaldia ere ikusten da dokumentalean; besteak beste, Bartzelonan haren inguruan antolatu ziren jaiak.

Pandemiak eragindako konfinamenduak euskaldunak nola banandu dituen kontatzen dute antolatzaileek, eta hutsune hori bete nahi izan dutela egitasmoarekin. Garcia gustura ibili da lana egiten: «Kutxarekin batera ibili ginen gu geu ere, Euskal Herrian barrena eragin dituen sentimendu eta erreakzio guztiak grabatzen lehenengo pertsonan».

Segurako Baratze pilotalekuaren ondoko futbol gunean amaitzen da lana. Han, eginikoaren balorazioa egiten dute antolatzaileek. Kutxa Bira behin egiteko egitasmo bat zela adierazten dute, Korrika, Herri Urrats, Durangoko Azoka, Nafarroaren Eguna eta halako festak ez egiteak sorturiko «kalte emozionalak eta nortasun kalteak» nolabait osatzeko. Baina ezin da ezer baztertu.

Garciak bilakaera bat sentitu du lana ontzen. «Egunez eguneko lan bat izan da, arazo eta zailtasunetara egokituz eta aurretik antolaturiko egutegia ahalik eta ondoen jarraituz. Proiektua bera eboluzionatzen joan zen denborak aurrera egin ahala, eta gu ere berarekin batera joan ginen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.