Kutxa Bira, edonoren eskura

Iparra Hegoa elkarteak Lazkaoko beneditarren artxibategian gorde ditu Kutxa Bira egitasmoan bildutako mezuak. Egurrezko kutxa, berriz, Segurako Turismo Bulegoan

Iparra Hegoa elkarteko eta Segurako Turismo Bulegoko ordezkariak, atzo, Seguran. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Lazkao-Segura
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Kutxa Bira egitasmoaren barruan hainbat mezu idatzi zituzten herritarrek, eta Iparra Hegoa elkarteak Lazkaoko beneditarren artxibategian (Gipuzkoa) gordeko ditu orain mezuok. Bestalde, herriz herri ibilitako egurrezko kutxa Segurako (Gipuzkoa) Turismo Bulegoan egongo da ikusgai.

Iparra Hegoako kideek atzo eman zioten itxiera Kutxa Bira egitasmoari. Lehenik, Lazkaoko artxibategian utzi zituzten egitasmoan bildutako mezuak. Ostera, Segurara joan, eta turismo bulegora eraman zuten kutxa.

Lazkaoko beneditarren artxibategiaren kanpoaldean bildu ziren Kutxa Biraren antolatzaileak eta dokumentazio funtsaren arduradunak. Horien artean zen Juan Jose Agirre funtsaren sortzailea ere. Argazki saioa amaitu ostean, hitzarmen bat sinatu zuten artxibategiaren barnealdean.

Nagore Aranzabal Beitia Baionako Bernat Etxepare lizeoko kideak azaldu zuen zergatik erabaki zuten mezuak Lazkaon gordetzea: «Lazkaoko artxibategian gordetzea interesgarria iruditu zitzaigun ondo gordeak egongo direlako eta, etorkizunean norbaitek pandemiaren inguruko tesi bat egin nahi badu, hor ikusiko dituelako».

Lazkaoko artxibategiko kideak agurtu ostean, Iparra Hegoako elkartekoek Segurarako bidea hartu zuten. Ardixarra etxearen aurrean elkartu ziren turismo bulegoko arduradunekin. Han utzi zuten 80 herri baino gehiago zeharkatu dituen egurrezko kutxa. Baita kutxaren barnean ibili den Hitza da gure lurra, Amets Arzallusek idatzitako mezua ere.

Mezuak bezala, kutxa ere jendeak ikusteko moduan utzi nahi zutela azaldu zuen Aranzabalek: «Demagun Argentinan Kutxa Biran parte hartutako jendea oporretan etortzen dela eta [kutxa] ikusteko gogoa dutela. Ba, nahi dutenean ikusgai izango dute Segurako Turismo Bulegoan».

Herritarren mezuek hainbat aldarrikapen bildu dituzte. «Herriek sartu dituzten amets asko euskararen ingurukoak dira, beste batzuk herrietan dauden polemika edo dinamiken ingurukoak», azaldu zuen Aranzabalek.

Mezuak eta kutxa gordeta, egitasmoa itxi zuten, eta antolatzaileek Kutxa Biraren balorazioa ere egin zuten. Euri Albizu Telleria Iparra Hegoa elkarteko kideak dioenez, «oso xume» hasi zen Kutxa Bira, baina, gerora, «oihartzun handia» izan du. Orain, elkarteak herritarren «ametsak betetzen» jardungo duela esan zuen. Aranzabalek ideia hori azaldu zuen: «Ametsek amets izateari utzi, eta horiek gauzatzeko garaia dela aldarrikatzeaz ari gara».

Egitasmoaren inguruko dokumental bat ere egin dute. Uztailaren 16an aurkeztuko dute Urruñako (Lapurdi) Itsas Mendi zineman. Kutxabira. Herriz herri euskara oinarri du izena Iban Garcia eta Amaia Renobalesen filmak. Kutxa Biraren sorreraren eta ibilbidearen ingurukoak azaltzen ditu. Egun berean, sortzaile gazteek euskaraz ekoitzitako beste bi lan emango dituzte Bizifilmak jaialdian: Tenpraren guarpena eta Periferiaren mugak.

Bat eta bakarra

Kutxa Bira pandemiaren testuinguruan sortutako egitasmoa izan da, eta ez dute berriz antolatzeko asmorik. Datozen urteetan euskararen eta Euskal Herriaren aldeko gainontzeko jaiak itzultzea espero baitute antolatzaileek.

Izan ere, «herri nortasuna larri» utzi zuen COVIDak, antolatzaileen ustez. Horregatik, euskaldunak bildu eta aktibatzea izan zen Kutxa Biraren asmoa.

Ekinaldia martxoaren 20an hasi zen Argentinan, euskal diasporari keinu bat eginez. 80 herri baino gehiagotatik igarora, Urruña eta Seguran egin zituzten amaiera ekitaldiak, maiatzeko azken asteburuan. Amets Arzallusek idatzitako mezua kutxarekin batera ibili da, eta herri guztietan irakurri dute. Horrekin batera, herri bakoitzeko biztanleek euren ametsak idatzi, eta kutxan sartu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.