Kutxa Bira, ametsen topaleku

'Bizi gira... kutxa bira!' lelopean, Euskal Herria eta diaspora zeharkatuko ditu Iparra Hegoa elkartearen Kutxa Bira ekinaldiak. Diotenez, «behin bakarrik» egiteko asmoa dute.

Idoia Lopetegi eta Pello Aranzabal, Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatuko duen kutxa eskuetan dutela. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Bizitza erdigunera eraman behar da, baina baita gure herria ere». Hausnarketa horretatik tiraka sortu zen Iparra Hegoaren Kutxa Bira egitasmoaren ideia. Osasun krisiaren ondorioz, euskararen aldeko hainbat eta hainbat ekinaldi bertan behera geratu dira, eta horrek eragina izan du, Pello Aranzabalen hitzetan: «Korrika, Herri Urrats, Durangoko Azoka, Nafarroaren Eguna eta halako festak ez egiteak kalte emozionalak eta nortasun kalteak eragin dizkigu, eta horren ondorioa da Kutxa bira». Iparra Hegoa elkarteko partaideetako bat da Aranzabal, eta «galera emozional hori» apaldu nahi dute Kutxa Bira egitasmo horren bitartez. Hala ere, argi utzi dute egitasmo horrek ez duela urteetan irauteko asmorik, eta «dena ondo bidean» behin bakarrik egingo dutela.



Izan ere, Iparra Hegoa ekinaldia ezingo dute urteroko formatuan egin aurten ere —iaz ere bertan behera geratu zen—, eta hori dela-eta erabaki dute aurten Kutxa Bira egitea.

Argentinatik abiatu, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko duen egurrezko kutxa bat izango da Kutxa Bira egitasmoko protagonista nagusia. Viedman (Argentina) hasiko da, martxoaren 20an. «Diasporan hasiko da, Euskal Herritik 12.000 kilometrora dagoen Viedmako Aberri Etxea euskal etxean». Patagoniatik hasteak euskal diasporari «ahotsa emateko» xedea duela nabarmendu dute antolatzaileek.

Herriz herri lekukoa emanez

Diasporarekin «lehendik ere» harremana dute Iparra Hegoa elkarteko kideek, baina, pandemiari esker, haiek ezagutzeko aukera izan dute, Internet bidez. «Ikaragarri gustatu zitzaien Kutxa Biraren ideia. Oso barrutik bizi dute egitasmo hau, eta guk ere oso barrutik bizi dugu haien parte hartzea», azpimarratu du Aranzabalek.

Euskal Herrira, berriz, apirilaren 8an itzuliko da kutxa. Zehazki, Baionako Etxepare lizeoan hasiko da Euskal Herriko itzulia, eta, zeharkaldi osoa egin ondoren, Urruñan (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) amaituko du ibilbidea, maiatzaren 30ean: Urruñatik Segurara joango da egun horretan. Bi herri horiek azkenerako uztea «ez da kasualitatea», Aranzabalen hitzetan: «Nahita hartu dugu erabakia; izan ere, bi herri horietako pertsonen arteko harremanetik eta elkar ezagutzatik sortu zen Iparra Hegoa elkartea, eta hori nabarmendu nahi dugu».

Jendea mugitu ordez, kutxa mugituko da herriz herri, eta, horrela, Euskal Herriko itzulia egitea lortu nahi dute antolatzaileek: «Egitasmo honen bitartez, euskal komunitatea batu nahi dugu».

Herri bakoitzak, bideo bat egiteaz gainera, kutxa barrura, fisikoki, aldarrikapen bat sartu beharko du. «Herri bakoitzak sentitzen duena sartuko du kutxa barrura, eta, horrela, etorkizunean amesten dugun Euskal Herria irudikatuko dugu». Euskalgintzako, herrigintzako eta kulturgintzako eragileen adierazpenak bilduko dituzte kutxa horretan, eta, mezu horrekin batera, hurrengo herriarentzako gonbidapen agurra idatziko dute.

Herriz herriko aldarrikapenez gainera, Euskal Herri osoari zuzenduko zaion Hitza da gure lurra testua ere egongo da kutxan. Amets Arzallus bertsolariak idatzi du mezu orokor hori, eta herri guztietan irakurriko da. «Hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deit dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea», azaldu du Arzallusek, besteak beste, testuan. Horrez gainera, bukaerako ekitaldian, parte hartu duten herri guztien ametsak plazaratuko dituzte.

Parte hartu nahi izanez gero, edozein ikastetxek, elkartek, udaletxek eta eragilek izango du izena emateko aukera. «Edozeini irekia da; betiere, Iparra Hegoa elkartearen filosofiarekin eta izpirituarekin bat egiten badu: euskara, lurraldetasuna eta herri bat gara». Bihar amaituko da izena emateko epea, eta «ahal bezain fite» jakinaraziko dute zein izango zen ibilbidea eta zer egunetan jasoko duen herri bakoitzak kutxa. Hala ere, «oso pozik» daude jasotako babesarekin: «Oso harrera ona izan dugu, eta argi ikusi dugu halako ekinaldien behar latza eta egarria dagoela».

Behin egiteko asmoa

Iparra Hegoa elkarteak 26 urte daramatza euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizten eta sendotzen. Hala ere, antolatzaileek argi dute Kutxa Birak ez duela urteetan iraungo: «Datorren urtean gure ohiko formatura itzultzea da helburua; izan ere, gure herria oso aberatsa da festa eredu propioa duten ekitaldiak antolatzen, eta ez dugu beste baten beharrik ikusten». Hortaz, osasun krisiak eragindako egoerari erantzuteko sortu den egitasmo bat da: «Ez dugu errepikatzeko asmorik».

Urterik urte haziz joan da Iparra Hegoa elkarteak antolatzen duen ekitaldi kulturala. Izan ere, oihartzun nagusia Segurako Euskal Asteak hartu badu ere, lurralde osoko euskaldunen eta elkarteen arteko harremanak saretzen aritu dira Iparra Hegoa elkarteko kideak. Horrez gainera, azken urteetan Baionako Bernat Etxepareko ikasleak ere bete-betean murgildu dira elkartearen dinamikan. «Egunpasa gisa abiatu zen ekitaldi kultural hura ia bi hilabetera luzatu zen duela bi urte. Indarra hartzen ari gara, eta hori oso aberasgarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.