Udako seriea. Euskal Herriko ingurubirak (III)

Kurutzebarri, Zaraiako itsasargi

Hainbat tontor gailentzen dira Zaraiako inguru karstikoan; zaila izaten da zehaztea zein den ederrena, zein erakargarriena. Zapalduenak, akaso, Aranguren, Elorreta eta Kurutzebarri dira.

Harri biribilak ikusiko dira Kurutzebarri mendiaren oinarrian. JOSEAN GIL-GARCIA
Harri biribilak ikusiko dira Kurutzebarri mendiaren oinarrian. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Eskoriatza
2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

Zaraia mendiguneko punturik altuena Elorreta haitzean dago, Aretxabaletaren eta Eskoriatzaren (Gipuzkoa) arteko muga-mugan. Nonbait, mugarri funtzioa betetze aldera, harlanduzko gurutze bat altxatu zuten han, XVIII. mendearen erdialdean. Lehenago ez omen zen besterik. Hamarkada batzuk geroago, ordea, gurutzea eguratsak kalte eginda zelarik, burdinaz egindako beste batek hartu zuen lekukoa. Bigarren horrek ez zuen izan zorte hoberik, eta, hura ere kaltetuta, beste gurutze batek beztitu zuen Zaraiako mendigunea. Aretxabaletako zazpi mendizalek osatutako talde baten ekimenez goratu zuten burdina, Gorbeia eta Aloña mendietan jarritakoak akuilu ona zutelarik. Horiek horrela, Elorretako muino malkartsua aukeratu gabe, iparralderago ateratzen den harkaitz bat hautatu zuten. Gaur egun ezaguna den kokapen bera.

Ibarretik egokien ikusten den talaia izaki, erabateko oihartzuna izan zuen gurutze berriak 1928ko irailaren 18an. Handik eta hemendik etorritako zaletu askoren bisita jaso zuen Kurutzebarri mendiak, ekitaldi hunkigarrian ateratako argazkietan ikusten ahal den moduan. Elkarretaratze jendetsua, beraz, erreferentea izateko sinboloari gorazarre egiteko.

Udako seriea: kurutzebarri
 

Kurutzebarriko gainaldea zapaltzeko makina bat zidor daude. Mendigunea PR eta GR zidor ugarik zeharkatzen dute gaur egun, zeinak proposamen interesgarriak eskaintzen dituzten historiaz, arkitekturaz, paisaiaz eta kondairaz blaitzeko. Mendiola herrian hasi eta, ohiko bideari lotu aurretik, Elexabarriko parajera joko du txangolariak. Hala, osteratxo samurrak lagunduko dio San Joan Txiki izena hartzen duen baselizara iristen. Kondairak dioenez, Kurutzebarri inguruko bazterrak kazkabarrak gogor eta errukirik gabe zigortu zituen garaian, bizilagunek adostu zuten tenplu bat eraikitzea. Paradoxikoa bada ere, Luis Pedro Peña Santiago etnologoak gogora ekartzen du San Joan Txikira ere joan izan dela sarritan, baina euri eske.

Mendiolako zidorra

Mendiola herrixkan (Eskoriatza, Gipuzkoa) hasiko da ibiltaria. Abadearen baserri aurreko eremuan utziko du autoa, intxaurrondoen babesean. Asfalto gainean atzera pausoak egingo ditu, eta, monumentura iristean, ezkerrera hartu, Areano eta Txarena baserrietara doan bideari muzin egin eta porlanezko bideari segituko dio. Goratasuna hartzen hasita, Aitxorrotx mendiko harrizko hagina bistaratuko zaio laster. Atzealdean, ordea, Udalatx, Murugain, Tellamendi eta Asentsiomendi mendiek osaturiko anfiteatroa geratuko da. Aldatsean gora, Aizkorri-Aratz parke naturalean sartzen dela jakinaraziko dio bide seinale batek. Porlanezko bideak ezker aldera egiten duen zabalgunean, zuzen segitu eta harbideari men egingo dio.

(ID_17207090855885) KURUTZEBARRI, ZARAIAKO ITSASARGI
San Joan Txiki baseliza. JOSEAN GIL-GARCIA

Mendiolaburura iritsita, Kurutzebarrira doan ohiko bidea laga eta eskuinera joko du zaletuak, betiere San Joan Txiki baseliza xumera iristearen kariaz. Hala, Mendiolaburuko txabola eskuinean utziko du haritz gorriek hartuta duten berdegune ederrean. Basabide nagusitik jarraituko du gero, eta pauso arinak emango ditu PR-GI 99 ibilbide laburreko zidorraren arrastoak lagun. Basoa beste espezie batzuekin ederragotuko da, batez ere goratasuna hartzen duen heinean. Izeiak, haritzak eta pinuak norgehiagoka arituko dira. Aldapa amaitzen den tokian, tinda zuri-horiko arrastoak utzi eta ezkerretik irteten den basabideari ekingo dio. Aldats gora egiten hasi eta berehala, ezkerretik aldenduko den belarrez jantzitako bidea bazterrean laga eta irmoki eutsiko dio ibiltariak basabide behinenari. Aurreragoko bide sarda batean ezkerrera egingo du basabideak. Orduan, sigi-saga bideratuko du oinezkoa bide apetatsuak. Mandabide baten antzera-edo gidatuko du Kurutzebarriko magalean barrena. Elexabarriagako pagadiaren soseguan irekitako harbideari segika, iturri bat eta baseliza lotzen dituen bidebanatzera helduko da. Eskuinera joko du han, eta, ziztuan, San Joan Txiki ermitara iritsiko.

Tenpluaren ondotik igarota, ibiltariak gertu ikusiko duen alanbrea zeharkatu ostean, belardian gora joko du. Bidebarrietako bidearekin topatuko da behin aldapa amaituta. Bidea mugatzen duen alanbre parean hamaika metro egingo ditu, harik eta hesia gurutzatzeko aukera ikusi arte. Bidebarrietan gora segituko du orduan, Kurutzebarrira doan ohiko bidea gidari duelarik. Pagadiak bete-betean hartuko du laster. Apotzagakortako harraskarekin bat eginda, porlanezko bidearen ertzean eskailera batzuk ikusiko ditu. Horiexek baliatuko ditu, akaso, bidea lokazten denean eta magala elur maindire batek janzten duenean. Pagadiak ederki babestuta agertuko zaio Burdintxoren txabola. Handik egingo baita jaitsiera, basabide nagusitik aurrerapausoak ematen jarraituko ditu ibiltariak. Pagadiaren babesetik irtendakoan, Elorretako haitz karstikoa bekoz beko izango du. Eskuinaldean, ordea, Aranguren mendiko pagadi trinkoa. Aretxabaleta eta Eskoriatza herrietako muga adierazten duen mugarri ondotik igaroko da berehala. Aurrera segitu eta aurrez aurre irekitzen den lepora joko du zuzen-zuzen. Eremu lau horretan, Elorretako haitzari bizkarra ematen hasten den unean, basabidea utzi eta belardian gora egingo du. Metro batzuk baino ez. Ezkerrera hartuko du orduan, Elorretako haitz aldera egiteko asmoz. Tontorrera igo gabe, baina, mendigune karstikoa inguratzen duen zidor estuari jarraituko dio. Hala, zehar-zehar eta malkarra erabat saihestuta, Kurutzebarri azpiko belargunera iritsiko da. Gurutzea gain-gainean izanda ere, haitzaren atzealdetik segitzen du igoera maiztua. Horregatik, tontorreko gandorra behealdetik inguratuta, gurutzeraino lagunduko dion zidorrari oratuko zaio.

Uriagako baserria

Tontorretik jaitsi, eta igoeran egindako bidetik jarraituko du bisitariak. Gurutzearen azpian altxatzen diren harri biribilen artetik igarota, mendebaldera jaisten hasiko da. Malkarra eskuinaldean duela, goratasuna galtzen jarraituko du. Une batez, bideak ezkerrera egingo du. Pagadian sarrarazita, Burdintxoren txabolara helduko da. Haren ondotik igaro, eta Bidebarrietako bidearekin topo egingo du bizkor. Basabidea lagun, Mendiola aldera egingo ditu urratsak. San Joan Txiki baselizara jaitsi ordez, basabideari oratu eta Uriarteko txabola eta baseliza lotzen dituen parajera iritsiko da. Horiek horrela, desbideratzerik hartu gabe bide harritsuan behera jarraituko du. Une batez, bide nagusiak ezker aldera egingo du. Ibiltariak ere ezkerrera joko du.

(ID_17207089321085) KURUTZEBARRI, ZARAIAKO ITSASARGI
Kurutzebarriko gurutzea 1928ko irailaren 18an inauguratu zuten. JOSEAN GIL-GARCIA

Uriaga baserritik gertu, harrizko hortz eder bat antzemango du bidaztiak. Lizar batzuen paraleloan ibili ostean, Uriaga baserriko sarbidera iritsiko da. Porlanezko bidea zeharkatu eta eskuinetik jarraitzen duen zidor bati segituko dio. Lizar bitxi baten ondoan, hesia gurutzatu eta belardian aurrera egingo du. Laster, baina, bidexka lubaki estuan sartu eta haritzak, hurritzak, astigarrak eta elorri zuriak gogaide, goratasuna galtzen hasiko da. GR 289 Hartzaren urratsa izeneko zidorrarekin topo egindakoan, ezkerrera okertu eta, arrasto zuri-gorriak lagun, harbide dotoreari ekingo dio. Mandabidea amaituta, pinudian sartu, langa igaro eta Mendiolara iritsiko da ibiltaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.