Janari usaina dario Kursaal jauregiari, eta ez da metafora bat. Zurriola etorbide osoa hartzen du lurrinak, eta hango jakien eta edarien finak. Horixe baita Gastronomika: erakusmahai erraldoi bat, norberaren onena erakusteko eta irakasteko. Erakusleiho erraldoi bat, norberaren leihoa besteei irekitzeko. 25. ekitaldia amaitu da, eta halakoxea izan da aurtengoa ere: izan direnen, direnen eta izango direnen erakusleihoa eta elkargunea. Hori da urtero Kursaalean egosten dena.
Oliba olioa dauka Kordobak, Almadrabako atuna Cadizek, olibak Sevillak, eta urdaiazpikoa Extremadurak. Galiziak itsas zaporea daukala dio leloak, Burgos sormenaren hiriburua dela —eta odolosteena—, eta Tenerifek emozioak pizten dituela. Labanak eta haiek zorroztekoak, amantalak eta haiek janztekoak. Ostrak, trufak, pateak eta kabiarrak. Lanerako tresnak, eta gestiorako lanabesak. Txuleta zinta bizkarrean hartuta doazenak korridoreetan, eta tratua bostekoa emanda itxi dutenak txokoetan. Hori dena ere kozinatzen da Kursaalean.
Matthew Lightner sukaldariak Okta jatetxean (McMinnville, Oregon, AEBak) «naturaren bila» egindakoak azaldu ditu bere hitzaldian, Begoña Rodrigok La Salita jatetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) «azidotasunaren» inguruan osatutakoak, eta Juan Guillamon Alma Mater jatetxekoak (Murtzia, Espainia) «zaporeak eta emozioak» izan ditu hizpide. Nacho Manzano Casa Marcialekoak (Arriondas, Asturias, Espainia) lekaleei buruzko atzera begirako bat osatu du, Leonor Espinosak Leo jatetxean (Bogota, Kolonbia) pozonero-ekin egiten dituztenak azaldu ditu, eta Ricar Camarenak eta Alex Atalak zuzenean kozinatu dituzte ordu batzuk lehenago Bretxako merkatuan erositakoak, inprobisatuz—Valentziako erara batak, eta Brasilgo erara besteak—.
Arbelaitz korridorean
Nahastu egiten dira hitzaldietan hausnarrean dabiltzanak eta erakusmahaietan olgetan dabiltzanak. Biez gozatzen dutenak ere asko dira, eta Hilario Arbelaitz bada horietako bat. Korridorean bertan azaldu ditu aurtengo Gastronomikak utzitakoak, protagonista izan baitira Arbelaitz anaiak, eta Zuberoa: handik pasatutakoek eskainitako afaria eta astelehenean, eta haiei buruzko hitzaldia asteartean. «Pozik handiena nirekin ibilitako gazteek Miramarren emandako afariak eman zidan. Beste belaunaldiek ez badigute jarraitzen, hau bukatu egiten da. Saririk onena da jakitea gazte horiek bide onetik doazela, eta eskertzen dutela Zuberoan ikusitakoa eta ikasitakoa».
Eta gazte horien artean bada bat hasiberria: Eneko Fernandez. Espainiako Master Chef lehiaketa irabazi du aurten, eta duela hamar egun abiatu du egonaldia Basque Culinary Centerren. «Lehen aldia da natorrena. Erabat inspiratzailea iruditzen zait maila horretako sukaldarien alboan egotea. Eta ez da sukaldaritzaz bakarrik hitz egiten, hitz egiten da jasangarritasunaz, hurbileko ekoizpenaz... Ama proiektuko sukaldariak ezagutu ditut, eta asko markatu nau jakiteak horren jende gazteak etorkizunerako halako balioak dituela».
Tino Helguera gozogile asturiarrak dio maite duela gazte horiekin hitz egitea: «Beti galdetzen diet: 'Badakizue non sartuko zareten? Argi daukazue? Hala bada, lehen egunetik ikas ezazue disfrutatzen; bestela, une zail asko pasatu beharko dituzue. Ez baita ofizio erraza'». Carbayon izeneko pastela aurkeztu du Helguerak, Camilo de Blas gozotegian duena jatorria, Oviedon. Gozotegiak 110 urte bete ditu, eta gozoak 100 beteko ditu heldu den urtean. Helguerak 20 urte baino gehiago daramatza Gastronomikan.
Esther Naviak eta Ribera del Guadiana sor-markak ere badute eskarmentua Gastronomikan: «22 urte daramatzagu hona etortzen, eta geroz eta harrera hobea egiten dio jendeak gure ardoari. Egia da pandemiaren ostean geldialdi bat egon zela, baina jendea erruz dabil berriro ere».
Ibon eta Aitor Zaldua anaia erremontistak horien artean bi. «Lehen aldiz etorri gara, eta interesgarria iruditu zaigu. Produktu berriak ikustera eta tabernarako ideiak hartzera etorri gara».
Finean, Kursaalean egosten dena ikustera.
ATZEKOZ AURRERA
Kursaalean egosten dena
Donostia Gastronomikaren hirugarren eta azken eguna egin dute Kursaal jauregian. 25. ekitaldia ere halakoxea izan da: izan direnen, direnen eta izango direnen erakusleihoa eta elkargunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu