Orainaldia lehenaldi bihurtzen dute desagertzeek. Iraungitako aditz denborak dira jada kurlinta mokomehearenak: da bihurtu da zen. Gizakiaren jardunak disekatu du denboraren beira arasetan. Kurlinta desagertu egin da. Ez berez, eta ez gustuz. Ez da ezkutatu. Ez da izutu. Ez du inork uxatu. Desagerrarazi egin dute. Egin dugu. Europan XXI. mendean iraungitako aurreneko hegazti espeziea da. Ederra meritua, eta ondarea.
Ibis izeneko nazioarteko aldizkari espezializatuan argitaratu dute artikulua. Zientzialari eta aditu talde baten ikerlana dago atzean: RSDP The Royal Society for the Protection of Birds, BirdLife International eta Londresko Natural History Museumekoak (Erresuma Batua) eta Naturalis Biodiversity Centerrekoak (Herbehereak). Kontatu dute 1995ean ikusi zutela azkeneko aldiz kurlinta mokomehea (Numenius tenuirostris). Marokoko Merja Zerga urmael urdinean zebilela larrean. Rabat hiriburutik 130 kilometrora dago hezegune hori, eta negua pasatzera Afrikara joaten diren milaka hegazti migratzaileren babeslekua da. Eta saiatu dira geroztik: haren ugaltokietara joan dira Errusiara eta Kazakhstanera, eta bidean izaten zituen geltoki eta babesleku guztietara. Espedizioak antolatu dituzte. Milaka kilometro koadro behatu dituzte. 29 urte iraun du bilaketak, baina ez dute beste alerik ikusi. Eman dute horren berri, eta UICN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak berretsi du desagertzea.
Kaltetutako habitatak
Ikerketa osatu duen zientzialari taldeak ez du arrazoi bakarra ematen kurlintaren desagertzea argudiatzeko: «Posible da inoiz ez jakitea zergatik desagertu den kurlinta mokomehea. Baina presioak jasan dituela garbi dago: haren ugaltokiak, zohikaztegiak, drainatu egin dituzte nekazaritzarako. Negurako zituen janlekuak, kostaldeetako hezeguneak, gutxitu eta hondatu egin dituzte. Eta ehizak ere izan zezakeen eragina, jada gutxituta eta zatikatua zegoen populazio horren galera bultzatzerakoan. Kontaminazioak, gaixotasunek, harrapakaritzak eta klima aldaketak ere bai, baina ezin da neurtu horien inpaktua zenbaterainokoa izan den».
Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologoak ere kurlinta mokomehearen habitatari egindako kalteak aipatu ditu. «Familia horretako hegaztiak [Scolopacidae] bereziki zaurgarriak dira. Hezeguneetan-eta bizi dira, eta horietan ugaltzen dira. Gizakiak beti izan die halako herra bat hezeguneei: gaixotasunak transmititzen direla eta beste. Baina egia da hezeguneak eta inguruak direla lurrik oparoenak eta aberatsenak ere, eta joan garela leku horiek drainatzen. Dela nekazaritzarako dela hirigintzarako desagerrarazi egin ditugu, eta hegazti horiek habitat horietan bizi dira, habitat horiek kentzen badizkiozu, agur. Eta gizateriak ildo hori jarraitu duenez, hezeguneetako hegazti, landaredi eta fauna guztia da metxatuen dagoena».
Kurlinta mokomehearen kasuan, gainera, beste elementu bat ere badagoela dio Unamunok: hegazti migratzailea dela (zela). «Eta migratzeko ere behar dituzu halako hezeguneak bazkatzeko, zure bidaian geldialdia egiteko, eta Afrikara arte iristeko. Bideko habitat horiek ere kaltetuta badaude, arazoak izango dituzu bidaian joateko, bidaia egiteko. Eta Afrikara, negua pasatu behar duten tokira iritsi eta han ere eskasia... Azkenean, hegazti migratzaileek alde guztietatik daukate arriskua».
Galera «sekulakoa» dela dio Unamunok: «Mundu mailako desagertze bati buruz ari gara. Espezie baten iraungitze totala. Ez dago beste inon. Gelditzen direnak museoetan disekatuta daudenak dira». Baina esan liteke hori erabateko ziurtasunez? Nola berretsi daiteke espezie baten desagertzea? «Estatistika kontua izaten da. Egiten badituzu ez dakit zenbait behaketa eta behaketa horietan ez bada hegaztirik agertzen, portzentajeekin jokatzen duzu. Ehuneko ehunean ezin dela esan eta %0,4ko aukera egon daitekeela baten bat egoteko?». Unamunok dio hori ez dela bideragarria. «Nahiz eta bat edo bi egon, populazioa ez doa aurrera. Espezie horietan populazioa iristen denean minimo batera, ez dago buelta ematerik. Eta kasu batzuetan milaka batzuk izaten dira, eta, hala ere, ez zaio egoerari bueltarik ematen, populazioak oso banatuta gelditzen direlako euren artean, eta ez dagoelako genetika trukerik».
«Mundu mailako desagertze bati buruz ari gara. Espezie baten iraungitze totala. Ez dago beste inon. Gelditzen direnak museoetan disekatuta daudenak dira»
EDORTA UNAMUNOUrdaibai Bird Centerreko biologoa
Euskal Herrian ez dago kurlinta mokomehearen erregistrorik, baina badaude kurlintak: kurlinta handiak (Numenius arquata) eta kurlinta bekaindunak (Numenius phaeopus). «Gurean 75 bat daude une honetan. Mokomehearen oso-oso antzekoak dira, eta ezberdintzeko oso zailak. Handia eta bekainduna Europako iparraldean ugaltzen dira, gurera migrazioan datoz, eta beraien populazioak altuak dira. Osasuntsu dauden espezieak direla esan daiteke».
Baina badira mokomehearen bide bera har dezaketenak. Unamunori izen bat eskatuta, berehala esan du: ur benarriza (Acrocephalus paludicola). Hegaztitxo txiki bat, kurlinta mokomeheak egiten zuen ibilbide igualtsua egiten duena: Kazakhstan, Ukraina, Errusia, Polonia... inguruan ugaldu, eta migrazioan Afrikaraino joan. «Une honetan mapan daukagun hegaztirik mehatxatuena dela esango nuke». 10.000-15.000 bikote gelditzen direla dio. «Eta esan dezakezu: ‘Pila bat dira!’. Bai, pila bat dira, baina populazioak oso sakabanatuta daude, eta milaka arazo ditu. Jarri dituzte abian hainbat programa horien kontserbaziorako, baina izan daiteke hurrengoetako bat desagertuko dena. Hemen ere izan dugu bisitan, eta Urdaibaiko eraztuntzeetan-eta agertu izan zaigu».
Dena dela, Unamunok beste ohartarazpen bat egin du: «Desagertzeei buruz ari garenean, badaude espezie gisa desagertu ez diren batzuk, baina Euskal Herritik desagertu direnak. Eta horretaz ez gara asko jabetzen». Beste izen bat eman du: zingira berdantza (Emberiza schoeniclus). «Urdaibain, Txingudin… ugaltzen zen, baina 2004an ikusi genuen azkenekoz. Ez dugu geroztik ikusi. Hezeguneetako txori txiki marroi bat da, ez dio inork inportantziarik ematen, baina bazeukan bere txokoa hemen».
Eta Euskal Herriko habiagileei buruz galdetuta, harrapari «ia denak» arriskuan daudela dio: Bonelli arranoa, sai zuria... «Kontua da harrapariak oso ikusgarriak direla, eta hegazti handietan administrazioen eskutik kontserbazio politikak-eta jartzea errazagoa da. Txikitxo eta marroi horiek falta direla ez da inor konturatzen». Baina begira: «Arrano arrantzalea adibidez ikur bat izan da guretzat. Eta arrano arrantzalea barreiatuta dago mundu guztian, ez dauka kontserbaziorako arazorik. Baina arrano arrantzalea kontserbatzeko proiektuak sortuz, lortzen duzuna da hor inguruan dabiltzan beste batzuk ere babestea: arranoak besteentzat aterki lana egitea». Da bihurtu ez dadin zen.
JAKINGARRIAK
- Izena: Kurlinta mokomehea (Numenius tenuirostris).
- Ezaugarriak: Scolopacidae familiako hegazti zangaluzea zen, 36-41 zentimetroko luzera eta 88 zentimetroko garaiera zuena. Arrek eta emeek lumaje berdintsua izaten zuten, baina emeek moko luzeagoa. Euskal Herrian ohikoak diren kurlintekin konparatuta —kurlinta handia (Numenius arquata) eta kurlinta bekainduna (Numenius phaepous)—, kurlinta mokomeheak lumaje zuriagoa zeukan bular aldean, isatsaren partean eta hegoen azpiko aldean. Moko laburragoa eta zuzenagoa ere bai.
- Non ikusi zuten azken aldiz? 1995eko urtarrilaren 21ean, Marokoko Merja Zerga urmaelean —urmael urdina deitzen diote—. Negua pasatzera joana zen bertara. Ugaldu, aldiz, Omsken, Siberiako (Errusia) lurretan ugaltzen zen.
- Euskal Herrian ikusi zuten inoiz? Ez dago halako daturik. Kurlintak hegazti migratzaileak dira, eta handiek eta bekaindunek atseden hartzen dute Urdaibain, Txingudin... Ez dira Euskal Herriko espezie habiagileak, baina badago ugalketa kasu bakar bat dokumentatuta: 1982an, Lertuxeko urtegian (Bizkaia) errun zuen bikote batena. «Ordutik ez da gisa horretako aipamen gehiagorik izan; beraz, espeziea lurraldean ugaltzea salbuespenezkotzat jo behar da», jartzen du Euskadiko hegazti habiagileen atlas-ean.