Roger Loppacher. Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluko burua

«Kuotak ezarri behar zaizkie plataformei»

'Streaming' plataformek edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz ekoizteko eskatu du Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak, Espainiako lege aurreproiektuko alegazioetan.

CAC.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zuzenbide ikasketak egin zituen Roger Loppacherrek (Bartzelona, 1956). Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko presidenteordea eta Generalitateko Ikus-entzunezko Hedabideen zuzendaria izan da. 2012ko uztailetik da Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidentea. Kontseilu horrek 70 profesional ditu, eta gobernu batzordeko bost ordezkariak Kataluniako Parlamentuak aukeratu behar ditu bi hereneko gehiengoz. Sailen artean, edukiena, ikerketena eta juridikoa ditu.

Espainiako ikus-entzunezko komunikazioko lege aurreproiektuari zenbait alegazio aurkeztu dizkiozue. Tartean, eskatu duzue streaming plataformei behartzea ekoizten dituzten edukien erdiak katalanez, galegoz eta euskaraz izatea.

Funtsezkoa litzateke hori lortzea, arrazoi askorengatik; Europako zuzentarauan eta Espainiako aurreproiektuan kultur aniztasunazhitz egiten da, baina horrek ez du islarik legean. Isla izatea litzateke ekoiztea katalanez, galegoz eta euskaraz. Katalogoko atzerriko edukiak hiru hizkuntza horietan egotea ere eskatzen dugu. Gure ikerketek diote katalana oso egoera prekarioan dagoela ikus-entzunezkoen alorrean.

Plataforma per la Llenguak gaur [atzo] ohartarazi du katalan hiztunen %32k baino ez dutela hizkuntza erabiltzen. Katalana «larrialdi linguistikoan» dela salatu du, gainera.

Bai, hala da. Guk Netflix ikertu genuen, eta katalanaren presentzia ez da %0,5era iristen. Lurreko telebista digitala iritsi zenean, katalanak zuen pisua jaitsi egin zen. Eta, orain, streaming plataforma handiekin oso adierazgarria izan da katalanaren presentziaren galera. Gauza bera gertatzen da euskararekin eta galegoarekin.

Netflixek ekoizpen zentro handi bat du Madrilen, eta dena gaztelaniaz ari dira ekoizten. Aukerarik bada hori aldatzeko?

Bai, benetako aukera dago, posible da. Estatu mailan legea egiten duenaren borondatearen araberakoa izango da, ordea. Europako Batasuna lan europarren eta kultur aniztasunaren aldeko apustua egiten ari baldin bada, Espainiak ere hori egin behar du, eta hizkuntz ofizial guztiak babestu behar ditu.

Edukiak bikoiztea eta azpidaztea ere mahai gainean jarri duzue. Disney Plus apal hasi da katalanera bikoiztutako filmak jartzen. Euskal Herrian ere hasi dira sinadurak biltzen.

Ikusi dut Euskal Herriko saiakera hori, eta primerakoa iruditzen zait. Generalitateak eta Eusko Jaurlaritzak bikoizketan egiten dituzten ahaleginek isla izan behar dute gero plataformetako katalogoetan. Plataformek ez dute dirurik jarri behar bikoiztutako audioa jartzeko, baina hori ere ez dute egiten. Eta plataformek sentsibleak izan beharko lukete hizkuntzen egoerarekin eta dagoen eskariarekin. Gure hizkuntzetan kuotak ezarri behar zaizkie plataformei, gaztelaniazko kuotak jada badaude-eta.

Aurreproiektuak, oraingoz, plataformei ezarriko lieke diru sarreren %5 Europako ekoizpenetan inbertitzeko. Ehuneko handiagoa eskatu duzue.

Kontuan hartu plataforma horiek irabazi handiak izaten ari direla, eta bertako ikus-entzunezko obretan inbertitu beharko lukete, bai gaztelaniaz, bai euskaraz, bai galegoz, bai katalanez. Frantzian, plataformek %17-25 artean inbertituko dute; eta Italian, %12,5. Europa espedienteak jartzen hasi da, legeak berandu ari direlako tramitatzen. Legea Espainiako Kongresuan otsailean bozkatuko dela espero da. Aurkeztu ditugun alegazioak arrazoizkoak dira.

Espainiako Gobernuak esku artean duen beste gai bat albiste faltsuen aurkako egitasmoa da. Zer iritzi duzu?

Desinformazioaren aurkako borroka Europako Batasunetik dator, eta garrantzitsua da. Baina Madrilgo plana gobernukoegia da; gizarte zibilak parte hartze handiagoa izan beharko luke. Erkidegoetako erakunde arautzaileek ere parte hartu behar dute.

Gaiari lotutako nolako ikerketak egiten ari zarete?

COVID-19arekin lotutako desinformazioa ari gara ikertzen; datozen txertoei begira, oso garrantzitsua izango da. Merezi du erakunde arautzaileak egotea, sarean dauden eduki kaltegarriei begira. Gorrotozko diskurtsoetan ere arreta jarri behar da. Interneteko plataformei ohartarazi behar zaie aktiboak izateko gaiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.