Kulturartekotasuna, kafean

Emakume Musulmanen Integraziorako Elkarteak arabiar eta euskal gastronomia eskainiko dituen kafetegi bat irekiko du Arrasaten. Proiektuaren hari bat soilik da hori.

Krepost izeneko kafetegia zabalduko du Djamila Zereibyk, Arrasaten. GIPUZKOAKO HITZA
2020ko irailaren 25a
16:27
Entzun

Integrazioa hitzak berak badauzka hainbat erpin. Ezezaguna denak ez du, hasieran behintzat, gerturatzeko panorama ederrik eskaintzen; kasuak kasu, noski. Integrazioa lortzeko, azken batean, beharrezkoa da bestea ezagutzea. Egoerari buelta emateko urrats bat egin du Euskal Gizartean Emakume Musulmanen Integraziorako (IMME, gazteleraz) Elkarteak. Arrasateko Biteri plazan zabalduko duten Krepost kafetegia izango da bi kulturen arteko zubia; batetik, benetako elkarbizitza sortzeko, bizitzako eremuak elkarbanatuta, eta, bestetik, elkarteko emakumeei ahalduntzeko aukera eskaintzeko.

Integrazioak dakarren lanaren zama bizkar gainean darama Djamila Zereiby elkartearen sortzaile eta proiektuaren sustatzaileak. Aljeriarra da jaiotzez, eta arabiera, frantsesa eta ingelesa zekizkien Euskal Herrira iritsi zenean, duela 16 urte. Gaztelera ikasteko ez zeukan zailtasunik, belarriz hizkuntzak aise menderatzen dituela nabarmendu baitu. Iritsitako lekuan erabiltzen ziren aukeretako bat behintzat kontrolpean izanda lortu zuen integratzea.

Gerora, beste emakume etorkin musulmanekin harremanetan jarri zen. Helduen eskolara bideratu nahi zituen, hezkuntza jaso zezaten. «Beldur ziren, gizonezkoak zeudelako ikasgelan», azaldu du Zereibyk: «Zu eta ni bezalako pertsonak badira, zergatik ez zarete ikasgela berean egongo?».

Ataka horretatik irteteko sortu zuen, hasieran, IMME, bere bideak hortik aurrera jarraitu duen arren. Era berean, nabarmendu du migratzaileek sortutako antolakundeak falta zirela, egoera bertatik bertara bizi behar izan dutenen taldeak. Hizkuntzak ikasten laguntzeko ere bideratu ditu ariketa eta programak. Beste era batera esanda, zubiak eraiki nahi ditu kulturen artean.

Euskal errealitaterantz

Egun, euskara ikasten dabil Zereiby, hizkuntza eta kultura horri garrantzia ematen diolako. Gainera, euskaldunen historia ere sartu du ikasgaien artean. Enpatiari, besteen lekuan jartzeari, garrantzi nabarmena eman dio, dioenez, bestearen lekuan jarrita bakarrik ulertu dezakezulako hark daukan posizioa. «Euskaldunek asko sufritu dute, eta euren identitatea berreskuratu nahian dabiltza», gaineratu du. «Egoera horretan, iruditzen zait beldurra ematen diela kanpokoengana zabaltzeak, eurena galduko balute bezala delako». Beldurra kokatu du zubiak eraikitzeko zuzeneko zailtasun modura: bestearekiko ezjakintasuna.

2014an sortu zuen elkartea, eta, bitarte honetan, hainbat egitasmo jarri dituzte abian. Bereziki gordeta dauka Bideak gurutzatzen dokumentalaren oroitzapena; amaierako produktuarena baino gehiago, grabatzeko prozesuarena, zehazki. «Mahai baten bueltan eseri ziren kultur jatorri ezberdinetako pertsonak. Hainbat gairi buruz hitz egin zuten», adierazi du Zereibyk. «Urrats ikaragarria izan zen elkar ezagutzeko». Azken batean, elkar ezagutze horrek lausotuko duelako hasierako beldurra.

Egun, emakumeak ahalduntzeko lanetan dabil. Hortik jaio da Krepost kafetegiaren proiektua. «Lana norbaitek emango digula pentsatzen dugu, baina, ez badigute ematen, geuk sortu beharko dugu», zehaztu du Zereibyk. Ekintzaile izan daitezen bultzatu nahi ditu elkartean parte hartzen duten emakumeak. Berez, hainbat gaitasun dituztela nabarmendu du, baina horietako bat ostalaritzarako abilezia dela. Nolabait, taldeak dauzkan trebeziak aztertuta ikusi du zertara bideratu zitzakeen; kafetegi batera, alegia.

Arrasateko Biteri plazan prest daukate lokala; prest daude kafe eta zukuen makinak, erakusleihoa eta hozkailua. Egun edo aste batzuetako kontua da ateak zabaltzea.

Zer eskainiko dute bertan? Edateko aukerekin beste kafetegien pareko jardungo dira: kafeak, infusioak, zuku naturalak eta alkoholik gabeko freskagarriak, esaterako. Infusioen barruan, dena den, tea izango dute berezitasun nagusia. Jateko orduan egongo da alderik nabarmenena. Arabiar gozogintza eskainiko dute, ekialdekoarekin batera; hots, egiptoarrarekin, turkiarrarekin eta siriarrarekin batera. Bezeroentzat eskuragarri egongo dira briwat-ak eta baklava-k. Euskal gozogintzak ere izango du bere tokia menuan.

Horrez gaindi, gozozaleak ez direnei ere izango dute zer eskainia; batbut enpanadak, kasurako, baina baita pizzak eta sandwichak ere. Zapore berriak probatu nahi dituztenek izango dute esperimentaziorako beta, eta, aldiz, horren seguru ez daudenentzako eskaintza ere edukiko dute.

Proiektuaren lehen urratsak

Hasieran pare bat eserleku izango ditu, baina jana eta edana eramatekoa izango dira, gehienbat. Momentuz ez da azkar batean terraza jarriko, baina elkartearen sortzaileak buruan dauka aukera hori, batez ere, eman ditzaken aukerengatik. «Emakumeek tea euren jatorrian prestatzen duten modura eskaini dezakete. Beste esperientzia bat da», zehaztu du. Hala ere, garbi dauka kafetegia aitzakiatzat hartuta hamaika kultur ekitaldi prestatuko dituztela; dantza ekitaldiak, besteak beste. Kulturak erakusteko modu bat izatea nahi du, azken batean.

Hasieran, Zereiby bera jardungo da zerbitzari. Ezer baino lehen, negozioa aurrera doala ikusi nahi du, nahiz eta koronabirusak baldintzatutako egoera ez duen lagun. Proiektua garatu ahala, elkarteko emakumeak kontratatzea du asmoa.

Gozoak, berriz, Basauriko El Palestino gozogintza lantegiak prestatuko ditu. Proiektuaren hurrengo urratsa izango da, dena den, prozesua hasieratik amaieraraino eramatea. «Nire ametsa da emakume musulmanek bideratutako gozogintza lantegi bat izatea», argitu du Zereibyk. «Ikus dezatela eurek egindako lanak zer balio duen, nola gozo bat, eurek euren abileziaz prestatutakoa, jendeak jaten duen, eta nola gizarteari zerbait eskaintzen dioten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.