Kulturaren birika bost urtez

Bost urteko ibilbidearen ondoren, atzo itxi zituen ateak Donostiako Leize Gorria tabernak. Urte hauetan ehunka musika talde eta poeta igaro dira beheko solairuan dagoen agertokitik.

Hilaren 27an Leize Gorria tabernan egindako kontzertuaren irudi bat. 1.200 musika taldetik gora igaro dira hango agertokitik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Taberna tematiko moduan ezagutzen dute askok Donostiako Leize Gorria taberna, baina Martin Biurrunek dio «gauzak egiteko makina» dela. Izan ere, musika, poesia, argazkilaritza eta beste hainbat alor uztartu dira azken urteetan Zubieta kalean dagoen familiarteko lokalean. «Eduardo Galeano idazle eta kazetari uruguaitarrak dioen moduan, Amerika gosez hiltzen den bitartean Europa aspertzen ari zela ohartu nintzen. Ezin da eskuak gurutzaturik geratu. Egiten duzuna egiten duzula ere, beti beteko duzu hutsunea», dio Martin Biurrun tabernako jabeetako batek. Bost urteko ibilbidearen ondoren, atzo itxi zituen ateak lokal ezagunak.

«Faktore askok behartu gaituzte lokala ixtera. Arrazoi nagusia, noski, krisi ekonomikoa izan da. Horrez gain, lehen, goizetan etortzen ziren Erasmuseko ikasleak jada ez dira azaltzen; hiriko gazteak, berriz, Parte Zaharrean eta Gros aldean ibiltzen dira, batik bat, eta askok disko-jartzaileek ipintzen duten musika bakarrik entzuten dute. Gauzak horrela, lokala ixtea erabaki dugu, baina ideiak hor jarraituko du. Ez da adio bat, beti arte bat dela esatea gustatzen zait. Toki egoki bat aurkitzen badugu, berriz itzuliko gara, eta, hala gertatuz gero, Leize Gorria guztiona izatea nahi genuke», adierazi du Martin Biurrunek.

Martin Biurrun eta haren familia duela bederatzi urte etorri ziren Montevideotik. Martin Biurrun gurasoekin etorri zen lehenik, eta, ondoren, anaia eta bi arrebak. «Taberna irekitzea nire anaiarekin kalean jotzen nuenean otu zitzaidan. Musika egiteko leku eta baliabide beharrean zegoen jende asko zegoela ohartu ginen kalean. Leize Gorria ireki aurretik, beste taberna bat izan genuen, eta han hasi genuen Mikrofono irekiaren esperientzia. Behar nituenean jasotako besarkadak hirirari itzultzeko modu bat izan zen taberna irekitzea».

Ibilbide laburra izan arren, oroitzapenez eta historiaz beterik dago lokala. Hormetan edozein motatako objektuak ikus daitezke, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako, Sobiet Batasuneko nahiz 36ko gerrako kaskoak, gitarrak eta hainbat musikariren argazkiak. Beheko solairuaren sabaia, berriz, Sahara, Palestina eta beste hainbat herrialdetako banderaz estalia dago, eta bada 1.000 poema inguruz osatutako liburu bat ere. Era berean, tabernatik igaro diren musika talde guztien kontzertuak grabatuta daude.

«Tabernan ireki genuenetik, 1.200 taldek baino gehiagok joko zuten. Talde asko sortu dira lokalean, Lola's Club taldea, kasu. Beste askok talderako musikariak aurkitu dituzte, eta sekula grabaziorik egin gabeko taldeek hemen grabatu dute lehen aldiz. Musika tresnak eta katea guk jartzen genizkien».

Musikariak

Martin Biurrunek eta haren familiak ongi ezagutzen dute musikaren mundua. Biurrun izeneko musika eskola dute Donostian, eta senide guztiek dakite hiru edo lau musikatresna jotzen. Anaia eta aitarekin batera, Blusanroll taldea osatzen du Martin Biurrunek. 30 urteko ibilbidea du taldeak, nahiz eta berak 22-23 daramatzan taldean jotzen. Bi arrebek ere Vhua Vhua Buga Band taldea dute Donostiako eta Gasteizko beste bi neskekin batera; kontzertua eskaini zuten Aste Nagusian.

Mikrofono irekiko gauak amaitu arren, Pua de oro ekimenak aurrera segituko dugu. Gitarra jotzaile amateurrentzako lehiaketa da, eta urtero 60-70 partaide aurkezten dira. «Oraingoz, 30 gitarra-jotzailek eman dute izena aurten. Lokala itxi arren, lehiaketari eusteko asmoa dugu, nahiz eta oraindik ez jakin non egingo dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.