Ainhoa Urgoitia. Zinemagilea

«Kulturak ikusgarritasuna bultzatzen du; hortaz, baita zinemak ere»

Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Etxe alboan zuen proiektuaren berri izan zuenean, argitara ateratzeko beharra sentitu zuen Ainhoa Urgoitia zinemagileak (Bilbo, 1976). Mari Makeda proiektuaren inguruko Cosiendo futuros (Etorkizunak josten) dokumentala egin du. Bestela ere, gai sozialekin lan egitea gustuko du; gizartean gertatzen ari diren arazoak kamera bidez grabatu eta ikusgarritasuna ematea bere lanaren parte dela dio. Askabideko formakuntza tailerretan parte hartzen duten emakumeen adorea eta indarra azpimarratu ditu.

Zer erakusten du dokumentalak?

Batik bat emakume migranteen ahalduntze prozesuak erakutsi, eta oraindik ere gizartean emakume horienganako nolabaiteko errezelo bat dagoela ohartarazi nahi genuen. Bestalde, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun Askabide gobernuz kanpoko erakundea egiten ari den lana nabarmentzea. Horri lotuta, azaldu nahi genuen prozesu migratzaileak atzerritarrentzat ez ezik, herrialdeko bertako pertsonentzat ere aberatsak direla, eta lan egin behar dugula bi noranzkoetan aberastasuna izateko.

Zer oztopo aurkitzen dituzte emakume horiek?

Alde batetik, oso gogorra da haien herrialdean dena utzi behar izatea. Esaterako, toki berri batera iritsi eta hizkuntza ez jakiteak mutu bilakatzen ditu, komunikatzeko eta laguntza eskatzeko arazoekin. Errezeloa eta bakardadea ere sentitzen dituzte, besteak beste; bakardadea da aurkari publiko handiena. Halaber, emakumea, kanpotarra, txiroa eta atzerritarra izatea oraindik ere zama bat da emakume hauentzat.

Kolektiboki zer garrantzi ematen zaie emakume horiei?

Gizarte moduan ez dugu ondo funtzionatzen; oraindik ere gure inguruari bakarrik begiratzen diogu eta askotan besteena berdin zaigu. Hain zuzen ere, hori plazaratu nahi izan dugu. Emakumeen ahalduntzeaz askohitz egiten da, baina emakume hauek ez daukate ezer, eta lan bat izatea, formakuntza bat, hori ahalduntzea da. Faktore guztiak kontra dituen ahalduntze prozesua da benetako ahalduntzea. Lan bat izatea lan bat baino gehiago da haientzat. Pertsona sentitzea da.

Zelako emakumeak aurkitu dituzue?

Emakume heroiak aurkitu ditugu. Edozer gauza erlatibizatzeko gai direnak, eta benetan dutenari garrantzia ematen dakitenak, garrantzirik ez duena alboratuz. Ametsak, desioak, nahiak dituzte edozein emakumek bezala.

Testigantzek zer ekarpen egiten diote dokumentalari?

Nahiz eta zailtasun asko izan, lan eginez gero gauzak lortzeko gaitasuna dagoela erakusten dute. Pertsona batek amets bat duenean, lortzeko gaitasuna duela.

Zer ekarri dizu zuri dokumental hau egiteak?

Normalean dokumental sozialak ekoizten ditut. Niretzat zinema irudia da, eta irudiak are ikusgarritasun handiagoa ematen die gizarteak itzalean mantentzen dituen kolektiboei. Kulturak ikusgarritasuna bultzatzen du, eta, hortaz, baita zinemak ere. Zinema, eta kasu honetan dokumentala, erabili ahal izatea Mari Makedaren proiektua kontatzeko, eta emakume hauen egoera azaltzeko, ikaragarria da niretzat.

Grabaketan zeri eman diozue garrantzia?

Dibertsitatea nagusi da dokumental osoan. Oso presente daude Afrikako koloreak eta joskintza tailerretan erabiltzen dituzten telak. Zer esanik ez emakume indartsu hauen irribarreak; irribarre horiekin edozein kutsatzeko gai dira. Horrez gain, pasatutakoak pasatuta, beren egunerokoa eta bizipenak kontatzeko duten gogoa erakusten digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.