Kulturak ez dira mozorroak

Inauteri garaia da. Besta ez da jai, ordea, batzuen mozorroak bertzeen eskubideak zapaltzen dituenean. Hori gertatzen ohi da inauterietan: zapaldutako kolektiboei buruzko estereotipoak sendotzen dituzte.

Pertsona bat futbol jokalariz mozorrotuta, 2023ko Tolosako inauterietan. Beltzez margotuta dago, eta ezpain gorri eta lodiak ditu, pertsona beltzen ezaugarri fisikoak esajeratuz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pertsona bat futbol jokalariz mozorrotuta, 2023ko Tolosako inauterietan. Beltzez margotuta dago, eta ezpain gorri eta lodiak ditu, pertsona beltzen ezaugarri fisikoak esajeratuz. ANDONI CANELLADA / FOKU
edurne elizondo
Gasteiz
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Mozorro garaia da oraingoa, inauteriek Euskal Herriko bazterrak hartzekoa. Besta ez da jai, ordea, batzuen mozorroek bertzeen eskubideak zapaltzen dituztenean, eta hori gertatzen da, anitzetan, inauterietan: mozorroak zapaldutako kolektiboei buruzko estereotipoak sendotzeko tresna bilakatzen dira. Gasteiz Antirrazista plataformako kideek ohartarazi dute hori gertatzeko arriskuaz, eta, mozorro arrazistei aurrea hartzeko asmoz, gutun bat bidali diete sarean mozorroak saltzen dituzten hainbat dendatako eta hiriko konpartsetako arduradunei. Inauteriak benetan ospakizun «alaiak, inklusiboak eta parte hartzaileak» izan daitezela eskatu dute, eta garbi erran dute, horretarako, «txinatarren, afrikarren eta indiarren mozorroak eta bestelako kutsu etnikoetakoak» bazter uzteko garaia dela.

Inauteriei buruzko kezka ez da oraingo kontua mugimendu antirrazistako eragileentzat. Aspaldi hasi ziren mozorro arrazisten erabilera salatzen, eta herritarrei gai horri buruz gogoeta egin dezatela eskatzen. Iruñean, 2020. urteko otsailean, jakin-min handia piztu zuen hitzaldi bat egin zuen Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioak, kaldereroen bestari buruzko hausnarketa bultzatzeko. «Ijitook ez dugu ekinaldi hori geure sentitzen», nabarmendu zuen federazioko buru Ricardo Hernandezek, orduan, eta gerora ere bai.

Kaldereroen besta, Donostian, 2023ko inauterietan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kaldereroen besta, Donostian, 2023ko inauterietan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Oraindik bada «lan handia» egiteko. «Uler dezaket batzuentzat zaila dela mozorroen atzean dagoen arrazakeria ikustea, baina ahalegin bat egin beharko lukete», erran du Gasteiz Antirrazistako kide Mikel Henda Gomez de Segurak. Harekin bat egin du Antonio Cunha taldekideak, eta herritarrei eskatu die mozorro arrazisten inguruko salaketa hutsaz harago jotzeko, eta ahalegina egin dezatela salaketa hori eragin duen «testuinguru historikoa» ulertzeko.

Testuingu historikoa aipatzen dutenean, arrazakeriaren dinamikek nola funtzionatzen duten ulertzeko beharraz ari dira Gasteiz Antirrazistako kideak; hau da, arrazakeria egiturazko zapalkuntza bat dela ulertzeko beharraz. Egitura horrek botere harremanak ditu bere oinarrian: sistemak kolektibo bat lehenesten du, pribilegiodun bilakatuz, eta bertze bat baztertzen du, haren subjektu izaera ukatuz. Arrazakeriaren kasuan, sistemak zuriak arau bilakatu ditu, nolabait, eta ezaugarri fisiko jakin batzuk dituzten pertsonak arrazializatuz, arau horretatik kanpo utzi ditu; bertze bilakatu ditu. «Eta zein da arrazakeriaren egitura horren oinarria? Kolonialismoa, inperialismoa, pertsona beltzak esklabotzeko prozesuak», azaldu du Gomez de Segurak. «Hori guztia dago mozorro arrazisten atzean; ezin ditugu bereiztu kolonialismoa eta pertsona arrazializatuon inguruan sortu dituzten estereotipoak», berretsi du Cunhak.

Bi pertsona beltzez margotuta, 2018ko Tolosako inauterietan. IÑIGO URIZ / FOKU
Bi pertsona beltzez margotuta, 2018ko Tolosako inauterietan. IÑIGO URIZ / FOKU

Hainbat prozesuk lagundu dute estereotipo arrazistak sortzen; Cunhak eta Gomez de Segurak azpimarratu dute kolonizatzaileek herrialde kolonizatuen kultura, historia eta iragana «desagerrarazi» dituztela. Prozesu horiek nabarmenak dira Afrikako herrien kasuan: «Afrikako herritarrak esklabotzeko prozesuak justifikatzeko, pertsona horiek kulturarik gabekoak zirela erran behar zuten; basatiak zirela; horrela hasi zuten pertsona beltzei gizatasuna ere kentzeko prozesua», salatu du Gomez de Segurak.

Erreferenteak eta ahalduntzea

Bide horrek guztiak ekarri ditu egun indarrean dauden estereotipoak, eta inauteriek rol jakin bat betetzen dute estereotipo horiek indarrean jarrai dezaten: «Afrikarrak karikatura huts bilakatu dituzte; pertsona zuri bat beltzez margotzen denean, eta ezpain lodiekin eta afro ileorde batekin mozorrotzen denean, estereotipo horiek sendotzen ditu. Horrek badu eragin bat, eta nire seme-alabengan ikusten dut; nik neuk badakit estereotipo horiek pertsona beltzen inguruan zabaltzen duten irudi negatiboaren eragina zenbaterainokoa izan daitekeen», kontatu du Gomez de Segurak. Hark eskolan «muturbeltz» deitu zutenekoa oroitu du, eta negarrez joan zela amarengana: «Hark erantzun zidan muturbeltz erran zidan hari muturzuri errateko. Kontua da ez dela gauza bera, botere harremanek zuriak jartzen dituztelako bertzeen gainetik».

«Eta zein da arrazakeriaren egitura horren oinarria? Kolonialismoa, inperialismoa, pertsona beltzak esklabotzeko prozesuak»

MIKEL HENDA GOMEZ DE SEGURAGasteiz Antirrazista taldeko kidea

Gomez de Segurak eta Cunhak euren seme-alabak eta bertze haur eta gazteak dituzte buruan, batez ere, arrazakeriaren aurkako lana egiten dutenean. «Erreferenteak behar dituzte, estereotipoek sortutako beltzen inguruko irudiari aurre egiteko». Gasteiz Antirrazistaren bidez ere, «ahalduntzeko» tresnak eman nahi dizkiete gazteei. «Hori da gure helburu nagusia, jende arrazializatuaren boteretzea. Uste dugu aldaketa ez dela lortuko bertzeek zerbait emanen digutelako, baizik eta guk gauza horiek exijitzeko indarra izanen dugulako», zehaztu du Gomez de Segurak.

Hark berretsi du arrazakeria egiturazkoa dela, eta, ondorioz, ez dela pertsona on edo gaiztoen kontu bat: «Gerta daiteke pertsona batek asmorik onenarekin errandako zerbait arrazista izatea; inauterietan ere, asmo txarrik izan gabe, mozorro batzuek min handia egin dezakete».

Asmoak eta ondorioak

Desiree Bela-Lobeddek ere asmoak eta beren ondorioak bereizteko beharra nabarmendu du, behin eta berriz, Herrialde Katalanetatik online eskaintzen duen formakuntza antirrazistan. Arrazakeriaren aurkako ekintzailea eta idazlea da, eta sarean osatu duen Deseraikitze Laborategian anitzetan landu du mozorro arrazisten gaia. «Mugimendu antirrazistak argi eta garbi erran du: kulturak ez dira mozorroak», nabarmendu du. Bela-Lobeddek eskoletan gertatzen dena jarri nahi izan du erdigunean, uste baitu zentro anitzetan inauteriak direla bertze kulturen gaia lantzeko garai bakarra: «Ondorioz, bakarrik inauteriekin edo eskoletako kulturen arteko bestarekin lotzen baditugu, bertze kultura horiek folklore huts bilakatzen ditugu. Bertze kultura horien elementuak erabiltzen ditugu zer esanahi duten jakin gabe, eta eskola horietan mozorro bilakatutako herri horietako haurrak egon daitezkeela kontuan hartu gabe».

«Bakarrik inauteriekin edo eskoletako kulturen arteko bestarekin lotzen baditugu, bertze kultura horiek folklore huts bilakatzen ditugu»

DESIREE BELA-LOBEDDEIdazlea eta ekintzaile antirrazista

Duela bi urteko inauterietan, hain zuzen, inauterietako desfilea bertan behera uztea erabaki zuten Getxoko (Bizkaia) eskola batean, hainbat familiak salatu eta gero. Haurrak afrikarrez mozorrotzea erabaki zuten zentro horretan. Atzera egin eta gero, ohar baten bidez azaldu zuten inauteriak baliatu nahi izan zituztela bertze kulturen gaia lantzeko, eta haurrak afrikarrez mozorrotzea proposatu zutenean, ez zutela inor iraintzeko asmorik. Bela-Lobeddek berretsi du: «Gauza bat da asmoa, eta bertze gauza bat dira asmo horrek izan ditzakeen ondorioak».

Gomez de Segurak eta Cunhak bezala, Bela-Lobeddek ere botere harremanei erreparatu die: «Bertze kulturak landu nahi baditugu, egin dezagun inauterietatik kanpo, eta bertze kultura horietako ordezkarien eskutik». Ekintzaile antirrazistak Antumi Toasije Historia doktorearen hitzak oroitu ditu, eta ohartarazi, kulturen arteko botere harreman bat dagoenean, nagusi denak bertzeak bere egiten dituela. Ildo berean, Mikel Henda Gomez de Segurak Antonio Cunha taldekideari entzundako hitzak gogoratu ditu: «Besta bada bertzeen lepotik barre egitea, jai izateari utzi, eta jazarpen bilakatzen da».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.