ATZEKOZ AURRERA. Joseba Rios. Arkeologoa

«Kultura neandertala ez da berez existitzen»

Neandertalek 100.000 urte baino gehiago pasatu zituzten Bizkaian; kobazuloetan eta aire zabalean indusketa lan ugari egin dituzten arren, «aztarnategi asko daude oraindik topatzeko».

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Jose Migel Barandiaranen jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko, Bilboko udal liburutegiek arkeologiari eta historiaurreari buruzko bi hitzaldi antolatu dituzte. Joseba Rios arkeologoak (Getxo, 1976) lehena eskaini du: Bizkaiko neandertalen urratsen atzetik.

Duela zenbat urte bizi izan ziren neandertalak Bizkaian?

Zaila da esatea. Giza eboluzioan mugak jartzea ez da batere erraza. Pentsatzen dugu neandertalak Europan bizi ziren arbasoen eboluzio bat izan zirela. Berez, lehenak segur aski duela 200.000 urtekoak izango ziren, eta azkenak, orain dela 40.000 urtekoak, gutxi gorabehera.

Zergatik desagertu ziren? Homo sapiens-ak zerikusirik izan zuen?

Nire ikerketa gai nagusia horixe da. Komunitate zientifikoak 30 urte inguru daramatza hori ikertzen, eta, oraingoz, ez da behar bezalako arrazoirik topatu. Segur aski, ez zen arrazoi bakarra eman. Adibidez, badakigu bukaera aldera, talde txikietan, sakabanatuta ibiltzen zirela eta ahultasun bat nabaritzen da. Eta ahultasun momentu batean beste eragileren bat sartzen denean, dena nahastu egiten da. Beharbada, hortik dator neandertalen desagerpena. Agian, gure espeziea Europan sartzen hasi zen lekua zegoelako, neandertalak desagertzear zeudelako. Hori nire hipotesia da.

Bizkaian, non bizi ziren?

Lurralde osoan bizi izan ziren; leku batetik bestera mugitzen ziren etengabe. 100.000 urtean baino gehiagoan bizi izan ziren Bizkaian. Gainera, zenbait aztarnategitan haiek utzitako arrastoak daude.

Ezagunenetarikoa Axlorrekoa da.

Bai; Diman dago, eta oso aztarnategi zabala da. Han neandertal gizartearen 20.000 urteko eboluzio aldaketa dago. Bizkaiko neandertal arrasto bakarrak hor daude; haginak eta kaskezur zatitxoak topatu genituen. Beste leku batzuetan, haiek utzitako aztarnak aurkitu ditugu. Adibidez, Lemoako Arlanpen, Dimako Baltzolan, Abadiñoko Asuntzen, Karrantzako Polvorin eta Ventalaperran eta Barrikako zenbait ingurutan. Nire ustez, aztarnategi asko daude oraindik topatzeko.

1967an, Barandiaranek bost giza hortz berreskuratu zituen Axlorren. Zu ere bertan ibili zinen. Zein ondorio atera zenituen?

Gutxi. Arrasto batzuk agertu ziren, baina ez asko. Paleoantropologoek ikerketa gehiago egin beharko dituzte dieta eta bizi-historia ezagutzeko.

Nola bizi ziren neandertalak? Ehiztari eraginkorrak al ziren?

Haragia zen haien energia iturri nagusia, baina beste motatako jakiak ere garrantzitsuak izango ziren, tuberkuluak eta fruituak, esaterako. Zestoako beste aztarnategi batean arrainen arrastoak topatu zituzten.

Zein informazio lortu duzue aurkitutako animalien hezurretatik?

Ez zuten edozein animalia ehizatzen, espezie batzuk aukeratzen zituzten. Datu horiekin aztertu dugu kobazuloetara zein zati eramaten zituzten eta hezurrak tresnak egiteko erabiltzen zituzten. Halere, Bizkaian lan gutxi egin da horri buruz.

Kultura aldetik, hildakoak lurperatzen al zituzten?

Kultura neandertala ez da berez existitzen; neandertalen kulturak daude. Leku zehatz batzuetan, hildako batzuk hilobiratzen zituzten, baina oso gutxi daude. Siberiatik Gibraltarrera talde, ekosistema, baliabide eta eboluzio historiko ugari egon ziren, eta neandertal gizarte asko egon ziren.

Aurreko astean, hipotesi berri bat zabaldu zuen ikerlari talde batek, lanak sexuaren arabera banatzen zituztela neandertalek. Ados al zaude horrekin?

Hipotesi erakargarria da, baina, nire ustez, ez dute gauza handirik esan. Normala da gizarte guztietan generoak eta adinak ezberdintasun batzuk markatzea. Indibiduo gutxi analizatu dituzte, kobazulo konkretuetan eta kronologia handi batean.

Barrikako Aranbaltzako aire zabaleko aztarnategian induskatzen ibili zara. Egundaino, datu azpimarragarririk atera al duzu?

Gauza interesgarriak daude, bestela ez ginen han egongo. Baina, oraingoz, ezin dugu asko esan. Datorren urtean datuak plazaratuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.