Kultura eta jai giroa

Gaurtik irailaren 11 arte, Euskal Jaiak egingo dituzte Donostian. Herri kirolak izango dira, baita gastronomia eta folklore ekintzak ere

2016ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Jaiak ospatuko dituzte, gaurtik irailaren 11 bitartean, Donostian. Hainbat ekintza antolatu dituzte: Kontxako Banderako estropada eta Sagardo Eguna, adibidez.

Kontxako sailkapena izango da gaur. Gainera, Arraunaren Olinpiada egingo dute irailaren 4an eta 11n, hurrenez hurren. Larunbatean ere egongo da zeregina, bi ekitaldi nabarmenduko direlako: Sagardo Eguna eta herri kirolak. Konstituzio plazan elkartuko dira Gipuzkoako 35 sagardo ekoizle, baita sagardozale andana ere. Muztioa nola egiten den erakutsiko dute plazan. Bestalde, Saguesen hainbat kirol proba prestatu dituzte: lokotx biltzea, trontza, aizkora, zaku eramatea...

Gastronomiak eta folkloreak ere euren tartea edukiko dute. Bulebarren egingo dute Basque Beer Fest jaialdia; marmitakoa (irailaren 9a) eta sardina jana (irailaren 11) egingo dituzte Sarriegi plazan. Esku dantza eta bertsolari jaialdia egongo dira larunbatean, Konstituzio plazan.

Kultur Hiriburutza gogoan

Aurten, Donostia Europako Kultur Hiriburua denez, horrekin loturiko ekintzak antolatu dituzte. Emakume erraketisten inguruko argazki erakusketa egingo dute bihar, Ramon Labaien plazan, eta hitzaldi bat izango da ondoren. Larunbatean, berriz, Euskal Herria Kantuz eguna ospatuko dute 700 lagun inguruk Donostiako erdialdean, eta emakume pilotarien topaketa egingo dute Bulebarrean.

Datorren asteari begira, Urkoren eta Bilboko Udal Bandaren kontzertua egongo da ostiralean, Konstituzio plazan. Egun berean, habanerak abestuko dituzte, euskaraz eta gazteleraz, portuan. Xabier Letek 1982an Txirritaz eginiko antzezlana egingo dute, berriz, bertsolaria hil zela 80 urte bete direlako.

Euskal Jaiak

Gaurtik irailaren 11ra arte, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.