Kultura bidelagun izanik

X. Fair Saturday jaialdia egingo dute bihar eta larunbatean, Bilbon. Egitarau zabala antolatu dute, eragin soziala duten ia ehun ekitaldiz osatua.

2023ko Fair Saturday jaialdia. FAIR SATURDAY
2023ko Fair Saturday jaialdia. FAIR SATURDAY
itsaso jauregi 2
2024ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Kultura eta enpatia soziala izango dira berriz ere Fair Saturday jaialdiaren ardatzak. Jaialdiaren helburuen artean dago komunitateen eta eskualdeen arteko zubiak eraikitzea eta, kulturaren bidez, sektore kulturalei eta sozialei laguntzea. Hori lortzeko bidea hamar urtez eraiki dute, eta aurten, ia ehun kultur ekitaldik osatzen dute asteburuko programa. Bihar eta larunbatean, 30 kausa sozialetan eta Bizkaiko 50 gunetako jardueretan murgilduko dira 120 erakunde; ia 2.500 musikarik parte hartuko dute.

Fair Saturday fundazioak 2014an ekin zion bideari, Bilbon. Fundazioaren webgunean azaltzen denez, «kultur ekinaldi berritzaileen bidez mundu bidezkoagoa sustatzeko asmoz, mundu bertutetsuagoa eta pertsonen premiekin sentikorragoa». Azaroko azken asteburuan egiten da urtero jaialdia, Bizkaian eta Eskoziako hainbat eskualdetan. 

Fair Saturday jaialdian biltzen diren artistek eta kultura erakundeek, egitasmoan parte hartzeaz gain, aukera dute proiektu bati laguntzeko; hau da, modua izaten dute lortzen duten dirua proiektu bati eman eta kontzientziazioa sustatzeko. Hamar urtez egindako lanaren uzta bihar eta larunbatean jasoko dute, antolatutako ekintzen bidez.

«Fair Saturday sortzeko arrazoiek bere hartan irauten dute gaur egun ere», aitortu zuen Jordi Albereda fundazioko arduradunak, aurtengo aldiaren aurkezpenean. Eragin soziala duten ekitaldien bitartez, jaialdiak kultura jarriko du ardatzean. Bilbon ez ezik, Bizkaiko beste leku batzuetan ere izango dira jaialdiko ekitaldiak: Getxon, Berangon, Usansolon, Portugaleten, Sodupen, Mundakan eta Leioan, besteak beste.

Ekitaldiak baliatuz hainbat kausa sozialen berri zabaltzea eta laguntzeko finantzaketa lortzea da asmoa; hala nola bularreko minbiziari eta AEAri buruzko ikerketak bultzatzeko, baita bakarrik dauden adinekoei laguntzeko ere. Gainera, Alberedak adierazi zuen Black Friday delakoak proposatzen duen kontsumoaren aurka egiteko proposamena ere badela jaialdia, egitarauan lekua egiten baitiote hausnarketari ere. «Bizi garen mundua konplexua, bizkorra eta azalekoa da, desberdintasun ekonomikoan eta sozialean oinarritua. Eta bazterketa kulturala gehitu behar zaio horri».

Asteburuko egitaraua

Bihar emango diote hasiera asteburu kulturalari, Bilbo Arenan, Ei! Bilbao jaialdiaren bitartez. ETS, Gatibu, Zea Mays, Idoia, Bulego, Maria Parrado eta Tanxugueiras arituko dira, 2.500 laguneko abesbatza batekin batera. Royal Albert Hall-eko The Last Night of the Proms (Dantzaldi nagusiaren azken gaua) formatuan inspiratuta egongo da ikuskizuna.

Aldi berean, Bilboko kirol klubean CBD Live 24 musika eskaintza hasiko da, AEA alboko esklerosi amiotrofikoa duten pazienteen baldintzak hobetzeko lan egiten duen Bizkaiko Adela elkarteari babesa emateko. Oholtza gainean izango dira Musreckeers, Knaiak, Senda Norte, Wakos, Caterpillar eta Space Jamtaldeak. Egitasmoarekin bat egin duten guztiek lekua izateko, musika ekitaldia bi egunetan banatu dute. Beraz, larunbatean entzun ahal izango da Standby, Random Key, Los Googles, The Swiss Clock Band, Rock Circus eta El Menton de Fogarty taldeen musika.

Berrikuntza gisa, programazioko ekitaldien %20 baino gehiago kanpoaldean egingo dira, kontzientziazioa zabaltzeko eta jendearengana modu zuzenagoan iristeko. Gainera, instrumentu bilketa bat antolatu dute Bilboko Yimby Iparraguirre gunean. Norai elkarteak antolatutako hamabi kontzertu akustiko egingo dira han, musikara hurbiltzeko aukerarik izan ez dutenek ekitaldia ikusteko, eta kontzientziazioa hedatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.