EHUko katedraduna da Ramon Zallo (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948). Txikitatik izan du jakin-mina, eta, unibertsitatean Ekonomia eta Zuzenbidea ikasi arren, urte gehienak komunikazioaren alorrean eman ditu, beti militantzia sozialarekin uztartuz. 1970eko hamarkadan ETAko militantea izan zen, eta XXI. mende hasieran, Eusko Jaurlaritzaren Kultura saileko aholkulari izatea proposatu zioten. Komunikazioaren Legea onartzea izan zen bere erronka, baina ez zuen lortu, eta badu arantza hori. Halaber, nabarmendu du hamarkada baten ostean gauzek bere horretan jarraitzen dutela. Urrian, Zalloren ibilbidea saritu zuen Komunikazio Ikerketaren Espainiako Elkarteak.
Komunikazioaren alorrean aritu aurretik, Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zenituen. Zergatik?
Umetatik galdetzen nion neure buruari zein ote zen gizartearen oinarria; zehazki, sistema ekonomiko batean sartuta dagoen gizartea nola antolatzen zen. Horrek kezkatzen ninduenez, ekonomia ikastea erabaki nuen. Baina zuzenbideak, aldi berean, kontrol sozialaren eta erregulazioaren funtzioa du, eta hori ere interesgarria iruditzen zitzaidan: gizartearen oinarri materiala eta ikuspuntu juridikotik arautu daitezkeen moduak ezagutzea.
Nondik datoz kezka horiek?
16 urterekin, gutxi gorabehera, hainbat gairen kontzientzia hartzen hasi nintzen. Gernika-Lumon jaio nintzenez, gerraren hondarrak oso ikusgarriak ziren; are gehiago, hondakinak zeuden tokietan jolasten genuen txikitan. Argi nuen bidegabekeria bat egin zela nire herrian, eta gaztetatik ohartu nintzen diktadura bat bizi genuela. Bilbora bizitzera joan nintzenean, 9 urterekin, harremanetan jarri nintzen txaboletan eta muturreko baldintzetan, miserian bizi zirenekin. Kezkak gero eta nabarmenagoak ziren nigan, eta eragin handia izan zuten gerora egin izan ditudan ikerketetan, baita azterlan horiek egiteko erabilitako ikuspuntuetan ere.
Kezka eta zaletasun horiek etxean transmititu zizkizuten?
Ez. Etxean, Gernikako etxe askotan bezala, beldurra zen nagusi. Gauza batzuei buruz ez zen hitz egiten, arriskatua zelako.
Nola oroitzen dituzu unibertsitateko garaiak?
Niretzat, unibertsitatea arazo bat zen. Irakasten zidatena ez zitzaidan gustatzen, eta beste gauza alternatibo batzuk irakurtzen hasi nintzen. Gainera, ikasle izateaz gain, beste ibilbide bat nuen aldi berean: ekintza publikoa, politikoa, klandestinoa. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, hiru aldiz atxilotu ninduten, eta haietako batean torturatu ere egin ninduten, behin-behineko espetxealdi labur batean. Ostean, urtebete pasatxo ihes eginda egon nintzen.
Horregatik diozu bizitza bikoitza izan duzula?
Bai, eta gerora mantendu dut.
Nola?
Unibertsitateak zorroztasuna eskatzen du. Aurrean dituzun ikasleak jatorri desberdinetakoak dira, eta gu ez gaude hor doktrinatzeko, ikasgaiak nola ulertzen ditugun irakasteko baizik. Zorroztasun hori unibertsitatearen objektibotasunaren berezkoa da. Ekintza politikoa kontrakoa da: subjektibotasuna, pentsamendua, iritzia. Bi gauzak nolabait uztartzen ziren; zorroztasun akademikoa analisi politikoetara eramatean zegoen gakoa. Horretarako, tresnak eta alternatibak eman behar ziren.
Kulturaren industria, ekonomia politikoa... Oinarrian, zer ikerketa ildo jorratu dituzu?
Batetik, kulturaren eta komunikazioaren ekonomia. Ekonomiak kulturaren etorkizunean eta komunikazioan eragiten du: gertaera ekonomikoak ez aztertzeak beste batzuek zure kultura kudeatzera eramaten zaitu. Horregatik, esparru ekonomikoa kontrolatu behar da, enpresen, jardueren eta komunikazio fluxuen prozesuak bideragarri egiteko. Nire xedea beti izan da Euskal Herria gizarte moderno baterantz joatea, bere komunikazio aparatuarekin eta kultura eta komunikazio ekoizpenekin. Bestetik, aztertu nahi izan dut kultura eta komunikazio politikak nola aplika daitezkeen enpresen kultura prozesuak hobeto kudeatzeko. Hirugarren ikerketa ildoa Euskal Herria ardatz duten politika gaiak izan dira.
Ikerketa adar horiek direla eta, Eusko Jaurlaritzako kide izan zinen Ibarretxeren garaian.
Horregatik deitu zidaten: berezitasun hori nuelako. Miren Azkaratek deitu zidan, hain zuzen. Berak euskal kulturan estrategikoki pentsatzeko ideia zuen buruan. Nire lanetako bat Kulturaren Euskal Plana erredaktatzea izan zen. Prozesua behetik gora ekoitzi zela esan daiteke. Eragin esanguratsua izan zuen; plan ona zen, modernoa.
Zer ideia zenituen Eusko Jaurlaritzan sartzean?
Batetik, euskal kultura eguneratzea, iruditzen zitzaidalako iraganean gehiegi bizi zela. Bestetik, kultur industria nabarmentzea nuen helburu: argitaletxeen sektorea, zinematografikoa... Norabide horretan bultzatu, eta, aldi berean, publikoak kultura gero eta gehiago maita zezan eragin. Bi lerroek pentsarazten zidaten kulturaren estrategia bat behar zela Euskal Herrian, beste toki batzuetan baino arrazoi gehiagorekin.
Zergatik?
Kultur politiketan boluntaristak izatearen balio erantsia dugu, ez baitugu tamainarik, eta, ondorioz, ahalegin berezia egin behar dugu bultzada publikoa emateko. Beste toki batzuetan naturaltasunak ematen die. Gurea, gainera, ez da kulturaren eta baliabide kulturalen arazoa bakarrik; gure nortasuna mantentzeko, zaintzeko eta egokitzeko ekintzena ere bada arazoa. Euskararen babesak eta haren garapenaren beharrak, aldi berean, oso ukituta utzi du kultura. Gainera, atzerapen handia genuen komunikazio politiken araudietan, eta oraindik ere badugu. Ez genuen eta ez dugu Komunikazio Legerik. Eta oraindik ez dugu berritu EITB: 1983. urteko defizit berberak ditu. Hori ez da inon gertatzen, ez behintzat garatuz doan 40 urteko erakunde publiko batean.
Zein izan ziren zure lorpenak?
Lopezen kabinetea etorri zen arte urte batzuetan aplikatu zen Kulturaren Euskal Plana. Kulturaren Euskal Behatokia, ikus-entzunezkoen euskal sektorearen definizioa eta tokiko telebista digitalaren lege dekretua.
Eta zure porrotak?
Nire ahalegin guztia egin nuen arren, epe faltagatik aurrera atera ez zen FM dekretua. Eusko Jaurlaritzako zenbait jendek ere ez zuen gogo handirik jarri horretan. Eta, lehen aipatu bezala, Komunikazio Legea, garai hartako EAJren aparatuak erabat aurka egin ziona. Beste bat: EITBren erreforma, eta oraindik horretan jarraitzen dugu.
11 urte igaro dira Gobernutik atera zinenetik. Berdin jarraitzen du?
Bai. Aurreko legegintzaldian ponentzia bat egon zen, baina ez da inolako aldaketarik egin.
Ez dago borondaterik?
Pozik daude dauden bezala; batez ere, EAJren aparatua pozik dago egoera horri eusten badio, eta are gehiago bere gobernukideak zalantzan jartzen ez badu.
Zer aldatu behar da?
Hasteko, ETBren gobernantza, erabakitzeko mekanismoak aldatu behar dira: zuzendaritza, administrazio kontseilua eta funtzioak hautatzeko sistema. Antolaketa sistema osoa. Bigarrenik, aro digitalean lehentasuna eman beharko litzaioke digitalari. Hirugarrenik, gizartearenagana hurbilduko nintzateke. Telebista ez litzateke inoiz gobernuarena izan behar, ezta profesionalena ere: prozesu sozialekin lotu behar da. Duen finantzaketa baino zabalagoa ere beharko luke. Erabiltzen dituen kanalen arteko oreka hobea, kulturari eta euskarari dagokienez. Eta, gero, erredakzioak integratu egin beharko lirateke, kanal edo bitarteko bakoitzerako ekoitzi ez dadin, baizik eta hori guztia barruan ibil dadin. Beste norabide bat eman behar zaio, buelta handi bat. Ezin da eduki hau bezalako aparatu bat, eta gainera ilunki gobernu baten menpe dagoena, baizik eta barruan dagoen aparatu bat behar da, eta guretzat eta hurbilekotzat sentitzen duguna, haren gainean erabakitzen dugulako.
Gobernuan independente gisa sartu zinen.
ETA-VIn militatu nuen; gero, LKIn eta Auzolanen, Nueva Izquierda (Ezkerra Berria) alderdiarekin batera hauteskundeetan parte hartu zuenean. Etorkizunean koalizioa mantentzearen aldekoa nintzen, baina proposamenak porrot egin zuen LKIren barruan. 1985ean, alde egin nuen; ordutik ez dut inon militatu, esku hartze sozial handia egin badut ere.
Zer izan da militantzia zuretzat?
Ezagutza, gogobetetze, sufrimendu eta ikaskuntza iturri bat. Asko eman dit. Ikerlari eta irakaslearen angelutik ere ikusi dut; egiten dena irakurtzen dut, baina ez naiz konformatzen gertatzen denarekin. Horrek beti dakar gauzak hobetu nahi izatea. Eta hobetzeak beti dauka poztasun puntu bat.
Eta euskararekiko militantzia?
Gutxi izango dira ni baino barnetegi, ikastaro eta Bakarka liburuxka gehiago egin dituztenak. Oso gaizki hornituta nago hizkuntzetarako. Bizitza sozialean, euskaraz moldatzen naiz, eta euskaraz irakurtzen dut, baina halako elkarrizketetan eta solasaldietan beldur handia diot huts egiteari. Euskaltzale gisa dudan konpromisoan ez dago zalantzarik, eta hartu behar izan ditudan erabakiak norabide horretan hartu ditut, baina beti kutsu errealista batekin; jakinda gizarte gutxitua dela euskal gizartean bertan ere.
Ramon Zallo. EHUko katedraduna
«Kultur politiketan boluntaristak izatearen balio erantsia dugu»
Curriculum luzea eta ibilbide oparoa egin du Zallok unibertsitatean eta hortik kanpo. Nagusiki, kultura eta komunikazioa izan ditu ardatz bere ikerketetan. Ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak asko duela egiteko alor horietan oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu