Kultur piromania

Tolosako Bonberenea gaztetxea hogeigarren urtemugara helduko da abenduan, eta azken hamarkadak emandakoa jaso dute 'Bonberenea. 20 urte bizirik!' liburuan. Azken urteetan proiektua hazi eta egonkortu egin dela diote kideek.

itziar ugarte irizar
Tolosa
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Behinola Tolosan (Gipuzkoa) suhiltzaile eraikina izan zena okupatzeagatik hartu zuen izena Bonbereneak. 1997. urtea zen. Hogei urte igaro dira geroztik, eta hiru Bonberenea izan dira tartean. 2000. urtean sartu ziren San Esteban auzoko egungo eraikinera, eta lantegi huts bat zenak kolore biziz ageri ditu hormak orain. Han egonkortu da proiektua, hasierako zimenduei eutsita: autogestioa eta komunitate ikuspegia. 1997tik 2007ra arteko bizipenak Bonberenea. 10 urte bizirik! liburuan batu zituzten, eta azken hamar urteek emandakoarekin berdin egin dute: Bonberenea. 20 urte bizirik! liburuan jaso dute 2008tik gaur arteko historia.

Urki Kolinas Bonberenea gaztetxeko kideak idatzi du liburuko kronika. Hura ez zebilen «etxean» —hala deitzen diote Bonbereneari aurreko liburua idatzi zutenean, baina ondo dakizki hasierako kontuak. «Etxeko historia agerikoa da. Sartzen zaren momentuan ikusten duzu zenbat gauza gertatu diren», azaldu du, gelako lau hormak estaltzen dituzten kontzertuetako argazki ugariak seinalatuta.

Azken hamarkadan, indarrak erresistentzian jartzetik kultur ekimenean zentratzera igaro dira. Kolinasek dioenez, «aurreneko hamar urteen historia gehiago izan zen instituzioen aurrean etxearen legitimitatea lortzeko borroka bat. Gauzak lasaiago daude orain, eta horrek modua eman digu kultura munduan gehiago aritzeko». Datu bat eman du horren erakusgarri: aurreneko hamarkadan, 200 kontzertu izan ziren; bigarrenean, ia 800era iritsi dira. Kontzertuak batez ere, baina baita hitzaldiak, futbol txapelketak, skate txapelketak, disko grabaketak eta bestelako ekitaldiak ere. Ekintza horien guztien bilduma grafikoa ere bada liburua: 2.000 argazki inguru batzen ditu.

Hamarkadak utzitako argazki bat aukeratzekotan, Bonberenea Sutan jaialdia apartatuko luke Kolinasek. 2008an egin zen aurrenekoz, Tolosako Udalak auzoan etxebizitza berriak eraiki eta Bonberenea eraisteko plana aurkeztu zuenean. Gerora ere izan ditu edizio gehiago. «Jaialdi bat da, baina ez da hori bakarrik. Analisi politiko bat egiten da, eta legealdiari lotutako ondorio batzuk ateratzen dira Piromanoen deialdia dinamikan». Halaber, liburuan kontatzen diren gertakari ugaritatik bi inflexio puntu nabarmendu ditu Colinasek: Bonberenearen sustatzaile izan ziren Jabi Otxoa eta Lander Zabaltza Txabal-en heriotzak. «Jendea proiektura etortzen da eta joaten da. Baina pelikula diferentea da barru-barruan dagoenaren istorioa heriotzak mozten duenean».

Egungo metxa

Azken hamarkadan, kontzertuak izan dira eta dira Bonberenearen motorra. «Egiten den guztia, normalean, asteburutako kontzertuei begira egiten da», dio Kolinasek. Horrek astean zehar lana eskatzen du, eta kontzertu baten alde askotarikoak «ikasteko» ere baliatzen dute abagunea. Besteak beste, soinu teknikariak eta argi teknikariak «formatzeko». Bada, etxeak «ikastetxe» rola jokatu izan duela aipatu dute liburuan. Imanol Urizar Bonbereneako kideak aipatu du bera egun ikus-entzunezkoetara dedikatzen bada, Bonberenean argazkiak ateratzen hasi zelako dela. «Hemen azpiegitura daukazu, saltseatu nahi duen oro etor daiteke».

Herriaren eta etxearen arteko mugak hausteko modu asko bilatu direla aipatu du Kolinasek, etaBonberenea txaranga izan dela horretan gakoa, gakorik bada. «Azkenean Tolosan gaude, eta Tolosa eta txaranga banaezinak dira. Gainera, gu herri kanpoaldean gaude, eta jendea gerturatu egin behar da. Txaranga, aldiz, hemendik ateratzen da herrira».

Egunerokoan entsegu espazioa da Bonberena txarangarentzat. Modu autonomoan antolatzen dira. Kolinasen hitzetan, «etxe autogestionaturen barruan txaranga ere autogestionatua da». Beste hainbeste Bonberenea Irratiarekin eta Bonberenea Ekintzak plataformarekin. Etxearen ardatzetako bat izan da azken hori Bonberenearen historian. Etxearen alboko pabiloian dagoen Bonberena Studion grabatu, eta disko, DVD eta liburu ugari ekoitzi ditu 2002. urtetik. Handik atera diren lan berrienen artean daude, besteak beste, Nagore Lejarretaren Hysterion argazki liburua eta Liberen Ilargia erori da eta Glaukomaren Kalima diskoak.

Liburuko azken orrietan ezkor begiratzen diete belaunaldi gazteei. «1990eko hamarkada inguruan ikuspegi askoz komunitario bat zegoen, pertsonen arteko baturatik zetorren legitimitatea eta indarra. Hori askoz disolbatuago dago egun. Gazteak askoz indibidualistagoak dira».

Abendua dute urtemugaren hilabetea, eta hilaren 23a egun handia. Eguneroko martxan etxetik ez dabiltzanak, baina inoiz proiektuaren parte izan direnak elkartzeko eguna izango dute. Horregatik, modu batean edo bestean Bonberenea babestu dutenenganako esker ona azpimarratu du Kolinasek: «Horiek gabe ez legoke ez argazki, ez liburu, ez urteurrenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.