Kultur aniztasunaren alde egiteko arrazoiak kontaezinak dira. Pertsona orok ditu eskubide, betebehar eta aukera berak; hala,elkar ezagutu eta elkar errespetatu egin behar da. Hori dela eta, Donostiako Udalak, Euskal Herriak 11 Kolore egitasmoak etaGipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak antolatuko dute Kultur Aniztasunaren Asteburua hiriburuan.
Asteburuan ez da etenik izango. Besteak beste, musika ekitaldiak, antzerkiak, tailerrak, gastronomia dastatzeak eta kultur arteko topaketak prestatuko dituzte.
Larunbat goizean, Bulebarrean, haurrentzako Sardina freskue antzerki saioa estreinatuko dute. Arratsaldean, musikak hartuko dio lekukoa antzerkiari, eta danbor martxa egingo dute. Alderdi Ederretik hasita, Donostiako Piratak eta Burubeltz konpartsak eta Atanbora taldeak girotuko dute ibilaldia. Ostean, Lekeitioko Deabruen emanaldia eta kontzertuak izango dira Konstituzio plazan.
Igandean, ostera, talde folklorikoak izango dira protagonistak. Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak antolatuta, musika saioak ikusteko aukera egongo da egun osoan. Galizia, Gaztela eta Leon, Andaluzia eta Gipuzkoako dantza taldeek erakustaldiak egingo dituzte Konstituzio plazan.
Gastronomia eta musika
Txosnetan produktu gastronomikoak dastatu ahal izango dituzte bisitariek. Gainera, kultur aniztasuna beti ardatz hartuta, Donostiako Parte Zaharreko 11 tabernak nazioarteko gastronomian oinarritutako pintxoak prestatuko dituzte jaialdi horretarako. Besteak beste, Txile, Mexiko, Eskozia, Maroko, Palestina, Txina eta Irlandako zaporeak dastatzeko aukera izango da.
Ekintza horiez gain, bihar arratsaldean Kulturen arteko I. Topaketak izango dira, Easo plazan. Haur eta gazteek hainbat tailer eta emanalditan parte hartzeko aukera izango dute. Ekintza horien asmoa herrialdeen arteko harremana sustatzea izango da, eta, aurten, musikaren bitartez egingo dute. Nikaraguako, Hego Amerikako eta Afrikako dantza eta abestiek girotuko dute egitasmoa. Bestalde, zenbait elkarteren laguntzaz, gazteek hainbat herrialdetako migratzaileen testigantzak zuzenean ezagutzeko, galderak egiteko eta ikasteko txokoa izango dute.
11 KOLORE FESTA
Non. Donostian.
Noiz. Bihar hasi eta igandera arte.
Asteburuko proposamenak
Kultur aniztasunerako eguna
Donostia. Musika, dantzak, gastronomia, topaketak eta tailerrak izango dira kultur aniztasunaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu