Txema Auzmendi. Kazetaria eta jesuita

«Kuban, egoera gordina duten arren, itxaropenari eta irribarreari eusten diote»

Herri Irratian urte luzez lanean aritu ondoren, Kubara joan zen Auzmendi, duela bi urte. Hango egoeraren berri emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Udal Liburutegian.

BERRIA.
Donostia
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Kazetaria eta jesuita da Txema Auzmendi (Ordizia, Gipuzkoa, 1949). Gijongo Lan Unibertsitatera joan zen 12 urterekin, eta han ezagutu zuen Adolfo Chercoles jesuita andaluziarra. Harengandik jaso zuen jainkoarekiko erakarpena. Gerora, esatari ibili zen Herri Irratian, eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte hartu zuen. Kubara joan zen duela bi urte; gaur, 19:00etan, hango egoerari buruzko hitzaldia emango du Donostiako Udal Liburutegian —San Jeronimo kalean—.

Zein asmorekin joan zinen Kubara?

Kubara joan aurretik, Herri Irratian lan egiten nuen, baina ikusten genuen ekonomia aldetik etorkizuna beltz zetorrela. Orduan, beste bi jesuitarekin batera Iruñera joatea proposatu nion nire nagusiari, euskal munduaren alde lan egitera. Baina, tamalez, hor zegoen Egunkaria auzia; epaiketaren zain geunden, eta, beraz, nahiko egoera delikatua zen euskararen alde lan egiteko. Azkenean, Iruñera joateko ideiabertan behera geratu zen. Garai horretan, ez nekien zer egin. Beti izan dut kanpora irteteko gogoa, eta Kubara joatea pentsatu nuen.

Zertan aritu zara Kuban bi urte hauetan?

Gehienbat, pastoraltza lanak egin ditut: gaixoak eta pertsona edadetuak bisitatu, bakarrik daudenekin hitz egin... Bestalde, jende laikoa erlijio hezkuntzarako prestatzen dugu; izan ere, hango heziketa oso pobrea da, eta apaiz gutxi daude. Gazteei ere laguntzen diegu ikasketekin, eta enpresa txikiak sortzeko aukerak baliatzen ditugu.

Nolakoa da hango egoera? Zer topatu duzu?

Bi gauza nabarmenduko nituzke: batetik, egoera zaila dute, baina itxaropentsua. Ekonomia ahulduta dago, eta langile asko kaleratu behar izan dituzte. Horregatik, bide berriak bilatzeari ekin diote. Iaz aldaketa politiko batzuk etorri ziren, eta Kubako alderdi nagusiak onartu egin ditu. Horrek bide berri bat zehazten du, eta, alde horretatik, itxaropentsua da. Gazte jendeak eragina izan behar luke aldaketa prozesuan. Bestetik, jendearen izaerak lotu nau gehien herri horri. Kuban ere, gainerako leku guztietan bezala, denetik dago, baina, oro har, oso maitagarriak eta atseginak dira. Lanpostuarekin nahiz bestelako kontuekin arazoak dituzten arren, ez dute irribarrea galtzen. Aldaketa posible da, eta herriak horretan sinetsi behar du. Gazte askok amesten dute kanpora joatearekin, Europara edo Estatu Batuetara, han askoz hobeto bizi direlakoan. Amets hori izatea bakoitzaren eskubidea da, baina, nire ustez, guk ez dugu hori bultzatu behar. Euren herrian sinistu eta hango egoera aldatzen saiatu behar dute, etorkizun hobe baten alde.

Zer ikasi behar luke Euskal Herriak kubatarrengandik?

Egoera zailetan animoa atera eta aurrera egiten ikasi behar dugu. Esaterako, BERRIAn atzo azaldu zenez, gazte euskaldunen kopuruak gora egin du, baina euskararen erabilera, aldiz, jaitsi egin da. Halako beste datu kezkagarri asko jasotzen ditugu egunero, baina itxaropenari eutsi behar diogu. Euskaldunok asko sufritu dugu, eta sufritzen dugu oraindik, gure herrian ezin garelako normal bizi. Nola aurre egin egoera horri? Euskaldun izan nahian gure izaerari eutsiz, eta, aldi berean, ingurukoena errespetatuz. Beti ere gu garena eta guk izan nahi duguna galdu gabe. Hori lortzeko bidea ikasi behar dugu, gizatasunaren bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.