TXAPELA BURUAN. Itxaso Aranguren. Camagueyn bizi den zumaiarra

«Kuban asko dago hondartzez gain»

Arangurenek bere begiez ezagutu nahi zuen Kubako errealitatea. Bertan topatu duena gustatu zaio zumaiarrari: jendea, ingurune naturalak, baita lanerako topatu duen proiektua ere.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Itxaso Aranguren (Zumaia, Gipukoa, 1996) Kubako Camaguey hirian dabil otsailetik. Landa eremuko emakumeen gizarteratzea sustatzeko proiektu batean ari da, Global Training beka bati esker. Egoerak lana zaildu duen arren, buru-belarri ari da lanean.

Zumaiatik Kubara. Zer dela eta?

Karrera bukatutakoan argi neukan kanpora joan nahi nuela. Ikasitakoa beste testuinguru batean praktikan jarri nahi nuen. Global Training ezagutu nuen, eta, bertako aukeren artean, Kubara etortzea erabaki nuen, proiektuagatik beragatik, baina baita herrialdeagatik ere.

Asko hitz egiten da Kubako egoerari buruz. Hara iristean, zer inpresio izan zenuen?

Gauza asko entzuten dira Kubari buruz, eta oso kontrajarriak. Informazio falta ere badugu, eta daukaguna ere ez dakigu benetakoa den. Hein batean, hori izan zen Kuba aukeratzeko arrazoietako bat: nire esperientziatik eta nire begietatik ikusi nahi nuen hemengo errealitatea. Esango nuke horretan nabilela, eta horretan emango dudala bidaia osoa. Oraingoz, esan dezakedana da, alde onak badauden arren, egia dela behar batzuk asetzeko ez dagoela nahikoa.

Bakarrik joan zinen? Zaila izan al da?

Bai. Beste proiektu batzuk taldeka ziren, baina nahiago nuen bakarrik etorri. Hasiera, noski errazago izango litzateke beste norbaitekin batera egitea, baina bakarrik egoteak gehiago irekitzera bultzatuko ninduela pentsatu nuen; hemengo jendearekin erlazionatzeko aukera bat bezala, errealagoa. Oso ondo integratzen ari naizela esango nuke, eta dagoeneko nire kuadrillatxoa daukat.

Karibeko erritmoarena egia ala mitoa da?

Egia da orduen eta ordutegien pertzepzioa oso desberdina dela hemen. Adibidez, lanera zer ordutan sartzen diren galdetuz gero, ez dizute ordutegi jakin bat esango... Ez da oso ohikoa Euskal Herrian, baina lana antolatzeko modu informalagoa dute. Hala ere, eguna antolatzean ezin da alderatu Euskal Herrian egiten dugunarekin. Erosketa egiteko ezin da planteatu ordubete behar duzula, ilarak itxaron behar direlako batzuetan; beraz, ezin da jakin ordubete edo bost ordu beharko dituzun... Esango nuke kubatarrak egoera horretan bizitzera ohitu direla, eta, beraz, lasai bizi direla.

Nolakoak dira kubatarrak?

Alaiak, parrandazaleak... Oso irekiak dira, konfiantza hori ematen badiezu hasieratik, eta etxeko ateak guztiz zabaltzen dizkizute. Hemen nagoenetik etxe gehiago bisitatu ditut nire herrian bertan baino. Gainera, euren herriaren historiari buruz asko dakite, eta galdetuz gero pozik erantzuten dizute. Asko gustatzen zait alderdi hori; asko ikas genezake haiengandik.

Bidaiatzeko aukerarik izan duzu?

Aste batzuk eman ditut Habanan eta Santiagon, beste proiektu batzuk ezagutzen. Baracoan eta Trinidaden ere egon naiz. Baracoa izan da gehien gustatu zaidana. Hegoaldean mendi gehiago dago, eta ingurune naturalak oso politak dira. Kuban asko dago hondartzez gain.

Eta salsarekin animatu al zara?

Santiagon egon nintzenean klase batzuk hartu nituen, eta oso gustura, egia esan. Camagueyra bueltatzean, apuntatzekotan egon nintzen, baina orduan hasi ziren pandemiarengatik neurriak hartzen, eta ezin izan nuen. Hala ere, mundu guztiak animatzen zaitu dantzara, edozein momentutan prest daude dantzatzeko. Guztia pasatzean, dudarik gabe, berriz apuntatuko naiz.

Proiektua nola dago une honetan?

Proiektuaren metodologia zehazten gabiltza, aldez aurretiko lan guztia ondo lotzen, jendearekin lanean hasten garenerako. Gogoz nago hau bukatzeko eta proiektuan egitekoak dauzkagunak egiteko. Hala ere, positibo hartzen dut egoera hau, lanean hasi aurretik nire ingurune berri honetara hobeto egokitzeko baliatzen ari bainaiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.