Egiaz eta begiaz

Kubako iraultza 'Anaitasuna'-n (eta Javier Arzuaga)

1959ko Urteberri eguna. Kuba. Batista diktadoreak ihes eginik, Sierra Maestrako gerrilariak nagusi dira uhartean. Iraultzaren lekuko ez geldi, ez mutu, dira frantziskotarrak: Ignacio Biain, Mariano Errasti, Luis Zabala... Habanako 'La Quincena' aldizkarian, eta Imanol Berriatua, Jon Kepa Guarrotxena eta Antonio Zubizarreta, Bilboko 'Anaitasuna'-n.

Kubako iraultzaren berriak eta oihartzunak garaiko Anaitasuna aldizkarian. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Antonio Zubizarreta frantziskotarra Bilboko Iralabarriko anaidiaren etxean zen. Hantxe idatzia da 1960ko abenduko Anaitasuna hilabetekoan argitaratua, «Kubako barriak». Egungo euskarara ekarria da pasartea.

«Aita Xabier Arzuaga Arantzazuko fraide gazte bat da. Gaztea—hogeta hamabi urte—, baina asko ikasia eta asko ikusia. Meza eman ondoren Kubara joan eta bertan igaro ditu azkeneko zortzi urte hauek. Harritzekoa ere bada fraide gazte honek egin duen guztia. Kubako Ekintza Katolikoaren kontsiliario nazionala da, eta apezpiku, kardenal eta artzapezpikuen lagun handia. Fidel Castro, Che Guevara eta iraultza edo dena delako horren zuzendari guztiekin ibilia.

»Orain dela pare bat hilabete etorri zitzaigun berriro gure Euskal Herrira, eta hor dabilkigu atzera-aurrerako lan bizian. Izan ere —deritzonez—, ez da Aita Xabier geldi egoteko jaioa. Egun batzuetan Bilbon eduki dugu. Kazetariek laster sumatu zuten, eta, hementxe, Iralabarriko komentu honetan zeresan luzeak eduki dituzte. Etorri, Kontzesioko bederatziurrena ematera etorri zen, baina horrez gainera hitzaldi batzuk ere eman zizkigun Kubaz eta bertako Elizaz. Jendea ugari izan genuen, Bilbo guztitik; zinetokian ateak, atariak eta eszenatokiak, denak zeuden plen-plen. Gauza ederrak eta ondo pentsatuak bota zituen. Hara hemen berba bitan gauzatxo batzuk, bertatik aterata.

»La Cabaña kartzelako kapilau Aita Xabier berau izan zen. Hirurehun pertsonarentzako tokia ei zegoen kartzelan, baina Castrok zelan edo halan mila eta hirurehun preso pilatu ei zituen. Batistaren erregimeneko burutxoak, euretatik asko. Burutxoak ez eze, buru handiak ere bai batzuk: Sosa Blanco eta abar. Euretatik asko fusilatuak izan behar zuten, eta Aita Arzuagaren lana, gehienbat behintzat, haiek ondo prestatzea izaten zen. Han ikusitakoa ikusi eta gero, Jaungoikoaren duda gutxi ei dauka berak: 'Nik ez dakit santuak zelan hiltzen diren —dio Aita Xabierrek—, baina askoz hobeto ez. Jaungoikoaren usaina hartzen zen kartzelan, bere berotasuna, bere arnasa. Kolpe egin zekiokeen'. Batez ere, Sosa Blanco hori ikustekoa ei zen. Bera zen kartzelako atunik loditxoena, eta baten batek egiten bazuen txistik errezo denboran, derrot esaten ei zuen: 'Isilik, mesedez, Jaungoikoarekin berbetan gaude-eta'. Santu bat legez hil zen, eta halaxe beste asko, [Sosa Blanco] beragatik.

Hangoak ikusita, Aita Arzuagak medikuekin ibili behar izan zuen.

Castro eta Che Guevararekin

»Berba gutxi egin ei zuen Aita Xabierrek Castro bizartsuarekin, ihes egiten ei zion-eta. Fraidearen beldurra-edo Castrok. Dena dela, behin baten Karitateko Ama Habanara zetorrela-eta, han ei zegoen Castro ere. Hurreratu ei zitzaion Aita Arzuaga eta berbetan hasi ei ziren. Castrok derrot esan ei zion: 'Zer deritzozu, Karitateko Ama hau ere ez ote dugu iraultzaileren bat, gero?'. 'Baliteke—erantzun zion Aita Xabierrek—, baliteke. Karitateko Ama denez, iraultzan karitaterik baldin badago... baliteke'. 'Karitatea... karitatea... beti karitatea! Eta justizia noizko?'. Hauxe esan eta ihes egin zion Castrok. Eta ez da harritzekoa ere. Bere buru beroan han zebiltzan jira-biraka berak hil zituen guztiak eta.

»Aita Xabierreak Che Guevara lagun handia izan ei zuen. Ondo konpontzen ziren. Jakina da Guevara hau komunista dela. Lagunak eurak ere harrituta ei zeuden bien arteko konfiantzaz. Behin, Aita Arzuagak esan ei zion Che Guevarari: 'Pena dut zu bezalako lotsagabe bat hain azkarra izatea'. 'Bada, ez estutu, lotsagabeok lotsagabeekin ondo konpontzen gara-eta'.

»Sarritan itaundu ei zion Aita Xabierrek komunista zenentz. Guevarak beti ezezkoa. 'Baina gizona, derrigor izan behar zuk komunista! Esaten duzuna eta pentsatzen duzuna egia bada, behintzat'. 'Bada,... ni ez naiz komunista'. Denok dakigu orain, Guevarak orduan gezurra esan zuela.

»Eta zelan aurkitzen den Kubako Eliza? Aita Xabierrek dioenez, geroago eta okerrago. Castrok komunismorantz egin du, eta jakina da komunismoaren areriorik handiena Eliza dela. Galarazi ditu, kontu egizu, aldizkari, irrati eta telebista katoliko guztiak. Elizgizonak eurak ere behin baino gehiagotan hartu ditu barregarri, eta hasi da ia Elizaz amorruz berba egiten.

Gainera, lege berriren bat atontzen ei dabil oraintxe, hezkuntza Elizari kendu eta Estatuaren eskuetan ipintzeko, kontu egizu. Aita Arzuagak dioenez, hauxe izango ei da txokea ekarriko duen koska. Elizak hau ez du irentsiko, eta zer edo zerk derrigor etorri behar du.

»Horrela amaitu zuen Aita Arzuagak hitzaldia: 'Nire ustez, hauxe pasatuko da Kuban: komunismoa edo gerra. Ez dut ikusten beste irteerarik. Horregatik, gauza bat eskatzen dizuet denoi: ohera joan baino lehen, errezatu dezazuela Agur Maria bana Kubaren alde. Hiru arrazoi hauengatik kondenatzen dut nik komunismoa: komunismoa Jaungoikogabea delako, eta nik Jaungoikoagan sinesten dudalako. Komunismoa diktadura delako, eta ni demokrata naizelako. Komunismoa materialista delako, eta ni espiritualista naizelako.»

Arzuagaren balizko baimena

Antonio Zubizarreta da oraindik, handik hiru hilabetera, Anaitasuna bereko 77. zenbakian, 1961eko martxoan. «Kubako goraberak» dugu artikulua...

«Raul Castrok berak esan zuen: 'Abade eta fraide guztiak sotanadun kriminal batzuk besterik ez dira'. Geratu gabe dabiltza Castro anaia biak, bata baino bestea beroago eta zitalago, bai irratiz, bai egunkariz, eta bai telebistan eta berbaldietan, elizgizonak inperialista ziztrin eta diruzale batzuk besterik ez direla deiadarka.

»Aspalditxotik dihardu Kubako gobernuak bertako apezpiku eta kardenalaren aurka. Ikusten zen zetorrena. Komunisten metodoak dira Made in U.R.S.S. Arteaga kardenala eta apezpiku inportanteenak dira, batez ere, euren kalumnia guztien pagatzaileak.

»Bero dabiltza Kuba aldean. Zer pasatuko den? Ez dezagun uste izan behintzat dena doala txarto Kuban ere. Badago hamaika elementu on eta fin bertako gazteriaren artean ere. Esan nizuen zelan esan zuen Aita Xabier Arzuagak esperantza guztiak ipini genitzakeela, eta beldurrik gabe, Kubako gazteria honetan. Eta orain aparte esan gura dizuet beste gauza hau: Aita Arzuaga Kubara joan dela berriro. Zertara? Jaungoikoak hala nahi badu, besterik ez bada, bere odola ematera.

»Bost eguneko baimena eman dio Castro bizartsuak. Oraindik akordatu egiten da, antza, Aita Xabierrez, eta batez ere bere balioaz. Behintzat, utzi dio harantz joaten, denbora gutxirako bada ere. Ezin egin izango du gauza handirik bost egunean, baina bai bertako gazteekin elkar-ikuste bat eduki, aurrerantzean zelan jokatu behar duten esateko beste. Badakizue zelan Aita Xabier Arzuaga Kubako kontsiliario nazionala den. Txalogarriak Aita Arzuagaren balorea eta ausardia. Jaunak ondo zuzendu dezala.

»Denen ustez, Kubaren salbazioa bertako gazterian dago. Elizgizonak denak dira espainiarrak, eta han espainiarra eta kontrairaultzailea, lapurra, traidorea eta falangista, dena da berdin gaur egunean. Horregatik, bertakoekin egin behar da egitekoa. Eta itxaropena eduki behar dugu gazte horietan. Ez daude lo, ez. La Quincena aldizkaria, aldizkari katoliko bakarra gaur Kuban, hiru mila aletik hogeita hamar milara pasatu da. Fidel Castrok berak ere behin baino gehiagotan ikusi ditu gazteria honen indarra eta balioa. Horregatik esan die bere alde jartzeko hainbat bider. Baina gazteek badakite zer egiten duten ondo. Euretatik askok euren odolaz pagatu beharko dute euren leialtasuna. Eta hau ondo dakite eurek. Baina diotenez: 'Kristorekin edonora'.

»Poztekoa da honelako gazteria ikustea. Baina badaukagu guk ere obligazio bat. Eta obligazio hau Aita Arzuagak ondo agertu zigun: otoitz egiteko obligazioa. Otoitza indarra da.

»Egin daigun bada otoitz Kubako gazteen alde.»

Horraino Antonio Zubizarretaren frantziskotarraren hitzak.

Eta, oharkizuna, Javier Arzuagari zuzen dagokiona: 1952ko urriaren amaiera orduko, Habanan zen Arzuaga. 23 urte zituen.Lehen lau urteak frantziskotarren Santiago de las Vegaseko seminarioan egin zituen, irakasle. 1956an Casablancako parrokiara destinatu zuten, Habanako badiaz bestaldeko auzoan. Hain zuzen, Casablanca barruan zen La Cabañako kanpamendu militarra. Hantxe zen Javier Arzuaga 1959ko otsailean, fusilamenduak hasi zirenean, lehen fusilatu Sosa Blanco exekutatu zutenean. Sei hilabete egin zituen fusilatuei hormara laguntzen, eta urte bat gehiago Kubako Ekintza Katolikoko Mutil Gazteen sailaren arduradun, kontsiliario. Horretan zela, Oñatiko etxekoen deia jaso zuen, jakinaraziz aita hilzorian zuela. Eta familiaren altzora etorri zen 1960ko ekainean.

Kubatik irten aurretik, hala ere, atzera La Cabañara itzultzeko baimena izango zuela agindu zioten. Hurrena, jadanik Euskal Herrian zela, Kubara sartzea galarazia zuela adierazi zioten.

Javier Arzuagak bizian ez zuen berriz Kubako lurra zapaldu…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.